Ainara Lertxundi
Elkarrizketa
Mariana Tello Weiss
antropologoa

«Desagertuen mamuek, izutzeaz gain, interpelatu egiten gaituzte, zerbait egitera behartzen gaituzte»

Mariana Tello Weiss antropologo eta ekintzaile argentinarra da. Biolentzia politikoa aztertu du, eta, horrekin lotuta, baita diktadura garaiko desagertuen mamuen inguruan dauden kontakizunak ere.

Mariana Tello Weiss argentinarra antropologoa eta giza eskubideen ekintzailea da. Bere ama, Margarita Azize Weiss, Montoneros talde armatuko kidea izan zen. 1976ko uztailaren 12an hil zuten Marianak bederatzi hilabete besterik ez zituenean.

Tucumanen bizi ziren. Urtebete lehenago joan ziren bizitzera Tucumanera, errepresiotik ihesi. Lanetik alaba txikia besoetan itzultzean, etxea militarrez eta poliziez inguratuta zegoela ikusi zuen Azizek. Atxilotua izateari uko egin zionean, metrailadore batekin tiro egin zioten. 25 urte zituen. Etxean Montoneros taldeko beste kide bat ere bazegoen, Juan Carlos Aguirre. Hura ere hil egin zuten. Mariana operazioan parte hartu zuten militarrek bahitu zuten, eta Margaritaren gorpua hobi komun batera bota zuten. Mariana txikia handik hilabete batzuetara aurkitu ahal izan zuten aitona-amonek.

Betidanik jakin izan du Marianak ama nor zuen; «egian hazteko zortea izan nuen», azaldu du GAUR8rekin eginiko elkarrizketan. HIJOS taldean militatu du 1996tik. Tucumanera 1998ean itzuli zen lehen aldiz, amaren heriotza dela-eta egindako epaiketagatik.

Demokrazian egonik ere, Antonio Domingo Bussi errepresorea zen oraindik ere Tucumaneko gobernadorea. «Nire amaren eta beste askoren hiltzailea Gobernuaren Etxean zegoen. Poliziak ez zigun baimendu egoitzara hurbiltzen. Erabat militarizatuta zegoen hiri batean nengoen, hori izan zen behintzat nire sentsazioa. Poliziak txakurrekin zein zaldi gainean zeuden, eta tankeak ere ez ziren falta kalean».

Biolentzia politikoan oinarritu ditu bere ikerketak Mariana Tellok. Tesia, Argentinan 70eko hamarkadan egon ziren talde armatuei buruz egin zuen. Oraindik ere tabua den gaia da, inork gutxi hitz egin nahi du herrialdean horri buruz. Diktadura garaitik bizirik irtetea lortu zutenekin lan egin du urteotan guztietan.

Cordobatik 15 kilometrora den La Perla atxiloketa zentro klandestinoan ere aritu da, ikertzaile eta bisita gidari gisa. Egun guztiontzat zabalduta dagoen museo bat da. Memoriaren eraikuntza eta transmisioa du helburu. Nahiz eta haraino iristea zaila izan, ehunka bisitari dituzte egunero-egunero; bigarren hezkuntzako ikasleak, turistak, herritar taldeak, sindikatuetako kideak, gizarte zibileko ordezkariak...

Uztailean, Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan parte hartu zuen Mariana Tellok. Donostiako Miramar jauregian egindako “Cuerpos incómodos: Violencia masiva, fosas comunes y necropolítica” kongresuan esku hartu zuen hizlari gisa.

Zerk eraman zintuen desagertuen mamuak aztertzera?

Egia esan, hori ez da nire ikerketaren mamia. 2001etik memoriaren eraikuntza eta gatazka soziopolitikoa izan ditut aztergai. Desagertuen senideei buruzko ikerketa batean esku hartu nuen laguntzaile gisa. Ondoren, Argentinan egondako talde armatuen eta ekintzaileen memoriak nahiz esperientziak jaso nituen tesian. Azken bederatzi urteotan kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera zirenen lekukotasunak bildu ditut. Ikerketa horien guztien erdigunean mamuen afera atera zen modu batera edo bestera; memoriaren, ikararen eta beldurraren beste adierazle bat da.

