Aimar Etxeberria Korta
EMANUELA ORLANDI

Botere guztiak inplikatu zituen 15 urteko neskatoaren desagerpenaren istorioa

Orain 35 urte desagertu zen Emanuela Orlandi Erroman. Ekaineko arratsalde eguzkitsu batean galdu zen haren aztarna, eta ordutik hamaika dira gertaeraren harira haizatu diren konspirazio teoriak. Botere nagusi guztiak inplikatu zituen 15 urteko neskatoaren desagerpenak, Egoitza Santua eta mafiaren estoldak zipriztinduz.

Erroma, 1983ko ekainaren 22a. Arratsaldeko zazpiak dira Emanuela Orlandiren, 15 urteko neskatoaren, pista galtzen denean. Musikaria da Emanuela –zeharkako flauta jotzen du–, eta Cinque Lune –bost ilargi– plazatik gertu aurkitzen den musika eskolatik atera berri da. Etxera deitzen du telefonoz, eta ahizparekin hitz egiten du. Nonbait, lan-eskaintza bat egin dio ezezagun batek: 375.000 lira eskaintzen dizkio bizpahiru orduz Borromini aretoan edertasun-produktuak banatzeagatik. Eskaintzari susmo txarra hartu eta berehala etxerako bidea hartzeko eskatzen dio ahizpak; Emanuela, baina, ez da gehiago etxera itzuliko.

Orduz geroztik, asko idatzi eta gehiago hitz egin da Emanuela Orlandiren desagerpenaz. Izan ere, italiar Estatuaren zein Egoitza Santuaren estoldetaraino iritsi da kontua; Vatikanoa bera eta mafia, beste instantzia batzuen artean, zipriztindu ditu aferak. Iragan astean ibili zen kasua, enegarrenez, bolo-bolo Italiako iritzi publikoaren ahotan; nonbait, 15 urteko gaztearenak izan daitezkeen hezurrak topatu zituzten Villa Georginan, Egoitza Santuaren jabetzakoa den baina Hiri Santuaren harresietatik at dagoen eraikinean.

Oraingoz, dakigun bakarra da emakume batenak direla aurkitutako hezurrak, baita pertsona bat baino gehiagorenak direla ere. Erromako Fiskaltzak, Giuseppe Pignatone buru, adierazi du hilketa gisa ikertuko dutela aurkikuntza. Nork, eta zergatik, bahituko zuen baina Emanuela Orlandi? Eta ondoren hil eta gorpua desagerrarazi? Hamaika dira azken 35 urteotan aipatu galderei eman zaizkien erantzunak; guztiak azaltzerik ez eta nondik heldu gehien duten teoriak plazaratuko ditugu ondorengo lerrootan.

Kasua, ikertu ala oztopatu

Urteotan guztietan zehar anitz izan dira neskatoaren inguruko informazioren bat dutela hara eta hona primizia saldu nahirik aritu diren aprobetxategiak, besteen desgrazia etekin propio bilakatu nahi izan dutenak.

1981eko maiatzaren 13a zen Mehmet Ali Agca turkiarrak, Vatikanoko San Pedro plazan, Joan Pablo II.aren aurkako atentatua egin zuenean, hura bala-tiroz zaurituz. Biziarteko kartzela zigorrera kondenatu zuten hargatik, 2010ko urtarrilean Ankarako espetxe batetik irten eta askatasuna berreskuratu bazuen ere. Turkiarra da Emanuela Orlandiren desagerpenaz lehenengo pistak eman zituen protagonista.

Bere aurkako epaiketan, Licio Gelliren P2 logia masonikoa seinalatu zuen, baina egun batzuen ostean atzera bota zuen akusazioa. Zazpi urteren buruan, 15 urteko gaztea bere kide batek bahitu zuela adierazi zuen, bere askatasunaren truke. Arrazoiketa berari heldu zion 1997an bi epaileri bidalitako gutun batean. Orduko hartan azaldu zuenez, zerbitzu sekretu sobietar eta bulgariarrek bahitu zuten Orlandi, betiere bere askatasunaren alde presio egiteko mekanismo gisa. Kontuak kontu, kasua ikertzen ari zen Rosario Priore instrukzio epaileak ebatzi zuen turkiarra ez zela fidatzeko gizona, eta ezin zela inolako prozesu judizialik martxan jarri haren deklarazioetatik abiatuta.

