Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Lourdes Perez eta Raul Marcos
emaize zentroko sexologoak

«Internetek denbora eta espazioa birrindu eta egoera berriak sortu ditu, baina, funtsean, arazo horiek lehen ere hor zeuden»

Hain digitala den sasoian, sexu hezkuntzak ezin du aparte utzi sarean gertatzen dena, kontatzen dena, bizitzen dena, maiz saretik kanpokoak bezainbeste pisu duelako. Ikuskera hori jasotzen eta zabaltzen saiatzen ari dira Emaize sexologia zentrotik.

Emaize sexologia zentroak “Sexualitateak digitalean” izeneko online ikastaroa antolatu du, datozen egunetan hasiko dena. Izan ere, oso garbi daukate gaur egun sexu hezkuntza txukun egitekotan, arlo digitalari begiratu behar zaiola derrigor. Lehen offline gertatzen ziren bizipen asko dagoeneko online gertatzen direlako, baita sexualitatearen arloan ere.

Informazio iturri emankorra da sarea eta askotariko ur-zurrustak dakartza, onak, txarrak eta oso txarrak. Non edan eta nola edan erakustea da gakoa Lourdes Perez –ikastaroaren zuzendaria– eta Raul Marcos –irakasleetako bat– sexologoen ustez.

Sexualitateak digitalean izenburua duen «online» ikastaroa abiatzear zarete. Zein da helburua?

[Raul Marcos] Heziketa sexuala egiteko orduan alor berri bat sortu da: alor digitala. Hain dago presente eta hain da garrantzitsua, ezin dela sexu heziketa landu mundu digitala kontuan hartu gabe. Ikastaroaren lehen helburua hori da: sexu hezkuntza txukun eta serio lantzekotan, arlo digitala barnebildu behar duela konturaraztea. Horrez gain, formakuntza digitala ez da hainbeste konexioez eta teknologiaz hitz egitea, pertsonei buruz hitz egitea baizik. Batzuetan teknologia ordenagailuak konektatuta dauden toki bat bezala irudikatzen dugu, eta, berez, pertsonak konektatuta dauden toki bat da. Lehen maila analogikoan egiten genituen gauza asko orain maila digitalean egiten ditugu. Offline bizitzaren eta online bizitzaren artean dagoen harreman estuaz konturaraztea da beste erronka.

Eta, batez ere, teknologiak eskaintzen dizkigun aukeren gainean jarri nahi dugu fokua. Teknologia berrien inguruko formakuntzan, arreta arriskuetan, debekuetan, beldurrean... jartzeko joera dago. Ez da formakuntza digitala egiteko biderik onena, ezta sexu heziketa egiteko ere. Denbora askoan akats hori egin dela uste dut: hezkuntza sexuala prebentziotik eta arriskuetatik abiatu izan da.

Sexu hezkuntza arriskutik baino plazeretik egiteko proposamena da, eta, gainera, sare sozialen errealitatea presente edukita. Txilinbuelta zaila dirudi.

[Lourdes Perez] Apustu garrantzitsua da zalantzarik gabe. Hezitzaileekin eta gurasoekin lan egiten dugunean, askotan aipatzen digute “ez dutela kontrolatzen”, mundu digitala arrotza zaiela eta horrek larritu egiten ditu. Guk horri buelta ematen diogu, ez da hain garrantzitsua baliabideak ez menderatzea, garrantzitsuena zure seme-alabei helarazi nahi diezun mezua da. Adibidez, kalean bakarrik ibiltzen hasi baino lehen zebrabideak nola gurutzatu erakusten diegu, semaforoak begiratzen... erreminta batzuk eskaintzen dizkiegu kalean bakarrik seguru samar ibil daitezen. Ba teknologiarekin, berdin, tresnak eskaini behar dizkiegu, tresna sozialak, jendearekin harremantzeko erremintak. Eta denbora eskaini behar diegu, beren zalantzak entzun eta horien inguruan hausnartu.

Mundu digitalak arazo berriak ekarri dituela esaten da askotan, baita sexualitatean ere. Horrela al da?

[R. M.] Hori gako oso garrantzitsua dela uste dut. Internetek eta aro digitalak arazo berriak eta arrisku berriak ekarri dituela dirudien arren, ez da egia. Lehenagoko arazo eta arrisku berdinak dira, baina agertoki berri batean.

Ez genuke ahaztu behar aro digitalak, hain justu, hori ekarri duela: espazio berri bat, online espazioa. Eta bertan offline egiten ditugun ia gauza guztiak egin ditzakegu. Batean eta bestean pertsona berdinak izan arren, ez dugu berdin jokatzen. Online espazioan berehalakotasun ikaragarria dago, Internetek denbora eta espazioa birrindu egin ditu. Denbora traba handi bat bihurtu zaigu, dena nahi dugu orain, berehala. Eta besteekin harremantzeko orduan, ligatzeko orduan, berdin.

Baina harreman horietan sortzen diren arazoak lehen ziren berdinak dira, gure izateko moduarekin lotuta daudelako. Internetek denbora eta espazioa birrindu ditu eta egoera berri batzuk sortu ditu, baina, funtsean, arazo horiek lehen ere hor zeuden.