Mamuak lekukotasun anitzetan azaltzen dira, batez ere, diktadura garaian atxiloketa zentro klandestinoetatik gertu bizi zirenen ahotik, baita garaian soldaduska egiten ari zirenen edo eta ikasle soilak ziren soldaduen ahotik ere. Baina, beti off the record hitz egiten dute gaiari buruz. Bi multzootako kideak heriotzatik oso gertu zeuden, eta, errepresioan modu zuzenean esku hartu ez bazuten ere, gertatzen ari zenaren jakitun ziren. Ankerkeriaren ikusle ziren; bizilagunek, esaterako, desagertuen gorpuak eramaten zituzten kamioiak ikusten zituzten gauez. La Perlaren kasuan errausten zituzten gorpuzkien usaina ondoko zelaietatik barreiatzen zen. Behin, nerabe batek lurretik ateratzen zen esku bat ikusi zuen. Urte luzez isilpean gorde zuen ikararen ondorioz.

Adibide pare bat jarriko dizkizut. Guerreron, Jujuy probintzian, izen bereko atxiloketa gune klandestino bat egon zen. Hiru etxek osatzen zuten. Horietan, desagertuak preso edukitzeaz gain, torturatu egin zituzten. Egun lekua kanpaleku bat da. Sotoak hesitu egin zituzten. Bada, bizilagunek horietatik datozen garrasiak entzuten dituztela diote. Bertan torturatu zituztenen arimak direla diote, sotoak itxi zituztenetik preso daudelako.

Beste adibide bat. Carlos Charlie Moore D2 atxiloketa gunean denbora gehien egon zen atxilotu-desagertua da. “Cordobako gestapo” bezala ezagutzen da gunea. 1980eko hamarkadaren hasiera arte eduki zuten preso bertan. Miguel Robles poliziak Moore Ingalaterran elkarrizketatu eta “La Búsqueda” liburua idatzi zuen. Liburuaren pasarte batean, honakoa deskribatzen du Moorek: «Zaratak, kolpeak eta garrasiak entzuten hasi ginen. Gauza arraroak gertatzen hasi ziren, batez ere, ondoko hegalean. Gauez inor ere ez zen bertara gerturatzen, bertan arima bat zegoela zioten. La puta vagabunda, La puta vagabunda barata edo La bruja deitzen zioten. Gauza bat esango dizut, Miguel, Ingalaterran Geologia ikasi nuen eta zientzia gizona izan naiz betidanik. Sekula ez nuen pentsatuko mamuetan sinetsiko nuenik, baina, bene-benetan, leku nazkagarri horretan soinuak entzuten ziren gauez». Soinuak eta zaratak entzuten zituzten garai horretan, Moore zentroan zen atxilotu bakarra zen. Bera eta bere bahitzaileak zeuden soilik bertan. Ikaratuta soinu arraro eta beldurgarriok entzutean, airera tiro egiten zuten poliziek. Kontakizun bitxia da oso, normalean atxilotu ohiek ez baitute mamuei buruz hitz egiten.

Diktadura garaian Buenos Airesko ESMA beldurgarrian zeuden ikasleek kontatzen zutenez, gauez bertatik ihes egin nahi zuen emakume bat ikusten zuten, odolez zikindutako kamisoia jantzita. Irudia benetan beldurgarria zela zioten. Garita batean zegoen soldadu gazte batek bere buruaz beste egin zuen ezin zuelako jasan emakume horren irudia.

Beste ikasle bat igerilekuan hilik aurkitu zuten. Bainatzen zen bakoitzean hondotik zerbaitek tira egiten ziola sentitzen zuela kontatu zion kide bati. Egun batean, igeriketa klasetik atera zirenean, bera pixka bat gehiago geldituko zela esan zien ikaskideei. Aldagelara joatean ez zenez, haren bila joan eta igerilekuaren hondoan hilik topatu zuten.

