Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
loretta cornejo
psikologoa eta psikoterapeuta

«Helduak erabat galduta daude, nerabeak baino galduago; nerabea galduta egoteko sasoian baitago»

Adoleszentziak gehienetan min ematen du; bai nerabeari, baita inguruko helduei ere. Haustura eta bilaketa garaia da, gora-beheratsua, bizia eta liskartsua normalean. Kontrakoa iruditu arren, lasaitasun mezua da Loretta Cornejo adituak zabaldu nahi duena.

Perun jaioa da, baina Madrilen bizi da. Hala ere, urtean bizpahirutan bueltatzen da jaioterrira, askotan, lanera. Psikologoa eta psikoterapeuta da eta ibilbide luzea egin du haurrekin eta nerabeekin lanean. Gestalt Euskal Institutuak gonbidatuta izan da Donostian, adoleszentziaren inguruko hitzaldi bat ematen. Bere mezua zuzena da, «bai ala bai, nerabezaroak min ematen du. Pasatu beharreko sei urte dira».

Adoleszentzia aipatu orduko ilea lazten zaie gurasoei. Nola definituko zenuke sasoi hori?

Adoleszentzia latineko adolecer hitzetik dator eta «min ematen duena» esan nahi du. Nik beti esaten dut nerabeari ez ezik, inguruan dituen gurasoei eta helduei ere min ematen diela. Gurasoei, berriz, doluminak ematen dizkiet. Gutxienez sei urte direla –13 eta 19 urte bitartean nagusiki– eta hasi baino ez dela egin esaten diet.

Nerabezaroa aurreratu egin dela esaten da.

Bai, aurreratu egin dugu. Hezkuntza sistemak aurreratu du batez ere. Lehen hamalau urte zituztela joaten ziren institutura eta, orain, hamabi urte dituztela. Eskola aldaketa, ikasgai berriak, lagunak, giroa... ume batentzat bi urte asko da. Gizarteak, sistemak, aurreratu du nerabezaroa.

Derrigorrean min eman behar du adoleszentziak?

Bai, segur aski bai. Ni ere nerabezaroan erabat minduta nengoela gogoratzen naiz: egun beldurgarriak, erabat beltzak; bizitza zoragarria da une batean eta, segidakoan, kaka bat; inork ez zaitu ulertzen...

Horren atzean hormonen aldaketa ere badago, horrek umore aldaketa handiak ekartzen dituelako; tristura, egoera emozional desberdinak, suminkortasuna... karga biologikoa ez genuke ahaztu behar.

Baina, horrez guztiaz gain, kontuan izan behar dugu aurreko etapa, 9-10 urtekoa, urrezko garaia dela. Gurasoek pentsatzen dute hezkuntza prozesua ondo joan dela, dagoeneko seme-alabek dena ikasi dutela eta eurek, gurasoek, atseden har dezaketela. Horregatik, hormonen iraultza hasten denean, ustekabean harrapatzen ditu gurasoak.

Nerabezaroa beti izan da paretsua, beraz. Gurasoek hori kudeatzeko duten modua al da aldatu dena?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen gurasoek oso garbi zeukaten beren egitekoa: Arauak eta mugak jartzea. Ez zitzaien piperrik inporta haurrek pentsatzen edo esaten zutena. ‘Hau horrela da nik esaten dudalako eta kito’. Hori zen metodoa. Horren parean, haurrak edo nerabeak bazekien arauren bat hausten zuenean zertan ari zen eta garbi zeukan horrek ondorio bat izango zuela. Eta, hala ere, nerabeak araua hausten zuen; batzuek nabarmen, besteek disimuluan... bakoitzak bere estiloan.

Baina nerabeak beti bilatzen du haustura, aurreko belaunaldiarekin puskatzea eta desberdintasunak markatzea, hori adinaren ezaugarria da.

Orain, baina, gurasoak galduta daude, ez dakite oso ondo nor diren eta zer egin behar duten. Ez dute oso gogor jokatu nahi, nerabea kaltetuko dutelakoan. Nahiago dute hitz egin, baina semeak edo alabak ez badizu hitzik egiten, nola? Ez dakite zein arau eta muga jarri... Helduak erabat galduta daude, nerabeak baino askoz galduago. Finean, nerabea galduta egoteko sasoian dago. Bere nortasuna topatu nahian dabil eta hori, beti, inguruko helduei kontra egiten eraikitzen du. Baina inguruan dituen helduek ez badakite oso garbi non dauden eta zer egin behar duten, nerabea are gehiago galtzen da.

Adoleszentzia haustura garaia dela diozu.

