Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
jerardo elortza egaña
hizkuntzalaria eta historialaria

«60ko hamarkada erein aroa izan zen; gerora etorritako gauza asko orduan botatako hazitik sortu ziren»

Oñatiko eta Euskal Herriko historiaren artxibo bizia da. Hainbeste ezagutzen eta maite duen herriak omenaldia egin dio.

Euskaltzale eta historiazale sutsua da. Jaioterria duen Oñatiren historia memorian ondo jasoa du, zorroztasun eta zehaztasun harrigarriz. Jakintza umila da berea. Horregatik, aztoratu samar ibili da Oñatin ekain hasieran egin zioten omenaldiarekin. «Egun bakarrekoa zela uste nuen eta urduri jarri nintzen. Pentsa astebeteko omenaldia zela jakin nuenean!». Poza eman dio, hala ere, hainbeste maite duen herriaren maitasuna bueltan jaso izanak.

Oñatiko Kalezaharrean jaio zen, gurasoak baserritarrak zituen arren. Aleman Filologia ikasi zuen Deustuko eta Munster-eko (Alemania) unibertsitateetan. Bergarako Aranzadi ikastolan hiru urtez irakasle aritu eta gero UNEDeko Euskal Kultur departamentuan beste 20 bat urtez jardun du. Lakuako Kultura Sailean ere lan egin zuen urtebetez. Ondoren, Oñatiko Mondragon Unibertsitatean irakasle izan da erretiroa hartu arte.

Lan ibilbidearen parean, beste mila saltsatan aritu da. Bere hitzetan, «euskararen literaturaren historia izan da nire gai kutunena. Baina, etnografia, soziolinguistika... beste mila gauza ere landu ditut. Beharbada, gehiegi, baina gure belaunaldiari arlo askotan sartzea egokitu zitzaigun. Hala ere, idatzi dudan %90etik gora euskaraz idatzi dut».

Oñatiko artxibo bizi-bizia zara, eta baita Euskal Herrikoa ere. Nondik datorkizu inguratzen zaituen munduarekiko jakin-min hori?

Ni kalean jaioa naiz, nahiz eta gurasoak baserrian jaioak izan. Ama Euskal Herritik kanpo ibili zen lanean; Zaragozan, Madrilen... Aita, baserritarra zen arren, industria munduan ibili zen. Irakurtzeko zaletasuna txikitatik izan dut. Aita ere zalea zen, gure etxean egunkaria egunero hartzen zen. Soldaduska garaian gaixotu egin zen gure aita, pleuresia harrapatu zuen –nahiko gaixotasun larria zen garai hartan– eta urtebete eman zuen senide batzuen etxean, Elosuan –Bergara eta Azkoitia artean–, hango haizeak senda zezan. Han asko irakurri zuen; bertso mordoa ikasi zuen, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta gustatzen zitzaion hori guri transmititzea. Etxetik jaso nuen nik zaletasun hori. Garai hartan, baina, liburu askorik ez zegoen.

Iñaki Zumaldek 1957. urtean Oñatiko historiari buruzko liburu bat atera zuen. Nik erosi nuen lehenengotariko liburua hura izan zen, 13-14 urte nituela. Erosi eta irakurri egin nuen. Oñatirekin dudan lotura aspaldikoa da, beraz. Eta historiaren zaletasuna ere oso gaztetatik hasi nintzen lantzen.

Euskara izan da zure bizitzako ardatzetako bat.

Hamahiru urte nituela seminariora joan nintzen Saturraranera. Ez dakit kasualitatez edo, baina euskal munduan sartu nintzen. Ez han bereziki euskaltzaletasuna zegoelako, baina bai Oñatin baino gehiago. Gogoratzen naiz kantu bakarra ikasi genuela euskaraz, Antzuolakoa zen irakasle batek erakutsia.