Kontzentrazio eta tortura zentroak izandako guneetatik gertu bizi direnek ere hitz egiten dute mamuez. Cordobako San Vicente auzoko bizilagunek oin-bilurrez lotutako mamuen agerraldiez, zuhaitz artean agertzen eta desagertzen diren itzalez eta garrasiez hitz egiten dute San Vicente auzoan Campo de la Ribera atxiloketa zentro klandestinoa egon zen, baita hilerri bat ere. Mamuak bertan hil zituztenen arimak direla diote. Horrelako ehunka lekukotasun jaso ditut. Pentsa, hamar urte eman nituen ikerketa egiteko.

Aitortu beharra dut zalantza handiak izan nituela gaia nola planteatu erabakitzerakoan, horrelako gaiak ikuspuntu positibista batetik jorratzera ohituta baikaude. Hala, etengabeko borrokan nengoen nire izaera positibistarekin.

Nola hitz egin desagertuen mamuei buruz desagerpenei seriotasunik kendu gabe? Ondo egiten al dugu mamuei buruz hitz egiten, are gehiago Argentinan ukapen politika bat indarrean dagoenean? Argentinan desagertuak sakratuak dira giza eskubideen esparruan eta fribolitate orotatik ihes egin nahi nuen. Mamuei buruz hitz egitea badirudi tontakeria dela, horregatik denbora behar izan nuen horiei buruz idazteko, ez zuen gaizki ulerturik egoterik nahi. Behin zer gertatu zen ikertuta eta epaituta, baina, desagerpenen dimentsio hau aztertzen has gaitezke, nahiz eta desagertuen arimak sentitzen dituztenen testigantzak balio juridikorik ez izan.

Beti bizirik atera zirenekin lan egin dut eta mamuei buruzko istorio asko ezagutzen nituen. La Perlan egunero sei orduz lanean egon ondoren, kontakizunok beste modu batean ulertzen ditut. Ematen ditudan hitzaldi ia gehienetan galdetzen didate ea noizbait mamuren bat ikusi dudan. Erantzuna ezezkoa da, baina egunero han egonda, gauza mordoa sentitu nituen; hotza, zaratak…

La Perlan lan egin duzu luzaroan, bai ikertzaile bai gidari gisa. Nola deskribatuko zenuke esperientzia?

Argentinan, diktadura garaian, 600 bat atxiloketa gune klandestino egon ziren: polizia etxeetan, kuartel militarretan, ospitaleetan, bestelako eraikin publikoetan... “Klandestino” hitzak, baina, ez du esan nahi jendeak horien berri ez zuenik. Atxilotu gehienak ez ziren bizirik atera. Haien gorpuak desagerrarazi egin zituzten; batzuk hilerrietan kokatutako hobi komunetan lurperatu zituzten, beste batzuk erraustu egin zituzten, beste batzuk bizirik baina drogatuta hegazkinetatik itsasora jaurti zituzten... Horrenbestez, hildakoak edonon daude.

La Perla gune horietako bat izan zen. 17.000 hektarea dituen eremu militarra da. Hiltzeko zentro erraldoia izan zen, “Argentinako Auschwitz”. 1976tik 1978ra zabalduta egon zen. Pertsona gutxi batzuk besterik ez ziren bizirik atera bertatik. Lehenengo sei hilabeteetan, 2.000 eta 2.500 pertsonen artean desagertu ziren bertan. Tamalez, ez dakizkigu horien guztien nortasunak. Bizirik atera ziren gutxi horiei esker dakigu dakiguna. Egun memoriarako gune bat da.

