2018/08/25

Erreportajea
SAO PAULO
200dik gora eraikin okupatuta, gora egin du etxebizitzaren inguruko borrokak

«Hau txikia da eta ez dago luxuzko ezer, baina era duinean bizitzeko moduan gara. Nire ametsa hemengo etxebizitzaren bat niri ematea izango litzateke». Brasilgo hiririk handienean aurrera ateratzea oso zaila da herritar askorentzat. Eraikin zaharrak okupatzea irtenbide ezin egokiagoa da brasildar askorentzat gaur egun.

Paula Ramon (AFP)
0831_saopauloirakurtzen

Sao Paulo hiriko erdialdean 50 metro karratuko azalerara iristen ez den apartamentu batengatik 1.500 erreal brasildar ordaindu behar dira, 400 dolar inguru, Rosangela Gomes de Melo bezalako pertsonek inolaz ere ordaindu ezin duten kopurua, alabarekin batera kobratzen duena hilean 1.900 errealetara ez baita iristen. «Okupatzea zen neukan aukera bakarra», esan dio France-Presseko kazetariari.

Rosangela eskulangilea da eta 54 urte ditu. Orain bederatzi urte iritsi zen herrialdeko hiriburu ekonomiko eta finantzarioko erdialdeko Maua eraikinera. Alaba handik pixka batera etorri zitzaion. Hirugarren solairuan duten bizilekua giro bakarrekoa da, behar bezala zatitu eta antolatutakoa. Lo egiteko ohatzea, sukaldea, harraska, hozkailua, apalak, telebistaren mahaia: gauza guztiak pintatu gabeko paretaren kontra jarrita dituzte. Aurreko erabiltzaileek utzitako markak eta marrazkiak ere ikusgai daude oraindik.

Alokairua ala hezkuntza?

«Alokairu garestia ordaindu behar izango banu, ezingo nuke alabaren hezkuntzan inbertsiorik egin», esplikatu digu emakume langileak. Hamabi milioi biztanle dituen megalopolian oso ona da erdialdean bizitzea, kanpoaldean bizita denbora gehiegi egin behar baituzu garraioan, autobusean, edozein lekutara joateko, Rosangelak esan duenez.

Sao Pauloko Alkatetzak emandako datuen arabera, hiri osoan 206 eraikin handi daude okupatuta eta horietan 46.000 familia bizi dira, gutxi gorabehera. Hiriak etxebizitza gehiago beharko luke beharrak ondo asetzeko, 358.000, udal arduradunen kalkuluen arabera.

Ondorioz, oso baldintza kaskarreko 830.000 etxebizitza daude hirian. Arazoa beti egon da hor, baina orain hedabideetan gehiago aipatu dute, joan den maiatzaren 1ean 24 solairuko eraikin batek su hartu baitzuen: behera etorri zen azkenean, makina bat hildako eta desagertutako eraginez.

Mugimenduak, jomugan

Tragedia horren ondorioz, etxebizitzaren aldeko borroka egiten duten mugimenduen zeregina eztabaidagai jarri zen herrialdean, beste behin. Agintariek suntsitutako eraikineko arduradunei leporatu zieten «alokairuak» kobratuta aberastu nahi izana, eraikinaren mantentze lanetarako dirurik inbertitu gabe.

«Okupazio guztiak ez dira berdinak», argitu digu bere iritzia Rosangelak. Orain tragedia ezagutu duen eraikina ez litzateke adibiderik egokiena, baina beste batzuk bai. MMLJ Justiziaren aldeko Borrokako Etxebizitzaren aldeko Mugimenduak Mauan okupatu zuena, aldiz, eredugarria da, «etxebizitzaren aldeko benetako borroka», ekimen horri esker bizitzeko leku egokia lortu duten 237 familiak 200 erreal jartzen baitituzte hilero, mantentze lanak egin ahal izateko.

Rosangelak eta Beatriz alabak –musika ikasteaz gain, unibertsitatera sartzeko azterketa prestatzen ari da eta laguntzaile lanak egiten ditu– uste dute aurreiritziek eztabaida nahastu egiten dutela. «Gu ez gara ezberdinak. Jendeak beste modu batean begiratzen gaitu», adierazi du gazteak.

Lula eta Boulos

Etxebizitzaren gaia asko aipatzen da Sao Pauloko hedabideetan, Guilherme Boulos Teilaturik Gabeko Langileen Mugimenduko buruak presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa baitauka, preso daukaten Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohiaren babesarekin gainera.

Rosangela eta Beatriz bizi diren etxetik gertu dago «Prestes Maia» deitzen dioten eraikina, Latinoamerika osoko handiena, hedabideen arabera.