Gure ume garai hartan mutikook oraindik euskaraz egiten genuen kalean. Neskak, nahiz eta euskaraz jakin, gaztelaniaz egiten hasi ziren. Guk hori ikusten genuen arrebarekin. Baina mutilen artean ere laster etorri zen aldaketa. Gure hurrengo belaunaldia gu baino erdaldunagoa izan zen. Orain 50-60 dituztenek, gaztelaniaz egiten zuten. Gure belaunaldiak gehiago eutsi zion euskarari. Ezagutu genuen zigor garaia euskaraz egiteagatik, baina ez hain gogorra.

Etxean, berriz, arreba hasi zen gurekin gaztelaniaz egiten; gurasoei euskaraz egiten zien eta, anaiei, gaztelaniaz. Joera hark, baina, ez zuen asko iraun, laster bueltatu ginen euskaraz egitera.

Giro hartan iritsi nintzen Saturraranera. Esaten da seminarioak eta komentuak euskararen babeslekuak izan zirela. Tira, agian bai, baina ez haietan ezer berezirik egiten zelako, handik kanpokoa basamortu hutsa zelako baizik. Basamortua zen eta, gainera, batzuetan kontrako giroa ere bazegoen. Seminarioetan ere baziren kontrakoak.

Saturraranen urtebete eman nuen eta, gero, Donostiako seminariora joan nintzen. Seminarioan zortzi urte egon nintzen; bederatzi kurtso zortzi urtean egin nituen. Eta bi kurtsotan bakarrik ikasi genuen euskara; bosgarren mailan eta zortzigarrenean. Bosgarren mailakoa xelebrea izan zen, klasea gaztelaniaz izaten zelako eta irakaslea erabat euskararen kontrakoa zelako, nahiz eta euskaraz primeran jakin.

Zortzigarren mailan, aldiz, zortea izan genuen, Juan Mari Lekuonarekin ikasi genuelako. Ordurako sartua nengoen euskararen munduan eta harreman ona izan nuen Lekuonarekin.

Han beste irakasle bat zegoen, Anton Garro. Matematikako irakaslea zen, euskaldun berria eta ez zuen erraztasun handirik. Baina liburutegi oso-oso interesgarria zeukan bere gelan; Kuliska sorta osorik, hasi berria zen Auspoa bildumako liburuak... Seminarioko liburutegi nagusian ez zeuden liburuak zituen berak. Bere kasa egindako bilduma zen eta utzi egiten zizkigun liburu horiek.

Horrelako militante banaka batzuk egokitu zitzaizkigun inguruan. Baina seminarioan bertan giroa ez zen bereziki euskaltzalea. Nik seminarioan ezagutu nituen gerora euskal literaturan oso sonatuak izan diren izenak.

Oñatiko euskalkiak zailtasunen bat ere bazekarren.

Gu ez ginen ez bizkaitar, ez gipuzkoar. Ez zegoen euskara baturik, jakina, eta euskalkiarekin nahiko lan genuen.

Gogoratzen naiz Intxaustik ‘Euskal aditza’ izeneko liburua atera zuela. Bi zati zituen, taula pila batekin, gipuzkera eta bizkaiera. Anton Garro irakasleak modu boluntarioan erakusten zizkigun eta nik uste guk biak ikasi genituela. Era gogor samarrean ikasi genuen guk euskara orduan. Orain esaten dute euskara ikastea gogorra dela... Guk euskaraz jakin bagenekien, baina alfabetatu beharra genuen.

1965. urtean atera zinen seminariotik.

Bai. Garai hartan heziketa sakon samarra izateko dirua eduki beharra zegoen. Herri txikietako jende askok ez zuen modurik izaten ikasten jarraitzeko. Nik garai hartako selektibitatea zena egin nuen, PREU izeneko proba. Garai hartan oso jende gutxi zegoen euskaraz alfabetatuta. Seminarioan Rikardo Arregi ezagutu nuen eta banuen harremana berarekin. Hark eman zidan aukera, diru apur bat irabazteko, goizetik klase batzuk emateko Santo Tomas Lizeoan. Orain ospetsuak diren asko mutikotan eta neskatilatan ezagutu nituen nik bertan.

