GAUR
ETA ORAIN, ZER?

Siriako ipar-ekialdean Estatu Islamikoaren aurkako guda amaituta, atzerriko indarren jokaerak zalantza pizten du

Orain artean AEBek eta Mendebaldeko potentziek nagusiki kurduek osatutako SDF miliziak babestu dituzte Estatu Islamikoaren kontrako gudan. Baina Estatu Islamikoa ia garaituta dago eta kurduak beldur dira babesik gabe aurre egin beharko ote dieten Turkia eta Siriako gobernuen asmoei. Jihadismoaren eragina, gainera, ez da desagertu.

Estatu Islamikoa Estaturik gabe geratzeko zorian dago. Azken ofentsiba martxan dago dagoeneko, eta, SDF Siriako Indar Demokratikoak aliantzako buruek ez badute egun zehatzik eman nahi ere, aste gutxi barru bukatuko dela uste dute. Aliantzaren ahalegina jihadisten azken bi gotorlekuak bereganatzea da; bertan 10.000 jihadista inguru daude, helmen motz eta ertaineko arma arin ugariekin.

Jihadisten gotorlekuetako bat Siriako Deir Ezzor probintziako hego-ekialdean dago. Bestea izen bereko hiriaren ekialdean, Irakeko mugan. «Denbora hartu nahi dugu lurralde osoa ondo garbitu dugula ziurtatzeko, zelula ezkuturik ez geratzeko», adierazi du Kino Gabriel SDFko buruzagi militarrak.

SDF, aliantza multietnikoa

Kurduak, arabiarrak, asiriarrak, armeniarrak, turkomanoak... biltzen ditu SDF aliantza multietnikoak. 2015etik elkarrekin borrokatzen dute guztien Estatu Islamikoaren aurka. Hala ere, “The Economist” aldizkariaren arabera, miliziako kideen %60 inguru kurduak dira. Astekari horrek dioenez, YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduaren filiala da SDF. Horrela dela onartzen bada, Estatu Islamikoaren aurkako ofentsibak kurduen esku utzi du Siria osoaren %30 inguru, 2011n kurduen esku zen lurraldearen bikoitza.

SDFk Siria laiko, demokratiko eta federalaren alde borrokatzen du. Horrek Mendebaldeko potentziek milizia maila guztietan laguntzea erraztu du. Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia, baina batez ere AEBak, militarki eta logistikoki konprometitu dira SDFrekin.

«Nazioarteko koalizioko kideak terrorismoaren aurka borrokatzeko hitzarmen bati esker etorri ziren herriotara. Eta denek dakite hori», azaldu du Mustafa Bali YPGko eledunak.

Lekuan bertan oso erraz antzematen da zeintzuk diren estatubatuarren base militarrak, Iraken edo Afganistanen erabilitako kanpo egitura eta segurtasun sistema berberak dituztelako. Horietako batzuek hegazkin handientzako lurrezko pistak ere badituzte. Egunkari honek aireontzi estatubatuar baten lurreratzea ikusi ahal izan zuen Kobanetik hurbil den base batean.

Zer egingo dute AEBek?

Datozen hilabeteei begira, honakoa da galdera nagusia Sirian: zer gertatuko da Estatu Islamikoaren aurkako gerraren ondoren? Izan ere, behin Estatu Islamikoa mendean hartuta, AEBek Siriatik alde egingo dutela da kurduen artean beldur handienetariko bat.

«Nire ustez, nazioarteko koalizioak inguru honetan jarraitzeko behar morala du. Sakrifizio handia egin da eta orain ezin dute hutsune hori utzi, erregimena eta bere aliatuak kontrola hartzen saiatuko baitira», adierazi du Gabrielek. «Gutxienez, denok duintasunez bizi ahal izateko moduko Siriarako irtenbide politiko bat lortu arte geratu beharko lirateke», gaineratu du.

