Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

JOKIN ESPILLA

Berriatuko mendizale arabar honek ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak. Abuztuan, ordea, apur bat gorago igotzea otu eta Elbrus mendiko gailurra zapaldu zuen. 63 urteko gizon bat hil zen han bi egun lehenago; Jokinek 71 ditu. 5.642 metroko altuera hartan, euskal presoak gogoan, sentitu zuen asebetetasunaz mintzatu zaigu.

Mendizalea. Betidanik eta betiko. Jokin Espilla Barruetabeñak ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak, eta ohikoa da bertoko mendi martxetan, baina noizean behin mendi urrunago eta garaiagotara joatea ere gogoko du. Joan den hilean Elbrus igo zuen, Europako altuena. 5.642 metroko altuera hartatik itzuli eta oporretara joan zen. Gasteizera iritsi baino lehen, jarrita geneukan hitzordua, bere azken abenturaren berri eman ziezagun. Luze jardun dugu horretaz eta beste hainbat kontuz. Luze eta, egia esateko, gustura.

Araba eta mendia

“Jokin Espilla, Manuel Iradier elkarteko kidea, Xebe Peña saria jaso duen lehen arabarra”, irakurri genuen duela bost urte. Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen mendi martxen zirkuitua egiten dutenek lagun bat aukeratzen dute urtero, Xebe Peña garaikurra emateko, bere mendi ibilbidearen aitortza gisa. Hogeitik gora martxa ditu zirkuituak, eta horietatik zortzi egin behar dira gutxienez: Hego Euskal Herriko herrialdeetan, bana; Ipar Euskal Herrian, beste bat, eta edozein herrialdetan, beste hiru. Horiek egiten dituztenak sarirako finalistak izaten dira. Hautagai dira eta, aldi berean, boto bidez garaikurraren jabe zein izango den erabakitzen dute denen artean.

Garaikurra jaso zuen lehen arabarra esatea zuzena al den galdetu diogu Jokini. Zalantza egin gabe, baietz diosku. «Arabak ordura arte ez zeukan horren irabazlerik», dio. Berriatuan jaio zela gogorarazi diogu. «Bai, baina mendizale arabarra naiz. Bizitza erdia baino gehiago Araban daramat». Izan ere, bere 71 urteetatik 43 inguru eman ditu Gasteizen.

Bertan geratzeko erabakia hartzeko, besteak beste, Arabako mendiek erakarri zutela dio. Bizitzako osagarri garrantzitsua da mendia Jokinentzat. Oso gaztetatik hasi zen mendira joaten. Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan ibilitakoa zen Gasteizera joan arte, Lekeitio, Markina, Mutriku eta inguru hartako lagunekin, eta Arabako pagadiak, hariztiak, mendiak... ikusi zituenean, txundituta gelditu zela dio: «Baina... zer da hau?». Euskal Herrian Arabako mendiak ezezagun samarrak direla dio. Gogoan du nola hasi zen mendi horiek eta herrialdea ezagutzen. Semea Duranako ikastolan hasi zenean, eskolaz kanpoko ekintzetako bat mendia zen, bost urtetik aurrerako umeentzako eta gurasoentzako mendi taldea, irailean hasi eta ekain bukaera arteko egutegia zuena.

1970eko hamarkadan bi urte eta erdi ihesean ibili zen, eta Franco hil eta gero, 27 urterekin, Araban suertatu zen, herrialde hori politikoki sendotu egin behar zela uste baitzuten. Ez zuen bertan finko gelditzeko asmorik, baina gogoko izan zuen eta «hemen nago, gustura». Edonola ere, beti izan du, badu, lotura estua Berriatuko eta Ondarroako familiarekin eta lagunekin. «Hemengo eginda, han ‘patatero’ esaten digute», dio barrez –eta harro–.

Ezkertia

Jokin ezkertiarra ez ezik, ezkertia ere bada, ezinbestean. Besterik ezean, alegia, 45 urterekin lan istripu batean eskuineko besoa galdu aurretik eskumatia zen eta. Besoa galdu eta berehala hasi zen koaderno batean idazten ezkerrarekin ohitu arte, eta orain, dioenez, ezkerrarekin letra hobea egiten duela esaten diote lehen eskuinarekin baino. Galdakaoko Ospitalean zela, besoa galdutako kantabriar batek bisita egin eta esan zion bizimodu normala egingo zuela. Berak, istripua gertatu berri, mendira joan ere ezingo zela esan zion, eta lagun hark erantzun zion: «Ezetz? Ni ganaduarekin ibiltzen naiz mendian!».