Gero, Rikardoren beraren bitartez enteratu nintzen bazela beka bat. Etxean ez nuen karga bat izan nahi. Garaian ohikoena izango zen lantegi edo bulego batean sartu eta lanean hastea. Baina ikasten segitzeko gogoa azaldu nuen eta nola edo hala nahiko suerte izan nuen beka hori sortu zelako. Bilboko mediku batek eta bere emazteak eskainitako Deustuko Unibertsitateko beka bat zen eta baldintza jakinak bete behar ziren: letrak ikasi nahi zituen eta euskaraz alfabetatuta zegoen mutil batentzat zen. Eta ni parean egokitu. Beka horri esker ikasi nituen letrak Deustuko Unibertsitatean. Pentsa, EUTGn Patxi Altuna izan nuen irakasle. Eta, gero, Aleman Filologia ikasi nuen Deustun. Artean ez zegoen Historia ikasteko aukera, beranduxeago etorri zen. Historia egongo balitz, beharbada horixe ikasiko nuen, ordurako zaletasun handia neukan-eta.

Aleman Filologia, orduan.

Aleman pixka bat banekien eta Humboldt-en kontuak irakurrita nituen ordurako. Humboldt Alemaniako filologo garrantzitsua zen eta bi aldiz etorri zen Euskal Herrira 1800. urtearen inguruan, eta asko ikertu eta idatzi zuen euskarari buruz.

Jende asko Aleman Filologia ikastera joaten zen ikastetxe alemaniarretik edo familia alemaniarra zutelako. Haiek askoz oinarri hobea zuten. Niri gehixeago kostatu zitzaidan eta, gainera, beste hiruzpalau saltsatan sartuta nengoenez... Baina han ere, ikasteaz aparte, bizi egin behar zen etxetik kanpo eta Bilbon bertan euskarazko klaseak ematen nituen. Deustuko Unibertsitatean ere bazen hizkuntza eskola bat eta orduantxe sartu zuten euskara. Han ere aritu nintzen irakasle. Goizetik neure klaseak hartzen nituen eta iluntzeetan nik ematen nituen euskarako klaseak, Patxi Altunaren metodoarekin.

Zer beste saltsatan ibiltzen zinen, bada?

Bilbon Kriselu antzerki taldean sartu nintzen, Arestirekin-eta. Era berean, Oñatin bazegoen gazte talde bat, Oñatz izenekoa, eta hor ere beste antzerki talde bat zegoen. Hor ere sartu ginen. Beharbada gauza gehiegitan sartzen ginen, baina orduko giroa hura zen, denetik egiteko garaia zen. Horrelakoxea izan zen 60ko hamarkada, erein aroa. Agian ez ziren gauza gehiegi lortu orduan bertan, baina gerora etorritako gauza asko orduan botatako hazitik sortuak ziren; kantagintzan, alfabetatze-euskalduntze mugimenduan, ikastolen bultzadan...

Hori izan zen egokitu zitzaigun garaia. Oso gogoan dut Rikardo Arregi; langilea zen eta, gainera, jendea lanean jartzeko gaitasuna zuen. Oso eragile ona zen. Ez dakit astia nondik ateratzen zuen, baina denetarik egiten zuen eta, gainera, ingurukoak bultzatzen gintuen.

25-26 urte zenituela Alemaniara joan zinen.

