2018/10/06

Erreportajea
TLATELOLCO AHAZTEZINA
Ehunka ikasleren sarraskitik 50 urtera, kiribil hilgarrian jarraitzen du Mexikok

1968. urteak ez zituen soilik Paris, Praga edo Berkeleyko altxamenduak ezagutu. Mexikoko ikasleena ikaragarria izan zen, eta are ikaragarrikeria handiagoa Gobernuak hura isiltzeko agindutako sarraskia. Olinpiar Jokoak hastear zirela ehunka ikasle hil zituzten, disidentzia oro eskarmentatzeko. Tlatelolcoko haziak, baina, fruitua eman du.

Mikel Zubimendi Berastegi
8_mexico_masakreahiruosoona

Mexikon egun dauden 60.000 hildako eta desagertuekin ez dauka konparazio punturik 1968an Ipar Amerikako herrialdeak bizi zuen egoera, baina egon badago egoera izugarri hori eta Tlatelolcoko sarraskia lotzen dituen dituen hari bat. Izan ere, duela 50 urteko Tlatelolcoko Hiru Kulturen Plazako sarraskiak eman zion abiapuntua herrialdeak azken mende erdian bizi duen biolentzia kiribil odoltsuari. Izugarrikeria hutsa izan zen 1968ko urriaren 2an Tlatelolcon gertatutakoa, garaiko Gobernuaren goi mailetan planeatu eta agindutako triskantza. Paradoxarik mingarrienean, egia juridikoaren arabera, sarraskigilerik gabeko sarraskia.

300 ikasle hil eta milatik gora zauritu zituzten balaz milaka soldadu eta poliziak Tlatelolcon. Metrailetekin eta tankeekin ikasleak batzartuta zeuden plaza inguratuta, erraz hiltzeko moduko “ehizaki” aproposak ziren ikasleak. Gehien-gehienak bizkarretik tiro emanda hil zituzten, militar eta poliziek aurrean jartzen zen edonor hiltzeko Gobernuaren agindua jaso ondoren. 1968. urtea zen, Parisko Maiatzaren urtea, Pragako Udaberriarena, Berkeleyko protestena, hippy eta pantera beltzena, Martin Luther King edo Robert Kennedy bezala, Txabi Etxebarrieta ere hil zuten urtea… Mundu osoa matxinatuta zebilen, sozialki pil-pilean zeuden hango eta hemengo giroak.

Baina, Mexikon gertatuak, beste dimentsio bat izan zuen. Neurrigabeko sarraskia izan zen, Latinoamerika osoa hunkitu zuena. Eta Mexikon egun gailentzen den bortxakeria eta zigorgabetasuna, esan bezala, handik dator. Tlatelolcon sarraskitu zituzten ehunka ikasleen eta Atyotzinapan desagertutako 43 ikasleen tragediak hari berak jositakoak dira, Acteal, El Charco, Atenco, Apatzingan, Tlatlaya eta beste hainbat tokitako torturak, exekuzioak, desagerpenak, gizateriaren aurkako krimenak lotzen dituen haria.

Olinpiaden itzala

Mexikon Olinpiar Jokoak egin ziren urtea izan zen 1968a. Tlatelolcoko sarraskitik 11 egunetara hasi ziren. Ikasle mugimendu mexikarra antiinperialista eta libertarioa zen, eta bere lelo oihukatuena “Ez dugu Olinpiadarik nahi, iraultza nahi dugu!”. Indarrean zen ordenaren aurka, 1929tik PRI alderdiak monopolizatutako ordena autoritario, monolitiko eta gupidagabearen kontra altxatua ziren ikasleak.

Orduko presidenteak, CIAko informatzaile Gustavo Diaz Ordaz, eskularru zuriko “ganadu-hiltzaile” legez jokatu zuen. Edo hobe esanda, Tlatelolcon bertan 1521ean azteken kontrako genozidioa hasi zuen Hernan Cortesek bezala, ezin zuen ikasleen desafioa jasan, ezta onartu ere. Are Olinpiar Jokoak hasteko bi aste baino gutxiagoren faltan.