Laster hasiko zen bera ere mendian zehar ohitzen, oreka berria bilatzen, beso bakarrarekin ibiltzeak sortzen duen euste-puntu eta segurtasun falta gainditzen. Oraindik ere gabezia sumatzen du, baina ez da kexaren zale, oztopoak gainditzekoa baizik, eta ez adinak ez besoaren faltak ez diote galarazten martxarik gogorrenak egitea, Hiru Handiak edo zenbait egunetako espedizioren bat kasu. Urrunera gabe, iaz, Gasteizko zenbait lagunekin Tubkal mendira joan zen. Mendi hori Atlas mendikateko altuena da, 4.165 metrorekin.

Asmo zahar bat

Aurten erronka handiago bati heldu dio, Elbrus igotzea, hain zuzen. Orain dela zenbait urteko asmo bat gauzatzeko modua izan da. Bere seme Oierrek karrera bukatu zuenean, biek Himalaia aldera joan behar zutela esan zion, trekking bat egitera, 4.000 edo 5.000 metroko altueran, Annapurnan, Manaslun edo Everesten. Asmo hori nolabait zahartu egin zen, urteak igarota. Eta halako batean biei egun batzuetako txangoa egiteko aukera sortu zitzaien Jokinen lagun Imanol Berozen bidez; gainera, trekking bat barik, tontor erakargarri bat egiteko aukera zuten: Europako gailurrik altuena, elurtzan... «mendigoizaleontzat ezaugarri bereziak dituen erronka». Jokinen semea ez zen horrelako mendietan ibilia, baina eskalatzailea da eta zailtasun teknikoak gainditzeko prestatuta dago; edonola ere, ohituta dago aitarekin martxa gogorrak egiten.

Imanol Beroz doneztebarra iaz egon zen Elbrusen, baina ez zuen gailurra zapaltzerik lortu. Mendi hartan, 30 gradu zero azpitik eta aurrera egin ezinik zegoela, bideo bat bidali zion Jokini. Itzuli zenean, Imanolek esan zion berak ere egin zezakeela mendi hori, ez baitu aparteko zailtasun teknikorik. Fisikoki ondo prestatuta egotea eskatzen duela, baina teknikoki posible zutela. Eta Iruñeko agentzia batek antolatuta, abuztuko espediziora apuntatu ziren, beste bi euskaldunekin eta Estatuko beste zazpi lagunekin batera. Euskal Herritik, Imanol Beroz eta Espillaz gainera, honen seme Oier eta Oskar Lasa etxarriar pilotari ezaguna joan ziren. «Bi nafar eta bi arabar», dio Jokinek.

Espedizioa abuztuaren 1etik 13ra artekoa izan zen. Abiatu ziren egunean, 21:00etan, Barajasen geratuak ziren guztiak. Imanol Beroz Hondarribian bizi denez, handik atera zen bere furgonetarekin, bidean Etxarri Aranatzen Oskar Lasa espedizioko bigarren euskalduna eta Gasteizen Jokin eta haren seme Oier hartzeko. Madrilera abiatu ziren arratsaldean. Barajasen gainerako espediziokideak ezagutu zituzten: Eugenio madrildarra, Francisco alacantarra, Angel sevillarra, Vetra eta Joan bartzelonarrak, Angel murtziarra eta Zeben kanariarra. 23:30ean Moskura bidean zihoazen, hegazkinez, eta goizeko zortziak baino lehen beste hegazkin bat hartu zuten, Kabardia-Balkaria Errepublikako Mineralnye Vody hirira iristeko. Handik, autobusez, Kaukasoko Baksan haranera. Han, 2.200 metroko altueran zeuden, Elbrusetik hurbilago, baina lan gogor guztia eginkizun.

Zenbait eguneko aklimatazioa egin zuten inguruko mendietan, ibilbide luze eta altuera handikoak. Zortzigarren egunean beheko kanpalekura aldatu ziren, lau egunen buruan tontorra zapaltzeko xedearekin. Egun horretan lau mila metrotik gorako altuerara iritsi ziren, eta, Jokinek dioenez, Elbrus mendiko gailurrera heltzea ez zela erraza izango sumatu zuten. Zalantzak sortu ziren.