Momentuz, kurduek eta erregimenak 2011ko erreboltatik elkarri ez erasotzeko indarrean izan duten hitzarmena errespetatzeko asmoa omen dute. «Gerraren hasieran ez genuen alderik hartu, ez erregimenaren ez oposizioaren alde. Horregatik, orain eman beharreko hurrengo urratsa irtenbide politiko bat bilatzea dela uste dugu, Siriako alde guztiak kontuan izango dituen irtenbidea», nabarmendu du Balik.

«Ez dugu nahi Damaskoren aurkako gatazka zuzenik. Benetan zer nahi duten jakin zain gaude», azaldu du Kino Gabrielek. Bera ere irtenbide politikoaren alde dago. «Ez dut uste erraza izango denik akordioa lortzea, baina ezta ezinezkoa ere. Erregimenaren esku dago aurretik siriarren interesak jartzea edo Sirian haien boterea handitu baino nahi ez duten aliatuenak».

SDF, Al-Assaden arazoa

Kontuak kontu, Baxar Al-Assad presidenteak berak SDF Sirian geratzen den azkenengo arazoa dela adierazi zuen RT telebista errusiarrean egindako azken elkarrizketan. «Bi modutan arituko gara haiekin. Negoziazioari atea irekiko diogu lehenik, eta, porrot egiten badu, lurraldeak indarrez askatzeko kanpainari ekingo diogu», nabarmendu zuen.

Al-Assadek agerian utzi nahi izan zuen berarentzat arazoa SDFk atzetik AEBak izatea dela. «SDF siriarrek osatzen dute, eta ez dute AEBen txotxongilo izan nahi. Gauza bat esan eta gero beste bat egiten dute estatubatuarrek. Horregatik alde egin behar dute. Nolanahi ere, joan egingo dira», gaineratu zuen Al-Assadek.

Mendebaldeko potentziek atzera egiten badute, Turkiarekiko oreka apurtuko den beldur ere badira kurduak. Eta Ankarak helburu handiagoak izan ditzake, Afrinetik haratago. Oso ondo gogoratzen dute joan den urtarrilaren 20an gertatutakoa. Erdoganek, talde matxinoekin batera, gehiengoa kurdua zuen hiri hori kendu zien YPGko kideei. Eta ez Al-Assadek ezta nazioarteko aliatuek ere (Errusia eta Iran) ez zuten ezertxo egin.

«Huts egin digute AEBek eta mundu osoak, turkiarrek Afrin eraso zutenean ez zutelako gelditzeko ezer egin. Kobanen borrokatutako jende bera aritu zen borrokan Afrinen, baina denek itsuarena egin zuten», gaitzetsi du Mustafa Balik.

Raqqak emakume aurpegia du

Balik beste ohar bat ere egin nahi izan du. «Estatu Islamikoaren aurka borrokatzea ez da bakarrik arazo militarra. Bere pentsaera ere borrokatu behar da». Eta arrazoi osoa du. Izan ere, borroka militarra bukatzear dago, baina, aldiz, Estatu Islamikoaren ideologiaren aurkako borroka hasi baina ez da egin.

Estatu Islamikoaren aurkako borroka ezin da ulertu Raqqa gabe. Lau urtez kalifa herriaren hiriburua izan zen, joan den urriaren 17ra arte. Egun, berriz, emakume bat da bertako burua. Hain zuzen ere, Leila Mistefa industria-ingeniaria da hiria kudeatzen duen Kontseilu Zibileko burua. Ez du bere burua beloarekin estaltzen eta alkandora eta prakak janzten ditu. 29 urte eskasekin, hiriko hiru komunitateak integratzeko erronka zaila du aurrean: kurduak, asiriarrak eta gehiengo diren arabiarrak. «Etnien arteko konfiantza berreskuratu behar dugu. Beharrezkoa da bestea ulertu eta onartzen ikasteko heziketa plan bat».

Barkamena

Adiskidetzea suspertzeko lelo bat ere sortu dute Raqqan: “Barkatu barkatzeko gai zarela sentitzen duzunean”. «Hitz horiek erabiltzen ditugu denok aldi berean ezin dutela barkatu ondo dakigulako. Jende asko hil da», azaldu du Mistefak. Hiria berreraiki eta minari aurre egiteaz gain, pentsaera islamista erradikala desagerraraztea ere funtsezkoa dela ondo daki. «Kalean ere ikus dezakegu oraindik, baina desagerraraziko dugulakoan gaude, ez zelako berez Raqqakoa. Inposatutakoa zen».