Bai, eboluzio-prozesuan nerabearen egitekoa dauden arauak haustea eta aldatzea da. Nerabeak funtzio bat dauka jendartean eta aldaketa asko berak gidatu ditu. Nerabeak borroka egiten du, helduak ezetz esaten du; nerabeak borrokan segitzen du; helduak ezetz esaten jarraitzen du... eta ondoren negoziaketa dator.

Arazoa da gaur egungo nerabe askok ez dakiela zeren kontra joan, ez dutelako araurik eta mugarik. Horregatik, transgresioa kaotikoagoa eta arriskutsuagoa da.

Garai batean transgresioa izan zitekeen etxeratzeko ordua ez errespetatzea, gurasoek debekatutako moduan janztea, sexu harremanak izatea... norberak topatzen zuen zer hautsi eta nola. Gaur egun, berriz, dena baimenduta badago; nahi duzun orduan etxeratzen bazara, nahi duzun bezala janzten bazara, sexu harremanak oso adin goiztiarretan eta gurasoen baimenarekin baldin badituzu –nerabeek bikotekideak etxera eramaten dituzte eta gurasoek etxeko bezala hartzen dituzte...–, zer hautsiko duzu? Eta nerabeak berezkoa du hausteko beharra.

Horregatik, gaur egun maiz arau sozialak hausten dituzte eta erakunde publikoak dira arazo horiek konpondu behar izaten dituztenak; epaileak, poliziak, gizarte laguntzaileak... Nerabea ozen ari da eskatzen ‘geldi nazazue mesedez’ eta dagoeneko gurasoek bakarrik ezin dute geldiarazi, erakunde publikoen laguntza behar dute.

Diozunaren arabera, nerabea mugak eskatzen ari da.

Bai, zalantzarik gabe. Bere bultzadak biologikoak dira, ezin ditu menderatu; bultzada sexualak ditu, biolentoak, emozionalak, adikzioak bultzatzen dituztenak... Denok izan ditugu horiek, baina arauak, mugak, debekuak, ordutegiak baldin badaude, hori guztia kudeatu daiteke. Horrek ez du esan nahi horiek beteko dituztenik; arauak hautsiko dituzte, errietak izango dira etxean, haserreak, ateari danbatekoak emango dizkiote, alde egingo dute eta etxera bueltatu... baina hori guztia adoleszentziaren parte da, normala. Baina horri ondo eutsiz gero, ez du zertan larriagotu.

Baina, noski, hori guztia ezin da nerabeak 13 urte dituenean jarri mahaiaren gainean. Aurretik lana egin beharko da, ezta?

Zalantzarik gabe. Hasiera-hasieratik hasten da dena, haurra jaiotzen denetik. Arauak eta mugak beharrezkoak dira. Nik badakit etxe guztietan daudela arauak, baina beste gauza bat da arau horiek betetzen ote diren.

‘Esaten diot baina ez dit kasurik egiten’. Ados. Ba, guraso bezala, haurrak kasu egiteko tresnak beharko dituzu, ezta? Eta tresna hori, noski, ez da zaplazteko bat. Baina haurrak garbi eduki behar du helduak ezetz esaten duenean, ezetz dela. Horregatik da garrantzitsua lauzpabost ‘ez’ finkatzea, garrantzitsuenak eta lehentasuna dutenak, eta horiek errespetatzea. Alferrikakoa da denari ezetz esatea eta gero horiek denak baiezko bihurtzea.

Aukeratu eta zehaztu ondo zein diren ezinbesteko arauak, hautsi ezin direnak, eta horiei tinko eutsi. Arauak ezin dira gurasoaren umorearen edo haurraren portaeraren mende egon. Arauak beti dira arau.

Ohiturek, erritualek, ere garrantzia dute; lotarako ordua, etxeko-lanak egiteko ordua, mahaia jartzea egunero, jolasteko tarteak zehaztea, bainua hartzeko ordua... Gero, etxe bakoitzean beren erara egingo dituzte, baina haurrak errutinazko gutxieneko egitura batzuk behar ditu. Gero, nerabezaroan, horren guztiaren kontra joko dute, baina garbi izan behar dute zeren kontra joan; ez dut zuekin afalduko, ez naiz dutxatuko, ez zaituztet agurtuko etxera sartzean...

Heziketa autoritario batetik beste muturrera pasatu garela diozu.

Lehengo heziketa oso autoritarioa zen eta gaurko gurasoek ez dituzte jarrera haiek hartu nahi. Gauza bat autoritarismoa da eta, beste bat, gurasoen autoritatea, mugak jartzeko gaitasuna. Horiek ez dira nahastu behar.