Espezialitatea egin ahal izateko, aleman maila itxuroso bat behar zen. Gainera, ikasketen amaieran tesina bat egin beharra zegoen, alemanez, eta ahozko proba bat ere gainditu beharra zegoen. Hori dela-eta, 1968ko eta 1969ko udetan Alemaniara joan nintzen; lehenengo urtean beka batekin eta, bigarrenean, bertako ospitale batera lanera eta mintza praktika egitera. Gero soldaduska egitea tokatu zitzaidan, marinara, urte eta erdi. Handik bueltatu nintzen 1972an, ikasgai batzuk zintzilik nituela eta tesina egiteko. Hori egin ahal izateko, nire bikoteak eta biok elkarrekin Alemaniara joatea erabaki genuen. Horretarako lehendabizi ezkondu egin ginen –ezkondu gabe ezin zen halakorik egin garai hartan– eta Alemaniara joan ginen biok. Han zegoen Joxe Azurmendi eta haren babespean zeuden beste ikasle batzuk. Laguntasun handia eman zidan Azurmendik eta ondo moldatu ginen. Urte eta erdi inguru egon ginen bertan eta Euskal Herrira bueltatu ginen.

Eta irakasle lanetan hasi zinen.

Bai, hiru urte egin nituen Bergarako ikastolan eta gero UNEDen, Bergaran bertan, beste hogei bat urte. Batez ere euskarazko departamentuan aritu ginen, EGA eta bestelako probak bultzatzen eta zuzentzen. Euskaltzaindiarekin akordioa lortu genuen ikasketak eta azterketak bertan egin eta Euskaltzaindiaren titulua bertan banatu ahal izateko, haien kontrolpean noski.

Ordura arte ikastaro trinkoak eskaintzen ziren. Gure berritasuna izan zen urte osoko ikastaroak eskaintzen genituela, larunbatetan. Jende mordoa etortzen zen; Gasteiztik, Bilbotik, Gipuzkoako toki desberdinetatik, baita Nafarroatik ere. Bergara nahiko erdigune zen orduan. Jende mordoa ezagutu nuen. Pentsa, lehen kurtsoa 1977-78 inguruan izan zen eta, azkena, 1994. urtean. Milaka pertsona pasatu ziren handik. Bestelako euskara ikastaroak ere eskaintzen genituen, gainera, ez EGA ateratzeko bakarrik.

Euskararen inguruan eman duzu bizitza osoa. Nola ikusten duzu gaur?

Guri 60ko hamarkadan esan izan baligute 50 urtera euskara unibertsitatean sartuta egongo zela, eskola gehienetan irakatsiko zela, euskaldunen kopurua hainbestekoa izango zela... ez genuen sinetsiko. Gauza askotan asko aurreratu da, jende askok lan handia egin duelako. Batasunaren kontua ezinbestekoa izan da eta irakaskuntzan, kazetaritzan... urrats oso garrantzitsuak eman dira. Garai bateko militantziak –eta horrek ez du esan nahi jende guztia militantea zenik– bere emaitzak ekarri dituela uste dut. Erakundeetan ere pixkanaka ari da euskara sartzen eta hori pozgarria da. Baina, nolabaiteko lasaialdi bat dagoela iruditzen zait, jendeak euskaraz jakin bai, baina erabili gutxi egiten duelako. Alderdi horretatik Oñati gune pribilegiatua dela uste dut, erabilera datuak altu samarrak direlako.

Urte askoan aritu zara egunkariak biltzen eta jasotzen. Eta oraindik ere segitzen duzu, papera krisian dagoen garaian...

Jakiteak ez omen du tokirik okupatzen. Horixe okupatzen duela! Gure etxeak, ganbarak, inguruko garajeak eta baserriko mandioak ere bete izan ditut paperekin. Une batean erabaki egin behar izan dut: edo egunkariak, aldizkariak eta bestelakoak etxetik atera, edo neu atera etxetik.

Jasotzea gustatzen zait. Horrek denbora eskatzen du eta baita tokia ere. Eskerrak, hala ere, beti laguntzaileak izan ditudan inguruan.

Ez al zaituzte hemeroteka eta liburutegi digitalek tentatzen?