Raqqako kaleetan erraz ikus daiteke kalifa herriaren garaian hedatutako islamaren bertsio desitxuratua sakon sartu dela biztanle askoren bizitzetan. Izan ere, jihadisten aldekoek zein kontrakoek muturreko ohitura kontserbadoreak berenganatu dituzte. Oso zaila da kalean emakume bat nikab gabe ikustea eta gizonek emakumeak begiratzea saihesten dute. Gainera, Estatu Islamikoaren presentzia oso aktiboa da oraindik ere. Zelula klandestino asko geratzen dira eta astean bizpahiru eraso egiten dituzte. Poliziaren eta Armadaren kontrolen aurka tiro egin ohi dute. Egunkari honen bisitan zehar, hiriko haur-parke batetik hurbil gertatu zena bezalako tiroketa.

«Atzerritarrak ziren Estatu Islamikoa sortu zuten gehienak. Raqqako siriarrek ia ez zuten zerikusirik izan», azaldu du Mistefak, Eufrates ibaiaren aurrean dagoen erakin batean kokatutako bere bulegoan. Badaki zertaz ari den, Raqqan bertan jaio zen-eta bera. Kontatzen duenez, jihadistak iritsi zirenean, kontrabandista talde bati ordaindu behar izan zion ihes egiteko. Populazioaren gehiengoa kurdua den lurraldean bilatu zuen babesa, bera ere kurdua baita.

Mistefak segurtasun neurri gogorrak jarraitu behar ditu. Ez du Raqqan lo egiten: egunero joaten da gehiengo kurduko guneetara, bertan errazagoa baitu babesa aurkitzea. Egoera zaila da, baina berak esaten du lanaren zatia dela.

Hiria kudeatzen duen Kontseilu Zibileko aurreko burua, Omar Aloush, hil egin zuten. Mahai gainean du Mistefak bere mentorea zenaren argazkia. Gatazkaren azken momentuetan Estatu Islamikoko dozenaka borrokalari Raqqatik irteteko operazioa koordinatu zuen gizona, Tal Abiaden, Turkiako mugatik hurbil, zuen etxean hil zuten. Ordutik, Mistefak ordezkatu du. «Aloush bezalako pertsona batek Turkiaren planak oztopatzen zituen», dio hunkituta. Oraindik ez du dolu jantzia kendu.

Nazioarteko laguntza

Aloushen sakrifizioari nolabaiteko zentzua emateko, nazioarteko erantzukizunari dei egiten dio Mistefak. «Borroka honetan Raqqak bere burua eskaini du, milaka zibil eta Siriako Indar Demokratikoko militar ugari hil dira hiria askatzeko. Orain nazioartearen laguntza behar dugu». Horren erakusle da Leila Mistefaren bulegoko itxaron gelan dagoen ilara handia: berarekin elkartzeko zain dauden gehienak hiria berreraikitzen laguntzen ari diren gobernuz kanpoko erakundeetako kideak dira.

Mistefaren idazkari Om Yosufek askatuta sentitzen dela onartu du. «Estatu Islamikoa hemen zegoen bitartean, ez ginen etxetik atera ere egiten. Ondo jantzita ez zindoazela esan eta haien dendetan jantziak erostera behartzen zintuzten; beti jantzi beltz oso zabalak ziren, neurrigabeko prezioetan saltzen zituztenak». Zazpi hilabete ondoren, jantzi beltza gordeta, makillajea, koloretako zapia eta gona estua daramatza Yosufek.

Agurtu aurretik, kalifa herriaren garaian emakumeek zituzten txantxetako bat bota digu Yosufek, toki guztietan bezala, Raqqan bertan ere umoreak lekua baitzuen unerik zailenetan ere: «Estralurtar batek espaziotik behatu izan bagintu, emakume guztiak asfaltoaren gaineko euli pila bat ginela pentsatuko luke!».