Seme-alabek gurasoek maitatu ditzakete eta baita gorrotatu ere. Erabat normala da. Nik askotan gorrotatu izan ditut nire gurasoak eta halaxe adierazi izan diet, baina haiek ez ziren kezkatzen. Bazekiten beren alaba nintzela eta kito. Gaur egun, baina, bada denak ondo moldatzeko behar bat, errietarik ez egitekoa, ez haserretzekoa...

Adibidez, etxe askotan logela bakoitzean telebista bat dago. Zergatik? Anai-arreben artean telebistako agintearen kontura liskarrik ez izateko. Zergatik? Anai-arreben artean liskarrak izatea ondo dago, denok izan ditugu. Orain irribarre batekin gogoratzen ditugu telebistako agintea hartzeko borrokak, sofa nagusia hartzeko liskarrak... edozer gauza egin zitekeen horiek lortzeko. Orduan oso gaizki sentitzen ginen, anai-arrebak gorrotatu egiten genituen eta seme-alaba bakarra izan nahi genuela sentitzen genuen. Baina une horiek hazten lagundu digute, elkarrekin bizitzen eta negoziatzen erakutsi digute. Une garrantzitsuak izan dira.

Gurasoak etengabe epaituak sentitzen dira, hala ere.

Bai, eta arrazoia daukate, etengabe epaituak direlako. Supermerkatu batean haur batek sekulako kasketa harrapatzen badu, inguruko guztiek gurasoei begiratzen diete gaizki hezi balute bezala, errua gurasoena balitz bezala. Jendarteak etengabe epaitzen ditu gurasoak, informazio bonbardaketa sekulakoa da eta gurasoak askotan galduta daude. Badirudi egiten duten guztia gaizki dagoela.

Lehen informazio gutxiagorekin hezten ziren seme-alabak.

Eta sen on handiagoarekin. Orain informazio askorekin eta errudun sentimenduarekin hezten dira seme-alabak; buila egin diot eta akaso mina eman diot, zigortu egin dut eta akaso ez nuen egin behar... batzuetan asmatzen da eta besteetan ez, eta ez da ezer pasatzen. Haurrak hazi egin beharko du eta ez du beti inguru guztia begira edukiko, ez dute zorionduko egiten duen guztiagatik...

Nire ustez, min gehien egiten duena gurasoen segurtasun falta hori da. Eta nerabeek halaxe adierazten didate beti: dena barkatzen dut, gezurra eta engainua izan ezik. Nerabeek badakite gurasoak onak direla eta ahal duten ondoen aritzen direla. Eta, batzuetan, hanka sartzen dutela. Askotan esaten didate nerabeek, zerbait gaizki egiten dutenean, ez dutela jasaten gurasoak ondoan eseri eta ordu erdiz hizketan aritzea. Asko maite dutela, ez dela jator aritu.... hitz jarioa amaitzeko irrikan egoten dira. ‘Zigortu nazatela eta kito’, esan ohi didate. Batzuetan askoz eraginkorragoa da ‘ez’ zorrotz bat. ‘Nik esan dudalako, zure aita edo ama naizelako, nire etxean bizi zarelako eta hemen arauak nik jartzen ditudalako’. Badakit gurasoentzat oso frustagarria dela, nahiago luketela komunikazioa bestelakoa izatea. Baina egoera batzuetan eraginkorragoa da arauak betearaztea eta kito.

Haurren «sufrimendua» ez da oso ondo kudeatzen.

Ez, eta sufrimendu normalaz ari naiz, eguneroko gauza txikietan sortzen denaz. Etorri izan zait kontsultara ama bat, erabat kezkatuta, sekulako arazoa zuela esanez: ‘Alaba ikasgelaz aldatu dute, bere laguntxo guztiak beste gela batean jarri dituzte eta bera, lagun batekin bakarrik. Irakaslearekin, eskolako psikologoarekin eta zuzendariarekin hitz egin dut eta ez didate lagundu nahi’.

Nire erantzuna garbia izan zen: Zure alabak zortzi urte ditu, nortasun handiko neska da eta ez dauka arazorik. Lagun berriak egingo ditu eta egoera berrira erraz moldatuko da, uzten badiozu. Zure alabak baditu baliabideak.

Kasu horretan, ama oso mezu ezkorra ari da bidaltzen bere alabari, hura ahultzen ari da, adierazten ari zaio ez duela gai ikusten egoera berrira moldatzeko. Gehiegizko babesarekin haurrak oso zaurgarriak bihurtzen ditugu.

Zuk aipatutako adibidean gaur egun kezkagarria den egoera bat ere ikusten da: Irakaslearen erabakiak zalantzan jartzeko joera zabaltzen ari da gurasoen artean azkenaldian.