Arazoa da komunikabide askotan Interneten inguruan egiten den irakurketa oso muturrekoa eta alarmista dela eta, noski, egunero-egunero albiste ezkor horiek jasotzen ari diren hezitzaileak eta gurasoak kezkatuta egotea normala da. Kezka horren aurrean, maiz debekura jotzen da eta horrek, epe luzean, ez du ondorio onik ekartzen. Adibidez, gure alaba igerilekuan itotzeko beldurrez bizi bagara, bi aukera ditugu: lehena, igerilekuan sartzea debekatzea, eta, bigarrena, igeri egiten erakustea. Gu, zalantzarik gabe, igeri egiten erakustearen aldekoak gara. Debekua erraza eta merkea da, baina ez da eraginkorra.

Sarean denetarik topa daiteke, txarrenetik onenera kabitzen den guztia. Sexualitatea modu sanoan bizitzeko tresnak eskaintzen al ditu?

[R. M.] Hori, noski, pertsonok egiten dugun erabileraren araberakoa da. Egia da Internetek asko azkartu dituela prozesuak, eta, bertan erabiltzen diren seduzitzeko estrategiak, taberna batean erabiltzen direnak baino askoz azkarragoak direla, adibidez. Eta azkartasun horretan, maiz, akatsak egiten dira.

Hala ere, Interneten gertatzen diren akats horiek edo sortzen diren korapilo horiek zerikusi handia daukate egun oso nabarmena den fenomeno batekin: gailu teknologikoek ematen diguten segurtasun sentsazio ikaragarria.

Sare sozial baten bitartez norbaitekin ligatzen ari bazara, zure etxean, zure konfort gunean, segurtasun sentipen faltsua sortzen da. Eta, ondorioz, zure bizitza intimoaren gehiegizko esposizio bat eman daiteke. Ez naiz ari bakarrik eduki erotikoez, bestelako datuez ere ari naiz. Esposizio erotikoa bezain arriskutsua izan daiteke esposizio emozionala; zure arazoak kontatzea, etxeko arazoak kontatzea... gailu teknologikoek ematen diguten segurtasun sentsazio faltsu hori oso arriskutsua da.

Horri, gainera, beste fenomeno nabarmen bat gehitu behar zaio: denok uste dugu publiko bat dugula sarean eta hori elikatu egin behar dugula, maiz gure bizitza pertsonala erabiliz.

Bi fenomeno horien ondorioz, maiz sarean saretik kanpo inoiz izango ez genituzkeen jarrerak eta jokabideak izaten ditugu.

Intimitatea ulertzeko eta bizitzeko modua aldatu egin da akaso?

[R. M.] Erabat. Gure aitona-amonen garaian baziren inoiz jendaurrean aipatzen ez ziren gaiak. Hori aldatu egin da hurrengo belaunaldietan eta orain aldaketa horrek beste buelta bat egin duela esango nuke.

Adibidez, duela urte batzuk #Aftersex traola zabaldu zen; orgasmo bat eduki eta berehala, edo, orgasmoa edukitzen ari zen unean bertan, jendeak argazkiak atera eta sarean zintzilikatzen zituen etiketa horrekin. Horri buruz nerabeekin hitz egiten dudanean, ez dute uste une hori intimoa denik, bizitza pribatuaren parte denik. Aldaketa bat egon da intimoa zer den eta publikoa zer den ulertzeko dugun moduan. Hor salto bat gertatu da. Niretzat intimoak diren gauzak gaur egungo nerabeen begietara ez dira intimoak, publikoak baizik. Aldaketa bortitza gertatu da

“Extimidad” kontzeptua bogan dago gaur egun. Horren arabera, pertsona batek sekulako beharra dauka munduari nor den, zer pentsatzen duen, zer bazkalduko duen, zer harreman sexual mota dituen... kontatzeko. Horren arabera, intimitateak balioa dauka publiko egiten denean bakarrik. Ondorioz, bizitza pribatua baliotsua bihurtzen da sarean iragartzen duzunean. Fenomeno horrek bere arriskuak izan ditzake, batez ere pertsona bezala garatzen ari zaren garaian. Nerabezaroa, berez, bizitzako une oso berezia da, dena berehala eta azkar nahi izaten dugu eta hausnarketa, maiz, ez da gertatzen une egokian. Teknologia berriek ere denbora desagerrarazteko joera dute, berehalakotasunaren mundua dira. Horregatik, nerabeak eta telefono mugikorrak elkartzea batuketa oso indartsua izaten da.

[L.P.] Bada beste alderdi oso garrantzitsu bat. Batzuetan zenbait jokabide ditugu, horiek izan ditzaketen ondorioetan pentsatu gabe. Bultzatu behar dugun aurretiazko hausnarketa da. Sarean zerbait zintzilikatzen dugunean, horrek izan ditzakeen ondorioen jakitun izan behar dugu. Gure formakuntzetan hori nabarmentzen saiatzen gara. Ez gara debekuaren aldekoak, baina gure jokabideek izan ditzaketen ondorioen jakitun izan behar dugu. Hori da erronka.