Ni 2008an hasi nintzen bertan lanean, oraindik museoa ez zenean eta gela bakoitza zertarako erabiltzen zuten adierazi gabe zegoenean. Gauez, hogei urteko poliziek zaintzen dute. Goiz batean, iritsi bezain laster, horietako bat gerturatu zitzaidan. Gauero, 20.00etan, erronda egitean emakume baten oihuak entzuten zituela eta txakurrak atzeraka egiten zuela esan zidan. «Gela horretan zer zegoen?», galdetu zidan. Nik erantzun baino lehen, tortura gela ote zen galdetzen ari zen. «Emakumeren bat hil zuten bertan?», jarraitu zuen. «Bai, dezente», erantzun nion nik, «baina badago bereziki krudela den pasarte bat. Eguberri gauean, militarrek berandura arte torturatu zuten emakume bat. Familiarekin afaltzera joateko berandu egin zitzaiela ohartzean, emakumea hilzorian eta bakarrik utzi zuten tortura mahaian. Hurrengo goizean, beste atxilotu bat sartu zen gelan eta hor topatu zuen, azkenetan zela. Izena galdetu zion, eta, erantzun ostean, jada hil zitekeela sentitu zuen».

Poliziak neska horren argazkirik ote zuen galdetu zidan. Eman edo ez zalantzatan egon nintzen. Azkenean, desagertuen argazkien artetik emakume horrena erakutsi nion. Esku artean hartu eta zerbait xuxurlatu zion argazkiari. Ondoren, itzuli egin zidan. Barkamena eskatu behar ziola azaldu zidan. Oso une gogor eta disruptiboa izan zen. Diktadura ezagutu ez zuen gazte bat zen, polizia bat. Bi parametro horietatik La Perlan gertatutakoak eragin zizkion emozioez pentsatzera eraman ninduen.

Mamuek, beldurtzeaz gain, interpelatu egiten gaituzte. Errua sentiarazten digute eta zerbait egitera behartzen gaituzte. Baina, zer egin zezaketen ESMAko ikasleek atxilotu-desagertuen oinazearekin? Kamisoia odolez zikinduta zuen emakumearen irudiak oinazearekin eta muturreko biolentziarekin elkarbizitzearen eta norberaren arduraren arteko tentsioa sinbolizatzen du. Oinaze horren aurrean hartzen dugun jarrerak lekuko, salatzaile edo konplize potentzial bihurtu gaitzake.

Nola hartzen du jendeak desagerpenen auzia lantzeko ikuspuntu hau?

Jendeak bere sinesmenen eta munduaz duen ezagutzaren arabera hartzen du. Batzuei, mamuen gaia zirraragarria iruditzen zaie; beste batzuei, ordea, ergelkeria hutsa. Batzuek ez dute deus ere esaten momentuan, baina, gero, zuregana gerturatzen dira kontu kontari. Argentinako Forentse Taldearekin lan egin dut gorpuak lurpetik ateratzen, parametro erabat zientifikoak erabiliz. Baina gauza bat esango dizut: La Perlan nengoenean eta gaua iristen zenean, hotzikarak sentitzen nituen eta gela jakin batzuetara ez nintzen gerturatzen. Izugarrikeria ezagutzeko eta transmititzeko ez dago modu bakarra: pertsonak kontraesanez beteta gauden bezala, memoriaren transmisioa ere kontraesanez beteta dago.

Desagerpenak gertatzen hasi zirenean, lehen garaietan, senideek mediumengana jo zuten, beraien seme-alabak non zeuden jakiteko. Energiaz beteriko guneak dira atxiloketa zentroak eta bakoitzak modu desberdinean bizi du hori. Diktadura zuzenean bizi izan gabe ere, senti daiteke lekuotan dagoen energia berezia. La Perlara bisitan etortzen diren ume eta gazteak aipatu nahi nituzke; normaltasunez jasotzen dituzte mamuen istorioak, aurreiritzirik gabe. Askeagoak dira zentzu horretan. Goizero berrehun bat ikasle datoz eta arratsaldean beste horrenbeste, nahiz eta La Perla zelai baten erdian egon, hirigunetik urrun. Bisitok hezkuntza curriculumean sartuta daude, eta hori oso garrantzitsua da.

