2018/09/01

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Fikziozko lurraldeak

Tranbiaren itxaron guneko paretako iragarlean, Bilboko irudi apokaliptiko bat. Honelakoxea: bataila baten zeru gorridunean girotuta, Bilbao Arena kirol eraikin berdea herriaren gainetik gailentzen den gotorleku baten lez ageri da. Eraikinak superheroi funtzioa betetzen du irudian, herria metalezko espazio-ontzi hegalari mehatxatzaile batetik babesten ari baita. Publizistak ongi harrapatu du –hirigileak ez bezala– Bilboko Miribilla auzoak, kokapen geografiko goratuan, Erdi Aroko gune gotortu baten itxura duela; edo beste modu batean esanda, auzo berriaren ezarpenak ez duela inguratzen duen testuinguru urbanoarekin zerikusirik. Kasualitatez –edo ez–, azken hamarkadetako hirigintzak Bilborako eskaini dituen kirol ekipamendu berriek, San Mames Barria eta Bilbao Arena, hiriarekiko domeinuzko kokalekuak dituzte, garai bateko gazteluen antzera. Bide batez, deskribaturiko kartelak bideo jokoen liga profesionaleko finala iragartzen zuen, poesia urbanistikotik urruti, baina, aldiz, zintzotasun osoz bat eginez Bilbok 2018. urterako ezarritako ekitaldi-festibalen ibilbide orriarekin.

Hitzez eta irudiz eraikitako horrelako errealitate paralelo edo fikzionatuek egiazko errealitatearen zenbait argibide erakusten dituztela sinetsirik, irudimen-jolasarekin jarraituko dut beste honekin: barbaroen konkista-irudi arketipotik tiraka, kostaldetik astiro eta gelditu gabe Donostiara gerturatzen den gurutzaontziarena, turistaz erabat josia. Gurutzaontzia, arrotza eta ezezaguna zaigun herri batetik datorren munstrotzat har dezakegu, tamainari erreparatzen badiogu adibidez. Abordatzeak errentagarritasuna izan dezan, ontziaren tamaina garrantzitsua da; bada, Donostiako zabalguneko edozein etxebizitza-eraikinekin konparatuz, esan dimentsio erraldoiak dituela. Eta nor ez da beldurtuko neurririk gabeko jendetzak, hiriaren adeitasun-tasa gaindituta, hirian desjabetze-efektua duenean, jendetza hori zoroen pare bertako baliabideak ustiatzera heltzen denean? Kolonizazio moderno honek antzinakoaren pareko ondorioak eragiten ditu lehorreratutako lurraldean bere legeak inposatzen dituenean, bertakoen bizitza erabat lardaskatuz.

Ez da broma, industria turistikoa fikziozko lurraldeen eraikitzaile da; plantak egiten dituen eszenografia fisikoak gustuko ditu. Herrixka eta hiri askoren alde zaharrak errealitate simulatu bilakatu dituzte, non kaleak atrezzoak besterik ez diren. Fatxada historikoak X izpiekin zeharkatuko bagenitu, prekarietatea nagusi den logelak ikusiko genituzke, bizi-espazioak trasteleku bilakaturik, “Trainspotting” garaikidea grabatzeko prest.

Kondaira modernoetako protagonista maltzurraren papera hirigintza eta lurralde antolakuntzak hartu dute, lurralde eta hiriak mugarik gabe ustiagarriak direla diseinatzerakoan. Irudi fikzionatuak distopiko gerta ez daitezen, kritikoki begira diezaiogun gure herri eta hirietan gertatzen ari denari. Munstroak irentsi baino lehen. •