2018/09/08

Iñaki Altuna
Urteurren bat baino gehiago

Ezker independentistak zer den estrategiaren eztabaida eta zer den zabaldu beharreko mezua hobeto bereizi beharko lituzke

Urriaren 1eko Kataluniako erreferendumaren urteurrena dela-eta, giroa berotzen hasia da. Hala izan ohi da gertaera historiko garrantzitsuak gogoratzeko uneak iristen direnean. Dena den, giroa hasiberri den urte politikoarekin berez berotuko zen bestela ere, Urriaren 1eko segidak gatazka eta arazo politikoa bere horretan utzi baitzituen. Ikasgai batzuk ere utzita, hori bai; hala nola, Kataluniako herria zer urruti joateko gai izan den ikusi dugu (Euskal Herrian azken hamarkadotan aldaketa behartzeko izandako prozesuetan –Aljer, Lizarra-Garazi, Ibarretxe Plana eta 2005-2007 negoziazio saioa– ez gara inoiz hain urruti iritsi), Katalunian hain urruti iritsita ere zein zaila den ibilbide osoa burutzea egiaztatu da, eta Estatu espainolaren izaera atzerakoia eta basatia zer-norainokoa den agerian gelditu da, iazko urriaren 3an Espainiako erregeak berak bere hitzekin argi bezain garbi utzi zuen bezala.

Beraz, urteurrenaren garrantzia handia delako eta gatazkak bizirik segitzen duelako, espero daiteke datozen asteetan gaiak berriro ere arreta handia bereganatzea, sua berpiztea. Irailaren hasierako lehen adierazpenek ez dute besterik iragartzen. Halere, sinplekeria hutsa litzateke pentsatzea aurreko urteko errepikapen moduko bat datorrenik, ordutik hona zenbait gauza aldatu batira, ez nolanahikoak gainera.

Bistakoak dira alderdi independentisten arteko ezberdintasunak eta tirabirak; egindakoari buruzko irakurketaren, egoeraren balorazioaren eta eman beharreko urratsen gaineko ezberdintasunak. Zer eta nola egin, azken batean. Seguru asko alderdi bakoitzaren interesek ere zeresan handia dute. Ezin daiteke baztertu beste faktore bat ere: errepresio basatiaren eragina. Sektore batzuentzat errepresioa aurrera egiteko motibo bada ere, beste batzuetan beldurra eragin du. Jasotako sufrikarioak eragin politikoa izan du hainbatetan.

Espainiako Gobernuan ere aldaketa izan da. Sanchezek ukitu berri bat eman nahi izan dio bere jokabideari; lehenik elkarrizketa aipatuz eta ondoren nolabaiteko proposamen politiko bat eginez. Erreferenduma izango da, baina soilik autogobernuri buruz, ez autodeterminazioari buruz. Batzuk zen besteak entzunda ez dirudi aterabidea lortzeko ezer mamitsurik eta eraginkorrik proposatu duenik. Ez da inor hurbildu ere egin estatutu berri horrek jaso beharko lukeena aztertzera. Adibidez, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jasoko balu, biderik ba al legoke “zero puntu” berri bat jartzeko? Hain zuzen ere, horixe da EAEko Legebiltzarrean gehiengoak adostu duena proposamen berri bat egiteko. Horiek dira Euskal Herrian azken negoziazio prozesuetan puzzlea osatzeko mahai gainean egondako pieza nagusiak. Baina, antza, Katalunian eztabaida ez da hori.

Katalunia eta Euskal Herria, Euskal Herria eta Katalunia. Ezberdintasunak ezberdintasun, bi prozesuak sinkronizatzeko beharraz mintzatu da azkenaldian ezkerreko euskal independentismoa. Bigarren frontearen ideia, laburbiltzearren. Estrategiaren oinarri bat litzateke. Halere, herri honetan, ezkerreko independentismoak estrategiaren eztabaida ekinbide politiko praktikoarekin eta gizarteari bideratu beharreko mezu nagusiekin nahastu ohi ditu. Adibide batekin ulertuko da beharbada hobeto: Urkulluren estrategia herri honen pultsu politikoa makaltzea izan da urteotan, baina ez da jendaurrera irten herri honek taupada galdu behar duela esateko. Ezker independentistak zer den estrategiaren eztabaida eta zer den zabaldu beharreko mezua hobeto bereizi behar lituzke. Zer egin behar den eta nola egin behar den, azken batean. Beharbada, ezker abertzalean 2009-20011 artean estrategia aldaketarako burututako ariketak eta 2015-2016 artean Abian prozesuarekin emandako astinaldiak aipatu joera hori indartu zuten. Aurrerantzean, ordea, bigarren fronte hori benetan egituratu nahi bada, ekinbide eta eskaintza politikoak, aktibazio eta ekarpen soziala eta ideien borroka izan beharko ditu osagai nagusi, estrategiaren azalpen teorikoa baino gehiago. •