Vatikanoa eta mafia, nahastuta

Bada, baina, urteotan guztietan susmopean egon den instituzio bat: Vatikanoa. Eta bada arrazoirik horretarako, batzuek nahiko lituzketenak baino gehiago aukeran. Vatikanoko hiritarra zen Emanuela desagertu zenean eta Vatikanoarentzat egiten zuen lan haren aitak, aurrez aitonak egin zuen moduan; kasik mende bat emana zuen Orlandi familiak Egoitza Santuaren esanetara. Eta Vatikanoa izan zen, Joan Pablo II.a Aita Santuaren ahotik, 15 urteko gaztea bahitua izan zela ulertarazi zuen lehen erakundea.

Emanuela desagertu eta aste batzuetara, uztailaren 3an, San Pedro plazara bistaratu zen Joan Pablo II.a angelusa errezatzera, eta hala esan zuen: «Elkartasun osoa adierazi nahi diot Orlandi sendiari […] Ez dut itxaropenik galtzen kasu honen arduradunek sentimendu gizatiarrik izan dezaten». Lehenengoz, norbaitek aditzera eman zuen Emanuelak ez zuela bere kabuz alde egin etxetik, baizik eta norbaitek eragin zuela haren desagerpena. Vatikanoaren akatsa ala adierazpen deliberatua izan zen Aita Santuarena?

Izan ere, bada teoria bat esaten duena Joan Pablo II.ak fokuak desbideratzeagatik egin zuela adierazpena, begiak Vatikanoaren lurretan jazotako istripu edo ustezko delitu aitortu ezin batetik aldentzeagatik. Aipatu teoriak are indar gehiago hartzen du kasua ikertzen aritu izan diren hainbat epaileren esanak aintzat hartuz gero, bat baino gehiago izan baita Vatikanoaren kolaborazio eza salatu izan duena. Egiari zor, kasuan nolabaiteko inplikazioa izan duten italiar Errepublikako funtzionario guztiak topatu izan dira Egoitza Santuaren kolaborazio faltarekin, informazio ezkutatzeaz ez hitz egitearren.

Bada Italian indar handia duen kaleko esamesa bat. Honen arabera, prelaturako figura garrantzitsu batekin biltzekoa zenean hil zen Emanuela Orlandi. Egoera horretan, arazoa gorpuarekin zer egin bilakatu zen, eta orduan agertzen da eszenan lehenengoz Erromako mafia, Maglianako Banda talde kriminalean eta honen buru Enrico de Pedis Renatino-n pertsonifikatzen dena. Bada, gainera, esamesa horri nondik heldua ematen dion jazoera bat, eta hori Vatikanotik, anonimoki, Adele Rando epaileari bidalitako gutun bat da, non honakoa esaten zen: «Emanuela Orlandi arratsalde hartan igo zen autoaren gidaria [prelatuaren izena] zen. Civitavecchiara joan eta bertan igaro zuten gaua elkarrekin. Goizean Erromara itzuli ziren, baina neskatoa ez zen itzuli etxera, gurasoen erantzunaren beldur zen eta. Ezagun dut [prelatuaren izena], eta esan dezaket gehiegi gustatzen zaiola giza haragia elizgizona izateko. Jakinak diren arrazoien ondorioz, ezin dut nire izenik eman».

Hezurrak topatu aurretiko azken kapituluan, 2017ko urrian, Vatikanoko kutxa gotor batetik ateratako dokumentu bat eman zuen argitara Emiliano Fittipaldi kazetariak. Bost orri luzeko aipatu dokumentuan –1988an datatua–, antza, Egoitza Santuak bere diru bereizietatik Emanuela Orlandi fokuetatik at mantentzeko enplegatu zuen diruaren berri ematen da. 500.000 milioi lira guztira, kasua jarraitzen ari zen prentsa kontrolpean izateko, ginekologora eginiko bisitak ordaintzeko, orduko Suitzar Guardiako arduradunek Joan Pablo II.aren mediku pertsonalarekin Londresera eginiko bidaiak ordaintzeko...

Renatino, urakanaren begian

Gorpuaren ezkutatzeaz hitz egitean, jardun guztien protagonista Renatino da. Haren maitale Sabrina Minardi izan da urteotan mafia gizonak zekiena eta ustez egindakoak iritzi publikoari helarazi dizkiona. Garai ezberdinetan hitz egin du Minardik, eta bertsio ezberdinak eman. Zaharrena, epailearen aurrean deklaratu zuenekoa. Orduko hartan, Paul Marcinkus artzapezpiku estatubatuarra seinalatu zuen, Vatikano Bankuko zuzendari ohia. Minardiren arabera, Marcinkusen aginduak jarraituz bahitu zuen Renatinok Orlandi, nonbait, haren aitak –Vatikanoko langilea bera– ikusi behar ez zituen paper batzuk ikusi zituelako. Antza, kokainaz lepo zela egin zion aitorpena mafiosoak. Handik gutxira, 1990eko otsailaren 2an, Maglianako Banda talde kriminaleko kideek eurek hil zuten beren burua; hala, hilobira eraman zituen Renatinok bere sekretu guztiak.