Abuztuaren 11n, 03:30ean, 3.750 metroko altueran zegoen kanpalekutik gailurrerantz abiatu ziren. Lehenago ateratzea pentsatuta zeukaten, baina eguraldi kaskarrak ez zien utzi. Hala ere, aurreikuspenen arabera, goizean «leiho bat zabaldu» behar zuen, eta bideari lotu zitzaizkion espedizioko zazpi kide, tartean lau euskaldunak, eta gidari bi. Espedizioko kide batek oxigeno gutxi zeukan odolean eta behera itzuli zen. Beste hiru ere ez zeuden oso ondo eta beldar ibilgailuan igo ziren ia 5.000 metroko altueraraino, bide erdia baino gehiago oinez egitea saihestuta. Odoleko oxigeno faltagatik, hain zuzen, bi egun lehenago 63 urteko gizon bat hil zen bertan. Jokinek, baina, ez ditu 63 urte, 71 baizik eta hara baino lehen erabakia zuen gutxienez ahaleginak egingo zituela.

«Mantso-mantso», esfortzu ikaragarria eginda, lehenengo izerditan eta gorago hotz ikaragarria igarrita, 11 orduren buruan gailurra zapaldu zuten.

Arrisku handiena amildegi baten ertzetik igo beharreko tarte batean zegoela dio Jokinek. Segurtasun kable bat zegoen, eta bertara lotzen zuten arnesa. Pioleta ere derrigor eraman behar zuten. Jokinek, besobakar, ezin zuen eskuzorroa atera arnesa lotzeko, eta une txarrak pasatu zituen. Hala ere, gidarietako bat horretaz konturatu eta haren aurrean jarri zen; atzean, berriz, Oier, Jokinen semea, «eta ni horrela seguru sentitzen nintzen», nabarmendu du.

Beste momentu batean, haize zakar ikaragarria hasi zuen eta «orduan ez beldurrik ez ezer, buruan hura gainditzea besterik ez zegoen. Momentu nahikoa gogorra pasatu genuen».

Giza harremanak

Horrelako egoeran, batere erosotasunik gabe, esfortzu handiak egiten, higadura fisiko eta mental handiarekin, jarrera positiboek eta negatiboek taldean duten eraginaren garrantziaz mintzatu zaigu Jokinek. Mendiak dauzkan zailtasunak taldean sortzen direnak baino errazago gainditzen direla dio. Jokinentzat ez da zaila hamar ordu edo gehiagoan mendian ibiltzea. Beste batzuk, berriz, prestatuta daude denbora gutxiagoan baina oso modu trinkoan jarduteko. Horren araberako pentsaera desberdinak ateratzen direla dio; esate baterako, aklimatazioari dagokionez. Jokinek dio konfiantza izan beharra dagoela antolatzaileengan eta gidariengan. Argi utzi nahi du, edonola ere, oso ondo moldatu direla. Esperientzia bizia izan da, «han lazeria handienak eta euforiarik handienak pasatu ditut». Izan ere, oztopo guztiak gainditu eta gero gailurra lortzea itzela dela dio. «Zeure buruari hainbeste exijitu eta gero ezbehar eta oztopo guztiak gainditzeko gauza izan bazara, oso asetze handia hartzen duzu».

Presoekiko konpromisoa

«Konpromiso bat» zeraman Jokinek aldean: euskal presoen aldeko ikurra. Baita ikurrina eta Nafarroako eta Manuel Iradier Elkarteko banderak ere. Hurrenkera horretan. Ez zuten denbora asko izan tontorrean argazkiak egiteko, zero azpiko 20 gradu eta 80 kilometro orduko haizea ez baitira baldintza onenak egonean gelditzeko. Horregatik, atera zuten lehen ikurra presoena izan zen, «badaezpada ere». Lehenetsitako xedea zen. Gogoan du ikur hori goi hartan atera zuenean sentitu zuen zirrara: «Ez pentsa, une horretan sentimenduak eta morala gehitu egiten dizkizu». Ondoren beste hiru banderekin atera zituzten argazkiak.

Mendia denbora-pasa baino gehiago du Jokinek. Une zailak gogoratzen ditu, besoa falta baino lehenagokoak ere bai, garai estresagarriak, politika, sindikatua, beharra, dena semea jaio berritan... Okiara joan eta hango pagadietan ibiltzea zuen terapia onena. «Andreak ere ezagutzen nau eta urduri edo ernegatuta ikusten nauenean, esaten dit: zoaz mendira!»

Gaur Alberto Zerain mendizale handia zenari omenaldia egingo diote Gasteizko mendietan. Bertan izango da Jokin, nola ez. Omenaldia ekainean egitea zegoen aurreikusita, Gure Esku Dagok giza katea erraldoia gauzatu zuen egun berean, eta atzeratu egin zuten. Gauza polita iruditzen zaio Jokini ekimen hura kontuan hartzea.

Jokin Espillak badaki zertxobait mendiaz, badaki bizitzaz. Eta lagunez. Haiei galdetu besterik ez dago. •