Garazi Goia - @Garazi Goia
Idazlea

Galdu dugun denboraz

Eguraldiaz eta Brexitaren inguruko azken albisteez hitz egitea errazena izango zen Londrestik hau bezalako zutabe bat idazten ari den edonorentzat. Amaitzen ez den mikroklima honetan daramatzagu bi hilabetetik gora, eta eguraldiaz hitz egiten ematen dudan denbora norbaitek neurtuko balit erabat britainiar bihurtu naizela esango lukete; baita beroa ezin dudala jasan zenbaitetan errepikatu dudan norbaitek kontatu badit ere. Bestalde, Europar Batasunarekin akordio bat ez lortzea hipotesi batetik probabilitate gehien duen emaitza denean, eta kaos eta krisi politiko bete-betean gaudela, Theresa May bakarrik gelditzen ari da. Ez nau harritzen, Europar Batasuneko lurraldeetako presidenteekin bilera pribatuez baliatzen hasi beharra izan duela.

Baina gaur, denboraz arituko naiz. Edo, hobeki esanda, duela urte batzuk beste zerbait egiten ematen genuen denboraz.

Erresuma Batuan, Telekomunikazio eta komunikabideen arautzaileak egin duen azterketa luze batek telefono mugikorrek eta beste gailu digitalek sortu diguten dependentzia du ardatz nagusitzat, eta ehunka datu bildu dituzte. Besteak beste, azken hamarkadan gizakion jarrerak eta ohiturak nola aldatu diren aztertuz, orain artean ez bezala teknologiak gure bizitzetan izan zuen eragin dramatikoa azpimarratuz. Hamarkadaren datua esanguratsua da, 2008. urtea izan zen-eta Erresuma Batuan smartphone-a benetan “sartu” zen urtea, urte bat lehenago lehenengo iPhone-a Apple etxeak merkaturatu ostean.

Hemen jartzen dizkizuet txosteneko datu batzuk: Erresuma Batuan populazioaren %78k dauka smartphone bat, eta 16 eta 24 urte artekoetara mugatzen bagara, %95ek. Esnatu eta hamabi minutu baino ez dira pasatzen lehenengoz telefonoa begiratu arte; eta bost heldutik bik bost minutu baino ez dituzte hartzen. Internet ezinbestekoa dela diote %92k. Are gehiago, helduen %50ek diote beraien bizitza aspergarria izango litzatekeela Internet telefonoan eskuragarri ez baleukate. Orokorrean, denontzat nahitaezkoa bihurtu da aparailu digitala, eta haren falta egun askotan jasateko ez gaude prest. Edonork esango luke beste harreman emozional batez ari garela. Amaitzeko, datu hau izan da goiburu gehienek egin duten aukera: batez beste egunero 2 ordu eta 28 minutuz erabiltzen dugu Erresuma Batuan telefonoa, eta 18 eta 24 urte artekoek, berriz, 3 ordu eta 14 minutu ematen dituzte telefonoan.

Beti hor gaude, nahi duzunerako, nahi duzunean. Hemen esaten den bezala, beti «on». Oporretan dagoen bitartean laneko mezuak ez dituela irakurriko dioen horri harriduraz begiratzen diogu. Batek baino gehiagok esan dit pare bat egun telefonorik gabe pasatu ostean, pertsonalitate aldaketa bat izan dutela; erdi-brometan, erdi-serio, baina askorentzat esperimentu zaila izango zen. Dependentzia fuerteegia da.

Baditu eragin negatibo asko ere, noski, eta txostenean zeharka biltzen dira batzuk –%15ek beti lanean daudela diote; %54k familia eta lagunen harremanen dinamika eta kalitatea aldatu dituztela diote. Kezkagarria dela garbi dago, hainbesteraino, Google bera ere neurriak sartzen hasi dela Interneten ematen dugun denbora kontrolatzeko. Bide batez, badakizue urte honen hasieran Theresa Mayk “bakardadearen ministro” bat izendatu zuela? Munduan beste inon ez zegoen antzeko aurrekaririk. Teknologia sortzen ari den “bakardade berri bat” bere erronketako bat da, hain zuzen.

Telefonorik gabeko garaiak nostalgiaz gogoratzen ditut orain, bi ordu eta hogeita zortzi minutu horiek zertan emango nituzkeen pentsatuz. Nire bizitza ziurrenik aberatsagoa izango zela baieztatuz. •