Iñaki Soto

Kanpo hautagarritasuna eta barne demokrazia

Duela doi-doi hiru urte Alex Salmondi elkarrizketa egiteko aukera izan genuen [goo.gl/s3CAe3]. Pertsona azkarra eta animalia politikoa iruditu zitzaidan. Bereziki arriskutsua ez iruditzeagatik zeharo arriskutsua izan daiteken politikari horietako bat. Hasiera batean arerioek gutxiesten duten horietako bat, hain zuzen ere. Konturatzen direnerako, ordea, berandu izan daiteke. Eskozian independentziari buruzko erreferenduma egiteko erakutsi zuen lidergoa horren adierazle da, besteak beste.

Horretxegatik, une hartan Salmondek Jeremy Corbyn nola gutxiesten zuen entzuteak harritu egin ninduen. Maiz oroitu naiz pasarte hartaz. Salmondek bere laguna zela aitortzen zuen, benetan baloratzen zuela Corbyn pertsona bezala eta bere zenbait iritziren alde ere bazegoela zioen, baina hautaezina (unelectable) zela uste zuen. Errespetu handiz gutxietsi zuen. Primarioak irabaziko zituela aurreikusi zuen, baina lehen ministro izateko aukerarik ez zuela gogor defendatzen zuen. Jendeak ezin omen zuen herri baten buru bezala ikusi. Ulertzen nuen esan nahi zuena, mundu anglosaxoian “lehendakarigaiaren irudia” termino politiko ohikoa baita, baina bere hitzen biribiltasunak harritu egin ninduen. Duela urtebete Salmondek hauteskundeetan bere aulkia galdu zuenean, nola ez, pasarte hartaz oroitu nintzen. Jakina, Salmond bi sexu eraso egiteagatik salatu dutenean eta bere alderdian militantzia bertan behera utzi behar izan duenean, berriro oroitu naiz. Barne eta kanpo mailan hautaezina bera da orain.

Onartu behar dut, Salmond ez zitzaidan hipokrita iruditu, baina bai zinikoa. Zenbait politikari kataluniarrekin dudan sentsazio berbera izan nuen berarekin. Esaten dutena sinisten dutela esango nuke, baina kontrakoa sinistu eta esateko arazorik ez luketela izango dirudi.

Demokrazia botere harremanei buruz mintzo da

Britainia Handiko Alderdi Laboristak berriki egin duen konferentzian Corbynen hautagarritasuna mahai gainean egon den auzietako bat izan da, hain zuzen ere. Hainbat analistaren iritziz, hauteskundeei begira abantaila ematen dioten inkestez harago, Corbynek lehen ministro izan daitekeela erakutsi du oraingoan.

Aurrekoan, erredakzioan bere diskurtsoa entzuten geundela, lankide batek sekula zuzenean entzun gabe zeukala eta zirraragarria iruditu zitzaiola esan zidan. Horrez gain, “Seven Nation Army”-ren leloa entzun ondoren, ezin duzu burutik kendu [goo.gl/yfMo7f]. Benekotasunez hitz egiten du eta, aldi berean, bere diskurtsoan oinarrizkoak diren ideiak behar den indarrarekin kokatzen ditu, beti, falta gabe.

Corbyn alderdiaz harago britainiar herriarentzat hautagarria egiteaz gain, Konferentzian piztu den beste eztabaida bat hautagaiak, koadro politikoak eta zuzendaritzak hautatzeko mekanismoei buruzkoa izan da. Momentum mugimenduaren eta laborismoan indar handia duten sindikatuen artean talka piztu da. Biak dira corbynistak, bien indarrez lortu da Corbyn bai barne mailan hautatzea baita kanpo mailan hautagai izatea ere. Barne mailan, ordea, interes kontrajarriak dituzte. Demokrazia kontzeptu politiko nagusia da eta, ondorioz, botere harremanei buruz mintzo da. Britainiar politikaz harago, honako hau joera bat markatzen duelako iruditzen zait eztabaida interesgarria. •