Basakeria mugarik gabeko krudeltasunarekin antolatu eta gauzatu zen. Doktrina militarrak ikasleak “aberriaren traidore” ziren ideia zabaldu zuen. Gobernuaren propaganda aparatuak ikasleen mugimenduak “konjurazio komunista” bati erantzuten ziola hauspotu zuen, klima itogarria sortuz: sarraskia Mexikoren salbaziorako ezinbestekoa zen. Uniformatuta zein kaleko jantziekin, milaka soldadu eta poliziek gupidagabe tirokatu zituzten ikasleak helburu estrategiko zehatz batekin: PRIk monopolizatutako dominazio eta hegemonia sistema bere horretan mantentzea.

Sekula ez ziren ardura penalak depuratu, krimen higuingarri hark ez zuen egilerik izan, dena estali zen zigorgabetasun tapaki baten pean. Egia ofizial bakar eta eztabaidaezina dekretuz ezarri nahi izan zen, sarraskia istilu huts bihurtuz. Eta nola diren gauzak, hilotz asko artean identifikatzeke zeudela, Diaz Ordaz presidenteak, Guadalupeko ama birjinaren bedeinkapenarekin eta uso zuriak askatu ostean, Olinpiar Jokoak ezer gertatu izan ez balitz bezala inauguratu zituen! Pentsa, munduko herrialde bakar bat ere ez zen Olinpiar Jokoetatik erretiratu! Ez zen protesta agiri bakar bat ere atera! Aitzitik, nazioarteko komunitateak “zorigaiztoko gertakari” hartan erakutsitako adoreagatik zoriondu zuen presidentea!

Abiapuntu, prozesu baten arnas

Hamarkada luzez Tlatelolcoko sarraskiaz hitz egitea ekidin zen Mexikon, gai tabua zen. Urteak joan urteak etorri ez zen epaiketa historiko edo politikorik egin, parte hartu zuten polizia eta militar buruak kondekoratu egin zituzten, Diaz Ordaz presidentea Mexikoko ohorezko panteoian lurperatu zuten. Hain da hauskorra eta iragankorra memoria! Gauzak, baina, aldatu egin dira Mexikon. Ezkerreko haize batek zafratu ditu bazterrak eta Andres Lopez Obrador presidente berria, Tlatelolco bertan milaka jarraitzaileren aurrean konprometitu berri da herriaren aurka Armada inoiz gehiago ez erabiltzen, eta 68ko sarraskian ardura zuzena izan zuten Presidentetzaren Estatu Gorenaren adar militarra eta Nazio Segurtasun eta Ikerketarako Zentroa desagertu egingo direla aurreratu du.

Tlatelolcoko Hiru Kulturen plazako zoruan, 50 urte eta gero, odolaren arrastoa, odolaren usaina ez da desagertu. Ezabatu ezin daitekeena ezin daitekeelako ezabatu, ahazten ez dena ahantzezina delako, barkaezina dena barkatu daitekeelako soilik. Memoriaren eta historiaren argi larrien bistara, memoriaren zaurien eta historiaren purgatorioaren aurrean, baina, suelto eta aise ibiltzea ez da ahanztura, grazia eta askatasuna baizik.

Horregatik ez da ahazten Tlatelolco. Abiapuntu izan zelako, oraindik amaitu ez den prozesu politiko baten arnas. Han hartu zuen mexikar gizarteak bere buruaren eta bere aukeren gaineko kontzientzia. Lopez Obradorrek esana da: ezkerra Gobernura iritsi da Tlatelolcon landatu eta sarraskituen odolak ureztatutako haziaren fruitua delako, espazio berriak irabazteari inoiz utzi ez diolako.

Estatuaren propaganda aparatuek «aberriaren traidore» eta «komunista» gisa aurkeztu zituzten ikasleak, sarraskia Mexikoren salbaziorako ezinbestekotzat aurkeztuz

Tlatelolcon, odolaren arrastoa, usaina, ez da desagertu. Ezabatu ezin dena ezin daitekeelako ezabatu, ahazten ez dena ahantzezina delako, barkaezina dena barkatu daitekeelako soilik