Sexualitatea erakusleihoari begira bizitzea, norbere beharretatik aparte, ez al da arriskutsu samarra?

[L.P.] Zalantzarik gabe. Indarra ez da hainbeste jartzen norbere beharretan, norbere nahietan, baizik eta kanpora begira saldu behar den horretan. Eta sare sozialetan saltzen den guztia hain perfektua denez, pentsa daiteke sexualitatea beti horrela izaten dela, ideala. Horrek bere arriskuak ditu.

[R.M.] Sare sozialak zerbait badira, norberak bere burua saltzen duen erakusleiho handi bat dira. Normala denez, bakoitzak erakusleihoan bere onena jartzen du, bere aurpegirik onena. Arazoa sortzen da batek, bere etxetik, besteen erakusleiho perfektuak bere dendaostearekin konparatzen dituenean. Hori maila askotan gertatzen da.

Pentsa, helduok maiz sentipen horiek izaten baditugu, zer sentitu behar du nerabe batek bere kontaktuen erakusleiho perfektuak bere biltegi itsusiarekin konparatzen dituenean? Denok galtzaile gara konparaketa horretan.

[L.P.] Horregatik da garrantzitsua erakusleiho perfektu horiek begiratzen ikastea. Hezitzaileekin eta gurasoekin bereziki lantzen dugu hori, nerabeei ikusarazi behar diegu erakusleiho horien atzean dendaosteak ere badaudela, gauza itsusiagoak gordetzen dituzten biltegiak. Eta pertsona guztiek ditugula horiek.

Pornografia ere hor dago. Hori aldatu al du aro digitalak?

[R.M.] Internetek ez du pornografia aldatu. Pornografia Internetez baliatu da inoiz ez bezala zabaltzeko. Izan ere, pornografia apenas aldatu den azken hamarkadetan. Dagoen pornografia txarrena kontsumitzen dugu, gainera. Baina pornografiak beti asmatu du teknologia erabiltzen bere zabalkunderako eta orain ere horixe bera egin du Internetekin.

Arazoa da gaur egun inork bilatzen ez duen tokietara ere iristen dela pornografia. Bi kontsumitzaile mota daude; batzuk kontsumitzaile aktiboak dira, pornografia bilatzen dutenak, eta, besteak, kontsumitzaile pasiboak dira, bilatu ez arren topatzen dutenak. Pertsona horrek ez badauka konparatzeko elementurik, ez baldin badaki pornografia erotikaren zientzia fikzioa dela, ez bada kontziente martetarren filma bat ikusten ari dela, pentsatzen du ikusten ari dena benetakoa dela eta martetar horiekin konparatzen hasten da. Eta, noski, pentsatzen du berak ere martetar horiek bezala jokatu behar duela. Hori da arazoa.

Harrigarria da, nerabeekin pornografiaz hitz egiten dugunean, ez dutela pentsatzen film horietan mozketak eta edizioa dagoenik ere. Pentsatzen dute dena erreala dela.

[L.P.] Gauzek bere denbora behar dute, baina espazio birtualean dena oso azkar pasatzen da, film batean bezala. Guk indar handia jartzen dugu denboraren kontuan. Dena azkar eta berehala gertatzen da. Horren parean, pixkanaka-pixkanaka joatea, une guztiak gozatzea, besteari denbora eskaintzea... hori guztia aldarrikatu behar dugu. Geratzea, hausnartzea, begiratzea, gozatzea... hori guztia aldarrikatu behar dugu.

Patxada falta zaio aro digitalari.

[R.M.] Aro digitalak denbora birrindu egin du, desagerrarazteraino. Konexioak eta loturak nahastu egiten dira. Loturak topatu nahian dabil jende asko sarean eta konexioak baino ez ditu topatzen. Izan ere, loturek denbora behar dute. Eta badirudi denbora eskaintzea, denbora galtzea dela.

Youtubeko tutorialen garaia da. Baita sexualitatean ere?

[R.M.] Baietz esango nuke. Deustuko Unibertsitateak ikerketa bat egin du gazteek zalantzak dituztenean nora jotzen duten ikusteko. Wikipediara jotzen dutela pentsa genezakeen arren, ez da horrela, Youtubeko tutorialetara jotzen dute. Horren arrazoi nagusia, nerabeen arabera, Youtuben erreprodukzio kopurua zehazten dela da, bideo hori zenbat pertsonak ikusi duten jakin dezaketela. Horrek fidagarritasuna ematen die. Informazioaren aroan, askotariko informazioa daukagu eskura: ona, txarra eta oso txarra. Informazio uholde horren aurrean, garrantzitsua da irizpideak izatea.

Hezitzaileek eta gurasoek atea irekita edukitzea garrantzitsua da, ezta?

[L.P.]. Zalantzarik gabe. Entzutea, beren kezken berri izatea... garrantzitsua da. Jasotzen duten informazio uholde horretan ezinbestekoa da iragazkiak jartzea eta hori helduon lana da. Guk erakutsi behar diegu zein iturritan edan dezaketen ura eta zeinetan ez.