2018/11/03

Erreportajea
URKULU «TROTIAN»
Naturarekiko lotura estutzeko, zaldiak tiratutako gurdi gaineko paseoa Urkulun

Egungo bizimolde azeleratuari balaztak jarri eta trostaren erritmora lasaitua hartzeko aukera eskaintzen du Amaia Otaduik, zaldiak tiratutako gurdiaren gaineko paseoen bitartez. Aretxabaletako Urkulu urtegian jarri zuen martxan ekimena abuztuan, eta neguan ere zerbitzua eskaintzen jarraituko du.

Maddi Txintxurreta Agirregabiria
1103_g8_urkulu3

Kurtzebarri mendiak gertutik zelatatzen du Urkuluko urtegia, eta, bestaldean, lainoek ikusten uzten dutenean, Udalaitz eta Anboto agertzen dira ortzimugan.

Paraje aski ezaguna da Urkulu debagoiendarrentzako. Kirola egitera bertaratzen dira asko, eta oraindik ere harriduraz begiratzen diote “Eila” zaldiari eta atzean daraman gurdiari. Amaia Otaduik heltzen die bridei. Arrasatearra da sortzez, baina Arabako Valderejo Parke Naturalean aritu da lanean hamabost urtez, azkenengoak gurdi bidezko paseoak ematen. Urkulu ondoko Aozaratza auzoan bizi da orain, 8 urteko alabarekin.

Otaduik «betidanik» izan ditu zaldiak gertu, eta haiekiko zaletasuna ez da denboraren joanarekin agortu. Ama bakarra da bera, eta gurdiarekin paseoak eskaintzea alabarekin batera egin zezakeen lanbidea zenez, Trotian proiektua martxan jarri zuen abuztuan.

«Gurdian paseatzea eta inguruak eta zaldiak ematen duten lasaitasunaz disfrutatzea eskaintzen dut», azaldu du Otaduik. Izan ere, dioenez, «trostaren erritmoak» eta Urkulu gurdiaren gainetik ikustearen «perspektibak» une batez estresa pausatzen eta baretzen laguntzen du.

Zerbitzuak

Amaia Otaduik hiru paseo desberdin ematen ditu, urtegiko aparkalekutik bertatik abiatuta denak: Urbaltzeraino, urtegiko presaraino eta Urkulu inguratzen duen ordubete inguruko buelta. Hala ere, bezeroen nahietara egokitzen dela azaldu du arrasatearrak, eta bidean geldialditxoak ere egiten ditu, argazkiak ateratzeko edo Aizkorri-Aratz Parke Naturaletik Urbaltzeraino jaisten den ura hartzeko, kasu.

Alabaina, paseoak bezainbesteko garrantzia dauka, Otaduiren iritziz, zaldiarekin kontaktua egiteak: «Familiak etortzen direnerako planteatu dut zaldiaren prestaketan partaide bihurtzea. Larrera etorri, zaldiarekin egon, ukitu, garbitu, jantzi. Umeek asko gozatzen dute horrekin».

«Lurrarekin eta animaliekin konexioa» lantzen du Otaduik, eta ondo daki, Madrilen psikoterapia ikasi baitzuen, zaldiek «konfiantza izaten eta norbere barruarekin konektatzen» laguntzen dutela. Horregatik, «arreta berezia behar dutenei» zerbitzu bereziak eskaintzeko prest dago. «Esperientzia oso goxoa da, etorri den mundu guztia oso pozik joaten da, batzuetan hunkituta», dio Otaduik, eta azaldu du nola behin ibiltzeko zaitasunak zituen emakume heldu batek esan zion: «Ez nuen uste berriro Urkuluri buelta emango nionik».

Neguan ere “Eila” lanean jarri nahi du orain Otaduik. Gurdia estali asmo du euripean ere trostan ibiltzeko, eta tokiko sendabelarrekin egindako infusioak prestatuko ditu, horretan ere iaioa baita.