Xabier Mikel Errekondo

Adinaren tamainak ez du inportarik

Adina jendartearen aldagai nagusi bilakatu dugu, pertsonak eta batez ere beren ekintzak sailkatzeraino.

Gaztetatik, xiringarekin ziztatuta nola, odolean daramagu edadearekiko itsumen madarikatua.

Nola liteke larrua jotzen 14-15 urterekin hasi? Hogeitaka urterekin nola ardurak hartzen hasi ere ez baina parrandatik biharamuneko 11:00etan etxeratu?

Berrogei urtetik gora nola ausartu dantzara, seme-alabak berak adieraziko dizunean tokiz eta adinez kanpo zaudela eta erridikulurik ez egiteko.

Berrogeita hamar urtetik aurrera zergatik ez ditugu lagunartean konpartitzen amodioa egitearen eta larrua jotzearen esperientziak, eta are gutxiago goraipatzen hogeita piko urte genituenean bezala?

Zergatik uste dugu 70-80 urterekin larrua jotzearen plazera desagertu egiten dela, sexurako grina bat-batean gabeziak harrapatuta geratuko balitz bezala.

Ardurak hartzen ditugu, baina geure buruari plazer ematea ahazten. Ai-ai-ai, ze oker gabiltzan. Egin dezagun gogoz nahi duguna adinari begiratu gabe eta azken hatsak deskuiduan harrapa gaitzala.

Gakoa irribarrea da, elikadura, dantza, kirola eta sexuaren pintzelek aurpegian marrazten duten irribarrea. Irribarreak ez baitu zer ikusirik edadearen tamainarekin, ezpainenarekin baizik.

Irribarrea gabeziei begiratu baino ditugun gaitasunak takoi kolpe tinkoz dantzan jartzeak digu ateratzen. Agian horregatik dut hain gustuko Flamenkaren emojia. •