2008ko ekainean, halaber, bertsioa aldatu zuen Minardik. Espetxetik atera berria zen, eta errehabilitazioaren bideari ekin berri zion. Bigarren aitortza horren arabera, Emanuela Orlandi desagertu eta egun gutxira Minardik berak eraman zuen, Renatinok hala eskatuta, neskatoa autoan. Behin gasolindegi batera iritsita, Vatikanoko matrikula zeraman auto batean sartu zuten Orlandi; gidaria, nonbait, apaiz bat zen. Minardiren kontakizunaren arabera, kontziente zen 15 urteko neskatoa, baina burua ez zuen argi.

Era berean, adierazi zuen Orlandi Maglianako Bandaren jabetzako etxe bateko sotoan izan zutela ezkutatuta hainbat hilabetez. Hala, egun batez Erromatik gertu dagoen Torvaianican egiten ari ziren obra batzuetara joan zen Minardi Renatinorekin. Han, Sergio izeneko tipo bat agertu zen, poltsa batzuk eskuetan zituela. Hauek atera eta masadera baten barrura jaurti zituen. Minardik esan zuen ez zuela ikusi poltsen barruan zegoena, baina gaineratu zuen Renatinok berak baieztatu ziola bere susmoa: Emanuela Orlandiren gorpua zen.

Minardiren arabera, Renatino eta bere Maglianako Bandak Vatikanoari egin nahi zion xantaia bat izan zen bahiketaren arrazoi nagusia; Egoitza Santuari adierazi nahi zioten paktuak errespetatu eta dirua itzuli behar zietela. Baina zer diruren inguruan ari gara?

Maglianako Bandaren diru sarrerak astronomikoak ziren garai haietan. Zuten guztia gastatu ezin eta inbertsioetara jo behar izan zuten, eta hori Ambrosiano Bankuaren bidez egin zuten, hau da, Vatikanoko Bankua akziodun nagusi zuen entitatearen bidez. Ambrosiano Bankuak, baina, behea jo zuen urte batzuen buruan, eta harekin batera joan ziren Maglianako Bandaren inbertsioak ere. Kasua jarraitu zuten adituen arabera, 300.000 milioi dolar inguru galdu ziren Ambrosiano Bankua erortzearekin batera; bankuko zuzendari Roberto Calvi urkatuta agertu zen Londresko zubi batean hondoa gertu ikusi eta bere bezero nagusiak zein ziren argitzearekin mehatxu egin eta gutxira. Minardiren azken teoria honen arabera, Maglianako Bandak, bere partea legezko bideetatik aldarrikatu ezin eta, Vatikanoari presio egiteko, bahitu zuen Orlandi.

Sarkofagoko hezurrak

2012an, urte batzuk lehenago Rai3 telebista kateko programa batera egindako telefono dei bati jarraiki, Renatinoren hobia zabaldu zuten. Dei haren arabera, bertan begiratu behar zen Emanuela Orlandiren desagertzeaz gehiago jakin nahi bazen. Garai hartan, San Apolinar basilikan aurkitzen ziren mafiosoaren gorpuzkiak; 450.000 euroko donazioa egin zion aipatu basilikako obispoari bere hilotza bertan lurperatua izan zedin. Vergari apezpikua zen aipatu basilikako arduradun nagusia, iragan asteko hezurren aurkikuntzarekin harreman zuzena duen prelatua.

Bada, ireki zuten hilobia 2012ko maiatzean, Italiaren historiako pasarte ilun bat itxi asmoz. Bertan zen Renatino, eta berarekin batera ziren ehunka hezur; 400 kaxa behar izan zituzten sarkofago barruan zegoen guztia gordetzeko. Alabaina, ez zen 15 urteko neskatoaren aztarnarik agertu. Zein da, baina, San Apolinarreko apezpikuaren eta iragan astean aurkitu zituzten hezurren arteko harremana? Kontua da Villa Georgina, hezurrak topatu zituzten eraikina, Vergari gotzainaren lantoki izan zela, eta, 1983an, Emanuela Orlandi desagertu zen urtean, erreformak egin zituztela bertan. 35 urteren ostean, 15 urteko neskatoarenak izango ote dira Villa Georgina topatutako hezurrak? Ala Italiaren historiako bahiketa mediatikoenaren kapitulu berri baten aurrean baino ez gaude?