Horrelako leku batean egotearekin soilik, memoria aktibatu egiten da, memoria ez baita garai hori bizi izan zutenena esklusiboki. Modu batera zein bestera, guztiok dugu nolabaiteko harremana diktadurarekin. Belaunaldien arteko muga hori ezabatu egin behar dugu; gazteek ere badute diktaduraren berri, edo eskolan zerbait azaldu dietelako, edo familian entzun dutelako. Memoria iragana eta oraina da. Nola bihurtu zuten gerrillaria edo subertsiboa nazioaren etsai? Zer-nolako estrategia errepresiboak erabiltzen dira egun? Horretan guztian pentsarazten die.

Cordobako Unibertsitatearekin eta unibertsitate pribatuekin hitzarmenak ditugu. Bisita pertsonalizatuak egiten saiatzen gara, ez baita gauza bera gunea ikasle talde bati erakustea edo familia bati. Bisitari bakoitzari, lekukotasunen zatiak jasotzen dituen txartel bat ematen zaio, bai gertatutakoa jakin dezan bai transmititu dezan. Erakusketak, kontzertuak, emanaldiak... ere antolatu ditugu.

Zure tesia, baina, talde armatuen gainean egin zenuen. Zer dela eta aukeratu zenuen gai korapilatsu hori?

Nire ama 1976an hil zuten Tucumanen. Nire historia propioa pixkanaka ulertzen joan nintzen, urteekin. Borroka armatuaren azalpena zulo ilun batean gelditzen zen beti. Orain hortaz hitz egin daiteke, baina lehen ez, gai tabua zen. Zerbait esaten bazenuen, isiltzeko esaten zizuten, gerrillari baten alaba zinelako. Baina, zer esan nahi zuen “gerrillari” hitzak? 1997an, HIJOS taldean militatzen hasi nintzen; gure gurasoen legatua aldarrikatzea zen gure helburua. Gaia ikertzen hasi nintzenean, talde armatuetan parte hartu zutenak elkarrizketatzea erabaki nuen. Jakin nahi nuen zerk eraman zituen borroka politikoa egitetik borroka armatura igarotzera. Eta nola ulertzen zuten bai norbait hiltzea bai hilik suertatzeko arriskua, ordainsari oso garestiak biak ere. “Zergatik” galderari baino, “nola” galderari erantzun nahi nion.

Estigmatizatua sentitu zara, beraz, gerrillari baten alaba izateagatik…

Inoiz ez nuen esaten nor izan zen nire ama, eta, noski, are gutxiago azaltzen nuen bere militantzia. «Haren alaba» izatea egozten zidaten. Duela gutxi arte ez nuen esan nire ama gerrillaria izan zenik. «Zerbait egingo zuen» esaldia maiz errepikatzen zen; egin ziotena justifikatzen du esaldi horrek, eta oso mingarria da. Biktimari errua botatzea estrategia errepikakorra izan da. Garrantzitsua da legearen alde izatea, kritikak egiten badizkiogu ere sarri.

Zergatik da tabua oraindik ere talde armatuei buruz hitz egitea?

Biolentzia tabu bat delako gizarte guztietan. Bosgarren mandamentuak «ez duzu hilko» dio. Biolentzia gaizki ikusita dago. Egin zuten aukera ulertzen badut ere, ez dut partekatzen. Testuinguru historiko bakoitza ulertu egin behar da iritzi bat edo beste izateko.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek “La noche de los lapices” filma ikusten dute. Oso gordina den arren, beraien adineko ikasleei eta militantziari buruz hitz egiten du. Eskola garraiorako txartel bat aldarrikatzen zuten. Azken urteotan, 70eko hamarkadako militantzia bere egin du jende gehiagok; isiltasuna apurtuz joan da. Bizirik atera zirenak beraien militantziari buruz hitz egiteko gonbidatzen dituzte; hori ez zen lehen gertatzen.