Bai, eta nerabeak hori oso ondo daki eta erabili egiten du. Irakasleen panorama ere asko aldatu da, autoritatea galdu dute eta beren jarduna epaitua izaten da etengabe. Irakasle batzuei ez die eragiten eta beren lana ahalik ondoen egiten segitzen dute. Beste batzuei, ordea, ezinegon handia sortzen die.

Nerabearen begietara bere inguruko helduak ez dira ezertaz enteratzen, ez irakasleak, ez gurasoak...

Hori adoleszentziaren ezaugarri bat da eta beti izan da horrela. Nerabeak pentsatzen du bere gurasoen eta irakasleen gainetik dagoela, horiek tentel hutsak direla, ez dituztela ulertzen... Orain horrela da eta lehen ere horrela zen. Nire gurasoei esaten banien ez zidatela ulertzen eta gorroto nituela, ‘oso ondo, baina zigortuta segitzen duzu’, esaten zidaten. Orain gurasoei asko eragiten diete horrelakoek, oso gaizki sentitzen dira eta oso txiki bihurtzen dira beren seme-alaben aurrean. Beren burua zigortzen dute, guraso bezala huts egiten dutela sentitzen dute... eta ez da egia. Eutsi egin behar diote egoerari, egiten dutena segurtasunez egin behar dute, gaizki edo ondo, baina segurtasunez. Eta lasai hartu, beren burua epaitu eta zigortu gabe.

Existitzen al da adoleszentzia modu lasaian bizitzeko formula magikoren bat?

Ez, ez dago. Nerabeen iraultza garrantzitsua da eta ingurukoek onartu egin behar dute. Nerabea da bizirik mantentzen gaituena. Nire kontsultan, sekula ez dut jakiten nola iritsiko diren nire paziente nerabeak; ilea aldatzen dute astero, aste batean apaiz izan nahi dute eta hurrengoan abeslari, mundua ikusteko duten modua, beren idealak defendatzeko duten indarra, mundua ikusteko duten era... Nerabea bizitza da, bor-bor dagoen bizitza.

Badakit, hala ere, astunak direla, beti aspertuta daudela, logurak daudela egun osoan –hori hormonen errua da–, gosea dutela beti, erraz haserretzen direla... baina askoz gehiago kezkatzen naute iraultzarik bizi ez duten nerabeek, lasai daudenak, etxetik ateratzen ez direnak eta arauak hausten ez dituztenak. Horiek gehiago kezkatzen naute. Egia esan, benetan kezkatzen nautenak bi muturrak dira; araurik hautsi gabe eta zintzo-zintzo daudenak eta arau guztiak hautsi eta muturreraino joaten direnak, beren buruari min emateraino.

Diozunaren arabera, batzuetan nerabea lasaia da eta arauaren barruan dabil.

Eta normalean hori gertatzen da ez duelako huts egin nahi gurasoen aurrean eta sekulako presioa jasaten ari delako. Gaur egun, guraso batzuk sekulako erru sentimenduarekin bizi dira, etengabe, eta edozein egoera drama bihurtzen dute. Adibidez, nota txar baten aurrean, birrindu egiten dira.

Nerabeak ezin du egoera hori jasan. Gurasoak haserretzea gauza bat da, baina bestelakoa da gurasoak minez sufritzen ikustea nota txarra atera duzulako, etxera berandu etorri zarelako, kezkatuta daudelako.... Nerabeak ezin du pisu hori eraman.

Teknologia berriek adoleszentzia aldatu egin al dute?

Ezetz esango nuke. Teknologiarekin edo gabe, nerabeak beti izan ditu sare sozialak, arnasa hartzea bezala behar ditu. Gure garaian, telefonoari lotuta egoten ginen, orduak eta orduak ematen genituen lagunarekin hizketan, nahiz eta egun osoan eskolan elkarrekin egonak ginen. Orain, beste tresna batzuk dituzte eta dena dago eskurago eta errazago.

Akaso aldatu dena da orain ariketa fisiko askoz gutxiago egiten dutela. Lehen, lagunen bila joateko ibili egin behar zenuen. Eta auzotik urruntzeko eta inork ikusten ez zintuen tokira joateko, gehiago ibili behar zenuen. Orain, sofatik mugitu gabe egon zaitezke lagunekin arratsalde osoan.

Ariketa fisikoaren faltak kezkatu egiten nau. Nerabeak mugitu egin behar du, hormona horiek guztiak mugitu egin behar ditu. Frogatuta dago kirola egiten duten nerabeek, kirol taldeetan eta dabiltzanek, askoz nerabezaro sanoagoa bizi dutela. Besteak, ohean etzanda daudenak, alfertu egiten dira, beti daude nekatuta, ahaleginik ez dute egin nahi ezertarako, askoz pasiboagoak dira.... Hori bai, hori kezkagarria da.