Okupazioaren munduan, kontuan hartu beharreko esperientzia. MMLJ mugimenduak berak zuzentzen du. Ia 500 familia bizi dira bi etxebizitza bloketan banatuta dagoen eraikinean. Prestes Maia etorbideko 911. zenbakian dago, eta arkitekto eta urbanista zenaren izena hartu dute herritarrek eraikin okupatuarentzat ere.

Ehungintzako lantegia izan zen eraikina, jarduera industriala galdu aurretik. 2006an okupatu zuten eta bere inguruan borroka judizial garrantzitsu bat eraman da aurrera. Orain ia hiru urte, 2015ean, Sao Pauloko Alkatetzak, garai hartan PT Langileen Alderdiak zuzentzen zuenak, erosi egin zuen eraikina, bertan erreformak egin ondoren han bizi zirenei emateko asmoarekin. Era horretan amaitu zen epaitegietako borroka.

Egungo agintariak ez dira PTkoak, ordea. Kontserbadoreei tokatzen zaie hemendik aurrerako erabakiak hartzea, baina oraingoz Prestes Maia barruko bizitza ez da aldatu: erabat komunitarioa da. A blokeak bederatzi solairu ditu; eta B-k, hogeita bi. Txandaka egiten dituzte erabiltzaileek eremu komunetako garbiketa lanak.

Pareten egoera ez da onena eta leiho gehienak egurrezko, plastikozko edo beste material batzuetako estalkiekin babestuta dituzte. Beheko solairuetan hezetasuna handiegia da, oso argi gutxi dute eta filtrazio batzuk ere ikusten dira. Solairu batzuk besteak baino hobeto daude. Segurtasuna bermatzeko kamerak dituzte, su-itzalgailuak nonahi eta atezaintza zerbitzua.

Apartamentu batzuek komun propioa dute, baina kasu gehienetan besteek erabiltzen duten leku berbera erabili behar izaten dute. Solairuetan horrelako bi komun izaten dira. Toki horiek erabiltzen dituzte arropa garbitu eta norberaren garbiketa egiteko ere.

Eraikin okupatuetan ere arauak beharrezkoak dira, erabiltzaileen arabera. Bisitarien berri eman behar zaio atezaintza zerbitzuko arduradunari, gaueko 10etatik aurrera debekatuta dute zarata ateratzea, borrokan egitea ez da onartzen, ezta etxekoren bat jipoitzea ere, eta lapurretak espresuki debekatuta dituzte.

Erabiltzaileren batek arau horiek bete gabe utziko balitu, interesatuen arteko elkarrizketak emaitza egokirik ematen ez badu, isunak ezartzen dira: bisitarik gabe utzi edo goiko pisuetara bidali bizitzera arau-bortxatzailea, eta hori oso gogorra egiten da igogailurik gabeko eraikinetan.

Goxokiak saldu

Jeanette Andrade Mauako eraikineko barne koordinatzaileak esplikatu du erabiltzaile askorentzat zaila dela «kolektibo» kontzeptua ulertzea. Berak erabiltzaile pobreenentzako arropa eta janari bilketak antolatzen ditu, beraien eskariak jaso, gestio burokratikoak egin… Kontzeptua esplikatzeko beste modu bat. Andrade bera dibortziatu ondoren geratu zen etxerik gabe eta okupazioaren aldeko mugimenduak «salbatu» egin zuela esaten digu.

«Sao Pauloko alokairuen prezio garestia da hemen arazo. Horrek eragiten ditu irtenarazteak eta bestelako arazoak», dio.

«Ez nekien zer zen okupazioa»

Marcia Gonçalves 59 urteko herritarrak okupazioa zer den ere ez zekien berari ere banantzea tokatu zitzaionean. «Ez nekien zer zen okupazioa, baina non bizi ere ez neukan», gogorarazten du. Goxokiak eta edariak saltzen ditu eraikinean zabaldu zuen denda txikian. Ez digu esaten zenbat ateratzen duen, baina bai ez litzatekeela nahikoa izango eraikin normal batean alokairua ordaintzeko. Hemen hilean 105 erreal ordaintzen ditu, ekarpen moduan. «Hau txikia da eta ez dago luxuzko ezer, baina era duinean bizitzeko moduan gara. Nire ametsa hemengo etxebizitzaren bat niri ematea izango litzateke», esan du.

1.523 kilometro koadroko azalera dauka hiriak. Trafikoa oso kaotikoa du, zazpi milioitik gora automobil baitaude erroldan.

Lo egiteko ohatzea, sukaldea, harraska, hozkailua, apalak, telebistaren mahaia: gauza guztiak pintatu gabeko paretaren kontra jarrita dituzte Rosangelak eta alabak

Hamabi milioi biztanle dituen megalopolian oso ona da erdialdean bizitzea, kanpoaldean bizita denbora gehiegi egin behar baituzu garraioan edozein lekutara joateko