2018/08/25

Datorrena
Urte politikoaren hasiera, erritoak eta erronkak

«Benalla aferari» irtenbide faltsua emanez eta Korsikako auzia «standby» egoeran utzita joan zen oporretara Macron, eta biak ditu zain behin Bregançonetik itzulita

Aurtengoa urte politikoaren bigarren hasiera izango da Emmanuel Macron frantziar presidentearentzat. Iaz, berrikuntza aldarrikatuz, errito bilakatu den ohiturari bizkarra eman zion Errepublika Martxan alderdiak. Aurten ere urte politikoari begira erronkak finkatzeko balioa duen zeremoniari izkin egingo dio, bigarren aldiz, “Errepublikaren modernizazioa” xede nagusitzat hartu zuen mugimenduak. Alderdi tradizionalen usadioak alde batera uzteko keinuak, baina, indarra galdu du dagoeneko. Udako oporraldiaren atarian zartatu zen “Benalla afera” ez da inondik inora ahaztu, eta hiru astez Bregançongo gotorlekuan oporrez gozatu ostean Eliseora itzuli den agintariak arrisku bizia du eskandaluaren zama pairatzeko.

Iragan Maiatzaren Lehenean, Parisen, manifestarien aurka oldartu zen presidentearen segurtasun zirkulu hurbileko gizon ukiezina auzipetu izanak, agian, Benallaren desmasiak zuzentzeko balio dezake, baina ez du inondik inora balioko eragindako kalte politikoa estaltzeko. Bestalde, gobernukideen eta legebiltzar taldeko ordezkaritza murritz baten aurrean Macronek egindako adierazpen harro eta agintzaileak utzitako ajea ere ez da guztiz digeritu. «Arduradun bat xerkatzen duena etor dadila nigana, ni naiz arduradun bakarra», bota zuen uztailaren 24an presidenteak, jada egina zegoen kaltea bizkar gainean hartuz. Neurri handi batean, hitzokin Macronek presidente “jupiterianoa” izatearen distira galdu zuen, nahitaez bere aurretik eroritako hainbat jainkotxoren mailan kokatu baitzen. Nola ahaztu Eliseoko bidean estropezu egin zuen Fillon hautagai eskuindarrak formulazio antzekoa erabili zuela bere emazte Penelope jo puntuan zuen asmatutako enpleguen aferak sorturiko sutea itzali nahian? Botere hantustea sinbolizatu zuen Sarkozyren estiloa bereganatuz, zaharkituriko eredua berritzeko bere egitasmoa zalantzan jarri zuen Macronek. Konstituzioak aitortzen dizkion pribilegioak bere alde baliatu zituen, azalpenak emateari uko eginez. Horregatik, Macronen jokabideak urte politikoaren hasiera baldintzatuko du. Norabide aldaketarik ezean, Errepublikaren arkitektura eguneratzetik harago joan behar zuen Konstituzioa erreformatzeko prozesuaren irismena kimatu dezake, prozesuaren sinesgarritasunaren kaltetan. Are gehiago Errepublika Martxanek erakutsitako kemen eskasak, giro politikoa haizeberritzeko agintekeriaren errezeta zaharrari ateak parez pare zabaldu dakizkionean. “Benalla aferari” emandako irteera faltsuak, urte politikoaren hasierako erritoa aintzat hartu ala ez, marka utziko du irailetik aurrera zabalduko den denbora politikoan.

Legebiltzarrean duen gehiengo zabalak eskaintzen dion lasaitasuna baliatuta, aurrekontuaren prestaketa lehenetsi du oraingoz Macronek. Alta, aipaturiko Konstituzio erreformaren gaineko eztabaidak markatuko du egutegia, gobernuaren paper-zorroetan zain dauden erretreten zein administrazioaren erreformak bistatik galdu gabe. Hain zuzen ere, frantziar Konstituzioari 1998an eginiko erreformak ahalbidetu zuen Kaledonia Berrian hitzartutako Noumeako Akordioa, eta 2007an onarturiko beste aldaketa batek –oraindik ere eztabaida sortzen duena– zehaztu zuen bertako autodeterminazio erreferendumeko hausteleria. Burujabetza lortzeko bide luze eta malkartsu horretan, zalantzarik gabe, mugarri izango da azaroak 4an Kaledonia Berrian deituriko erreferenduma. •