Ez dakit zergatik, baina ni gehiago izan naiz paperekoa. Egia da, hala ere, gaur egun garrantzitsua dela Internet erabiltzea, bestela desfasatuta geratzen zara.

Esaten da sarean dena dagoela. Bai, egia da, baina sarea liburutegi bat bezalakoa da, han ere dena dago, gauza onak eta txarrak. Eta beharrezkoa da galbahea pasatzea. Ni Wikipediarekin-eta beldurtu egin izan naiz. Astakeria handiak ikusita nago hor. Eta sarean dena onartzen da, hipotesi hutsa dena tesi bihurtzen da. Liburuetan eta entziklopedietan ere bazen akats hori. Era berean, egia da sareak aldaketak sartzeko aukera ematen duela eta hori abantaila handia dela. Baina adi ibili beharra dago.

Oñati, herri berezia ertz askotatik begiratuta

Oñatiarrak txantxikuak dira. Zergatik? Bertsio bat baino gehiago dago horren inguruan eta Jerardo Elortzak ondo ezagutzen ditu guztiak. Arinkeria iruditu dezakeenari tiraka hasi eta berehala agertzen dira Oñatiren historian pisua izan duten ezaugarriak. «Oñati ez zen Gipuzkoan sartu 1845. urtera arte. Betidanik izaera bereziko herria izan da; lehenengo jaurerria izan zen, XV. mende erdira arte edo, eta gero, konderria. Beti jauntxo baten mendean», hasi da kontatzen. Txantxikuen inguruko kondaira horietako batek dio oñatiarrek urtean behin Gebarako jauregira joan behar izaten zutela –Araban, Gasteiztik gertu– eta han areto handi bat zegoela, zoruan lauza beltzak eta zuriak zituena. «Jauregian, adarra jotzearren edo, zera esan omen zieten: ‘baserritarrak abarka zikinekin egongo zarete eta ez zapaldu lauza zuriak, beltzak bakarrik zapaldu’. Eta lauzatik lauzara saltoka joan omen ziren». Hortik, salto egiteko era horretatik, txantxikuarena.

Geografia aldetik ere berezia da. «Gipuzkoako bailara gehienak hegoaldetik iparraldera nahiko bailara zuzenak eta estuak dira, ibaiek markatuak. Oñati, berriz, zabala da eta errekak zeharretara datoz. Askogatik Oñati da Gipuzkoako herririk handiena, ia 110 kilometro karraturekin. Baserri giroko hamasei auzo handi ditu. Alderdi horretatik, oso aberatsa da».

Populazio aldetik ere garrantzitsua izan da. «Erdi Aroan Donostia eta Tolosa izango ziren gune jendetsuenak, 4.000-5.000 biztanle ingururekin. Oñatik ere orduan izango zituen 4.000 biztanle inguru. Eta hori asko zen. XVI. mendetik aurrera, 5.000-6.000 izatera iritsi zen. Garai hartan Oñati, Bergara, Donostia eta Tolosa ziren populazio aldetik gunerik garrantzitsuenak. Kontuan izan behar da lehen esan duguna, XX. mendera arte Oñatik laurehun baserritik gora izan dituela. Hemen bertan kale baserriak esaten genituenak asko ziren –bizpahiru abere eta baratze txiki batekin–, berrogeitik gora herrian bertan».

