Ion Salgado
infraganti

ALFONSO ARANBURU

Milaka disko ditu Alfonso Aranburuk. Horietako asko The Beatles taldearen diskoak dira. Gasteizen duen pisua Liverpooleko musikariei eskainitako museo txiki bat da. LP, poster, liburu eta aldizkariz gainezka daude apalak eta hormak, eta nola ez, ikusgai dituen posterren artean dago GARAk argitaratutako 2012. urteko egutegia.

Batzuek kirola egiten dute errutinari aurre egiteko. Beste askok irakurri edo margotu egiten dute, edota musika tresnaren bat jotzen dute denbora pasatzeko. Alfonso Aranburuk dioen bezalaxe, guzti-guztiok behar dugu izugarri gustatzen zaigun zerbait egin, pozik egoteko, bizirik gaudela sentitzeko. «Edozer gauza, zigilu bilduma egitea, perretxiko bila joatea edo musika entzutea». Melomano honek 7.000 LP inguru ditu etxean.

Izan ere, musikazale amorratua da Aranburu eta The Beatles da bere talde kuttuna. 1.100 euskarri musikal ditu, horien artean disko batzuen lehenengo edizioak eta edizio bereziak. Eta 200 liburu baino gehiago ditu etxean. Horrez gain, posterrak, aldizkariak eta komunikabideetan agertu diren berriak ere gordetzen ditu. Liverpooleko taldearen omenez egindako museo txiki bat Gasteizen dagoela esan daiteke.

Aranburuk azaldu digunaren arabera, bere bizitza aldatu zuen gertaera batek, txikia zela: 12 urterekin, The Beatlesen kasete bat utzi zioten. «Ordura arte Jorge Negrete, Los Tres Sudamericanos eta Nino Bravoren musika entzuten nuen, baina The Beatles entzuterakoan dena aldatu zen. Mundu berri bat ireki zen nire aurrean eta taldearen kaseteak erosten hasi nintzen. Garai hartan 250 pezeta balio zuten, eta ondo gogoan dut noiz eta nola entzun nuen bakoitza. Ez nekien zer esaten zuten, ez nuelako ulertzen, baina musika indartsua zen, melodiak zoratzen ninduen».

Handik gutxira hasi zen prentsan agertzen ziren berriak biltzen, eta ondo gogoratzen du 1970. urtean “Norte Expres” egunkarian taldea banandu egingo zela irakurri zuenekoa. «Zirrara ikaragarria eragin zitzaidan berri horrek», gaineratu du. Hala ere, The Beatlesen diskoak biltzen jarraitu zuen berak. «Eskolan nengoela, LPak eta EPak uzten zizkidaten eta auzokide baten disko-jogailuan entzuten nituen. Geroago erosi nituen The Beatlesen hogei singleak. Asteburuetan lagunen etxeetara joaten nintzen estereo moduan entzutera. Ikaragarria zen».

Azkenean, bere amak disko-jogailua erosi zuen eta berak diskoak biltzen jarraitu zuen. Artean umea izan arren, biniloaren mistika nabaritzen zuen jada. «Ezin daiteke beste formatu batzuekin konparatu. Karpeta, argazkiak, soinua...», nabarmendu du. Oraindik eztiro irekitzen ditu LPak, karpetak egiten duen zarata entzuteko. Berak dioen bezala, «beste gauza bat da». Zarata hori ez duzu entzungo CD edo kasete bat irekitzerakoan, are gutxiago ordenagailua piztu eta musika MP3 formatuan jartzerakoan.

The Beatles bakarrik ez

The Beatles ezagutu ondoren musika genero berriei atea ireki zien Aranburuk. «Hiru urte pasa ziren rock talde gehiago entzuten hasi nintzen arte. Genesis bezalako taldeak, rock melodikoa egiten zutenak, hasi nintzen entzuten, eta pixkanaka jazza entzuten ere hasi nintzen. Hori aurkikuntza bat izan zen niretzako, tabernetara joaterakoan beti musika berdina entzuten zelako, beti euskaraz. Urko eta beste abeslari euskaldunen musika entzuten zen, eta gustukoa nuen musika hori, baina jazza ezberdina zen».

Eta beste genero musikal ezberdinak ezagutu ditu ordutik, bluesa edo folka bezalakoak, baita musika klasikoa ere. Baina berarentzat The Beatles beti izango da talde garrantzitsuena. «Ez dakit zer gertatzen zaidan The Beatlesekin. Haien abestiak entzuten ditudanean beste mundu batean sartzen naiz. Alaitasunez beteriko mundu batean murgiltzen naiz. Ez dakit nola azaldu, egoera irrazionala da. Nik ‘desoreka’ deitzen diot egoera horri», aitortzen du. “Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band” diskoa entzuterakoan egoera horretan sartzen da Aranburu. «Entzuten dudan bakoitzean hunkitzen naiz», gaineratu du, eta gauza bat argi dauka: «‘Yesterday’ abestiarekin hunkitzen ez dena hilda dago».

Halako abestiak lanean ere erabiltzen ditu Aranburuk. Izan ere, adinekoekin lan egiten du, eta askotan baliatzen du musika. «Azkena Rock jaialdia aprobetxatu nuen, rock and rolleko saio bat prestatzeko. Jerry Lee Lewisekin hasi nintzen eta Elvis Presleyrekin jarraitu. Adinekoei azaldu nien nola sortu zen rock and rolla, zeintzuk izan diren talde aipagarrienak. Chuck Berry-rekin hasi eta Bruce Springsteenera».

Eta adinekoekin partekatzen du bere pasioa, baina ez horiekin bakarrik. Dagoeneko hiru erakusketa antolatu ditu The Beatlesen inguruan, eta Xoxoa diskoetxeari buruzko erakusketa ere prestatu nahi du. Halaber, hilero egiten ditu entzunaldiak bere etxean. «Azkena musika beltzari buruzkoa izan zen, eta duela gutxi John Lenonek idatzitako abesti politikoei buruzkoa ere egin dut». Entzunaldietan parte hartzen dutenei disko eta liburutxo bat ematen die, saioan entzungo dituzten abestien hitzen itzulpenarekin. «Atsegin dut halako gauzak egitea, musika partekatzea gustatzen zait», .

Musika dendetara joaten denean beti begiratzen du ba ote duten The Beatlesen diskorik eta dendariarekin hitz egiteko aprobetxatzen du. Askotan, gauza berriren bat erosteko ere bai. «Beti esaten dut ez dudala ezer erosiko, baina aurreko batean ‘Yellow Submarine’-ren edizio mugatuaren single bat erosi nuen». Etxean ehunka euro balio duten diskoak ditu. «Kutxa batean 200 eurotik gora inbertitu nituen. Hamar urte luze neraman edizio horren atzean».

Disko batean Paul McCartneyren sinadura ere badu. Joseba Olalde “Egin” egunkariko argazkilariaren laguna zen, eta hari esker ikusi ahal izan zuen McCartneyk Bartzelonan 1993an eskainitako kontzertua. Prentsarako pase bat lortu eta abeslariaren prentsaurrekoan egon zen. «Eskerrak eman nizkion egindako abestiengatik», gogoratzen du Aranburuk. Kontzertu horren kronika argitaratu zuen egunkarian.

Izan ere, The Beatles taldearen abestiak oso garrantzitsuak izan dira Alfonso Aranbururentzat, bai bere militantzia politikoan –mugimendu antimilitaristan parte hartu du– eta bai gaixorik egon den uneetan, gaur egun bezala. •