2018/09/01

Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
Itzulera operazioa

Maletari jaten eman diozu. Bainujantziak, toallak, txosnetako kamisetak, txankletak, eguzkitako krema, hortzetako ore eta eskuila, xanpua, xaboia, mendiko botak, kiroletako galtza motz eta kamiseta koloretsu finak, bisera, eguzkitako betaurrekoak, eltxoak uxatzeko spraya, irakurtzeko utzi dituzun liburuak, estreinatzeko utzi duzun koadernoa eta souvenir dendetan erositako koadro eta postalak sartu dituzu. Baina ahal izan bazenu udan zanpatutako hondartza guztietako are-poto bana eta igo dituzun gailurretako aireari ostutako oxigeno bonbona bana ere sartuko zenituen aireportuko etiketak oraindik zintzilik dauzkan zure maleta gosetuan. Eta ez dakizu zergatik baina ekainean erraz itxi zenuena gainezka eginda iritsi da irailera. Kremailera itxi asmoz gainean eseri zarenean pentsatu duzu maletak hartzen modukoak direla: hiru hilabetez ateratzen direla mundura eta hiru hilabete horietan ahal duten guztia irensten dutela, bederatzi hilabeteko armairu iluneko hibernazioari eusteko.

Uda maletan eta maleta autoan sartuta ekin diozu itzulerako bidaiari, errepideko marra etenetan begirada galduta. Urtero bezala autoko irrati-diala arakatu duzu, kate arrotzek diotena ulertu nahian. Baina berehala aspertu eta musika ipini duzu. Gurasoekin umetan egindako bidaiez oroitu zara; aire giroturik gabeko Renault zahar hartaz eta Pantxoa eta Pelloren, Benito Lertxundiren, Eltzegorren eta Eganen diskoez. Atzeko eserlekutik miretsi zenuen munduari soinu-banda hura itsatsi diozu zurekiko: Benito Lertxundiren ahotsa dute Pirinioek, Eltzegorren doinua Landek eta Pantxoa eta Pelloren melodiak Gaztelako lautada lehorrek.

Gasolindegiek eta ordainlekuek bakarrik geratu dute zure ibilera presatua. Autoz beteta datoz errepideak, eta aurreratzen dituzunen leihatilen barrura begiratuz nondik ote datozen asmatu nahian egin dituzu kilometroak. Zure monotonia Euskal Herrira sartu zarenean aldatu da: musika itzali eta leihoa zabaldu duzu, aireak beste usainen bat, beste doinuren bat ekarriko zizulakoan. Baina Irungo ordainlekuko ilara baino ez zaizu iritsi. Mantso doaz autoak eta zurearen gisako aurpegi nekatuak baino ez dituzu ikusten inguruan. Aldameneko autoko gidaria kantuan ari dela iruditu zaizu. Ezpainak irakurtzen ahalegindu arren ez duzu kantua deszifratzerik lortu. Umetako gogoeta batek atera zaitu jolasetik: inoiz ez duzu ulertu izan urtea zergatik hasten den urtarrilean, mundua martxan irailean jartzen baldin bada. Aurten lanean finago ariko zarela agindu diozu zure buruari; kirola egingo duzula, lagunak zainduko dituzula eta hasi ez duzun koadernoa bete eta irakurri ez dituzun liburu guztiak bukatuko dituzula. Baina ilara geldi dago, iluntzen ari du eta piztu berri duzun irratitik Mikel Laboa hasi zaizu kantuan: «Lilurarik ez, ez dago itzultzerik». •