Beste berezitasuna: unibertsitatea

«Unibertsitatea tximiniarik gabeko lantegia zen Oñatin, diru iturri garrantzitsua zelako. 200-300 ikasle inguru izango zituen. Gaur egun ikasle gutxi direla dirudi, baina garai hartan ez ziren hain gutxi. Eta horrek neurri batean baldintzatu du Oñatiren izaera; kanpotik jendea etortzeak. Gehienak Euskal Herri ingurukoak izango ziren; hegoaldeko lau hiriburuetakoak, Errioxakoak, Santanderrekoak... garai batean Ameriketako euskaldun batzuen semeak ere etortzen ziren». Horrek kale giroa desberdina izatea zekarren. Badira herritarren eta ikasleen arteko liskarrak izaten zirela kontatzen duten istorioak. «Ikasleak beti tunante samarrak izaten ziren, borrokak eta jokoa maite zituztenak. Horrelako kontuak agertzen dira XVII-XVIII. mendeetan. Herriko mitologian bada Txamao izeneko pertsonaia; misteriotsua, lekaixoka hasten dena (deiadarka edo irrintzika)... Herritarrak ikasleekin kokoteraino zeudela-eta, Txamaori eskatu zioten ikasle haiek errenditzeko laguntza. Txamaok ezustean eta bat-batean harrapatu eta idaurraz astindu zituen ikasleak. Ikasleak haserretu eta horietako batek erronka bota zion Txamaori, ezpataz borrokatzeko hil arte. Txamaok irabazi zuen eta ikaslea lurrean botata zuela esan omen zion; ‘ni hor banengo dagoeneko hilda egongo nintzatekeen, baina ni ez naiz hona etorri inor hiltzera’. Eta joaten utzi zion».

Industria ere izan da

«Oñatin bertan hiru ola handi egon ziren. Pentsa, XV. menderako Zubillagan dagoeneko bazegoen ola bat. Harrezkero, han etengabe egon da industriagune bat».

Elortzak nabarmendu duenez, Oñatiren espezialitate nagusia iltzegileak izan dira. «Iltzeak eskuz egiten ziren eta baita zartaginak ere. Hemen, kalean bertan, sutegi mordoa zegoen. Maioristek materiala ekarri eta enkarguak egiten zizkieten. Eta iltzegileek beren sutegi txikietan osatzen zituzten enkarguak».

XIX. mendean, lehen ola egondako tokian pospolo fabrika bat jarri zuten: Garay. 1864. urtearen bueltan hasi zen martxan eta 1901-1902 ingurura arte segitu zuen –tartean etenaldiak izan ziren arren–. «Pospolo fabrika Oñatitik Irunera eraman zuten eta herria oso egoera larrian geratu zen. 300 langile inguru zituen pospolo fabrikak, %80tik gora emakumeak eta umeak. Pospoloekin lan egiteko esku trebeagoak zituztelako eta gutxiago ordaintzen zietelako, segur aski».

Aldi berean, Oñatin bertan puntapaixa fabrika bat jarri zuten. «Puntapaixa iltzea zen, baina eskuz egin beharrean, makina batek egiten zuen. Alanbre bat sartu makinan eta bi kolpetan burua eta punta zorrotza ateratzen zituen. Iltzegile batek baino azkarrago lan egiten zuen makinak. Ondorioz, herriko 200 iltzegile langabezian geratu ziren».

Parean gertatu ziren pospolo fabrikaren itxiera, iltzegileen beherakada eta unibertsitatearen itxiera. «Urte gogorrak izan ziren Oñatin. Iltzegile askok bere burua berrasmatu behar izan zuen eta saskigile bihurtu. Saski asko saltzen zen orduan; meatzetarako, ostalaritzarako, bidegintzarako... iltzeak egiten zituztenak saskiak egiten hasi ziren».

Herrian garrantzitsua den beste jarduera bat ere aipatu beharra dago: Aterkigintza. Garayn 1920. urtetik aurrera aterkientzako hagaxkak egiten hasi ziren. «Lantegian ez zituzten aterkiak egiten, hagaxkak bakarrik. Baina, fabrikako lana utzi gabe, langileak etxepetan-eta tailerrak antolatzen hasi ziren eta aterkiak osorik egiten. Garai batean 8-10 tailer inguru egongo ziren. Orain bakarra geratzen da, Ezpeleta». Aterkigintzan ere emakumeak aritu dira nagusiki. «Hori da Oñatiko industriagintzaren beste ezaugarri bat: Emakumeek pisu handia izan dute».