Idoia ERASO
Elkarrizketa
ibai telletxea
1609 elkarteko kidea

«Mobilizatzeko deia jaso zuten euskaldunen %25 intsumiso izan ziren Lehen Mundu Gerran»

Lehen Mundu Gerraren bukaeraren mendeurrena beteko da bihar, azaroak 11. Urteurrena ospatzeko zein salatzeko ekimen ugari antolatu dira Europan barna. Ipar Euskal Herrian bizi izan zen egoera aztertu eta horren berri emateko «Euskal oroitzapena, itzaletik argira» ikuskizuna sortu dute 1609 elkarteak, Zizpa Gaztetxeak, Bernart Etxepare Lizeoak, Epaiskak eta Bertsularien Lagunek. Gaur aurkeztuko dute, Baionako antzokian.

Gobernu frantsesak ematen duen Mendeurrenaren Label Ofiziala eskuratzen duten ospakizunen parez pare, hainbat gizarte eragile Lehen Mundu Gerraren bestelako ikuspegi bat ematen saiatzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Donibane Garazin, esaterako, Nafarroa Beherean garaiko errealitatearen irakurketa egiten duten hainbat mintzaldi antolatu dituzte. Bestalde, Gobernu frantsesak Lehen Mundu Gerraz egiten duen erabilpen politikoari erantzuna emateko, gaur, Baionan, «euskal oroitzapena pizteko, eta 1914-1918 artekoa itzaletik argira ekartzeko ikuskizuna» eskainiko da. Helbide honetara jo daiteke sarrerak eskuratzeko: euskaloroitzapena@gmail.com.

Bertsoak, dantza, musika eta antzerkia bilduko dituen “Euskal oroitzapena, itzaletik argitara” obra grabatu eta eskuragarri emanen dute ondoren, baina ez da eragile ezberdinek abiatutako elkarlanaren emaitza bakarra izanen. Izan ere, bildutako informazioarekin, atzemandako dokumentuekin eta egindako elkarrizketekin liburu bat argitaratuko du 1609 elkarteak. Ondoren, Lehen Mundu Gerraren ondorioak pairatu zituzten pertsonen oroigarri bat ere eginen dute, intsumisoak eta desertoreak ere kontuan izanik.

Zerk eraman zaituzte ikuskizuna sortzera?

Batez ere, kontatzen diguten historian zulo sakon handiak ikusi izan ditugula. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan bizi garenok Estatuak zabaltzen duen bertsioa jasotzen dugu txikitatik, herri guztietan heroiei eraikitako oroigarrien bidez kasu. Azaroaren 11 guztietan desfileak, bandera militarrak... izaten ditugu gure herrietan, eta frantsestuak ez garenontzat mingarria da. Kontzientzia minimodun euskaldunontzat umiliagarria da.

Ipar Euskal Herrian 158 herri daude, eta beste hainbeste oroitarri ditugu, zertarako eta euskaldunek gerran egindako balentriak oroitzeko. Estatuen asimilazio estrategiaren barruan kokatzen da hori. Etnozidioa pairatu dugu, talde sozial batek beste talde etniko baten berezitasun kulturalak sistematikoki deuseztatu ditu, historiaren, eskolaren... erabilerarekin. Egun genozidiorik ez da jada Euskal Herrian, baina XX. mendera arte, etnozidioa eta genozidioa, biak, uztartzen ziren.

Egun, demokrazian egonik, etnozidioa modu legalean pairatzen dugu, liburuen bidez, historiaren bidez... Horren baitan kokatzen dugu Lehen Mundu Gerrari buruzko lan hau. 100. urteurrena etorriko zela-eta Estatuak ospakizun handiagoa eginen zuela aurreikusiz, antolatu ginen, “Euskal oroitzapena, itzaletik argira” ikusgarria sortzeko.

Nolakoa izan da bidea, zer lan egin duzue obra sortzeko?

Historia aztertu dugu eta arrakala handiak ikusi ditugu. Dokumentu ofizialak hartu ditugu, eta horiekin orain arte inoiz kontatu izan ez dena kontatu nahi izan dugu: gure herritarrek zer pairatu zuten. Ekitaldi kultural baten bidez sekulan omenduak izan ez direnak omenduko ditugu. Grabatu ere egingo dugu, etorkizuneko belaunaldiek izan dezaten dokumentu pedagogiko bat. Laster argitaratuko den liburua ere izango dute.

Hego Euskal Herrian frankismoarekin gertatzen denarekin alderatuta, adibidez, Iparraldean historiaren beste pertzepzio bat dagoela ikus daiteke.

Hego Euskal Herrian oso gizarteratuta dago frankismoa zer izan zen, herritarrek badakite nortzuk izan ziren gaiztoak, oroigarriak egin izan dira biktimak oroitzeko. Herritarren gehiengoa frankismoaren aurka dago, euskal fronte bat ere egon zen frankismoaren kontra. Baina, hemen, 1914 eta 1918 arteko gerraren harira, ez da gauza bera gertatzen; hemen deitu gintuzten Frantziaren alde borrokatzera, ez zen horren kontrako fronterik izan. Horrek herritarren artean arrakala sakonak eragin ditu, eta horregatik gaude egun hain frantsestuta.

Estatu frantses mailan, Lehen Mundu Gerran, euskaldunen artean izan zen desertore gehien diferentzia handiarekin, eta 12.000 bat intsumiso ere izan ziren. Liburuarekin gehiago zehaztuko dugu, baina, gutxienez, mobilizatzeko deia jaso zuten euskaldunen %25 intsumiso izan ziren. Estatu frantseseko batez bestekoa %1,5ekoa izan zen.

Ehun urte hauetan, belaunaldi guztiek galdu dute historiaren zati hori. Estatua beti saiatu da zer gertatu zen isilarazten, prentsaren bidez, zigorren bidez, xantaiaren bidez… Herritarrak isilarazi, lotsarazi, umiliatu dira; beldurra sortu da. Adibidez, gerla garaian, intsumisoen familien etxeetako ateetan oharrak jartzen zituzten herritarrek ikus zitzaten, eta horrek errak sortzen zituen familien artean. Estatuak horrelako estrategiak erabiltzen zituen zauriak sortzeko. Hori mendez mende egin da, baina Iparraldean ez da Hegoaldeko probintzietan bezala kontatzen. Oraindik herritarrek ez dute intsumiso eta desertoreen historia kontatzen, isilean gelditu den zerbait da.

Zein izanen da ikuskizunekoaren argumentua?

Gaizka Sarasola lesakarrak idatzi du antzerkia, eta garaiko bizipenak eta eszena errealak izanen dira. Atzemandako gaiak eman zaizkio, eta antzerkia idatzi du. Horrekin batera, Amets Arzallus eta Sustrai Colina izanen dira, antzerkia ikustearekin batera, inprobisatuz bertsoak botako dituzte. Kantuak egonen dira, Gorka Knör eta Nat eta Watson. Afixan ez den artista ezagun bat ere izanen da, ez dugu erranen nor. Berak, gerlan alemanen esku preso egon ziren euskaldunek kantatzen zituzten abestiak oholtzan interpretatuko ditu. “Maitia nun zira?” dokumentalean agertzen direnak, hain zuzen ere.

Omenaldiak ere egongo dira, eta horri garrantzi handia eman nahi izan diogu, urtero pairatzen ditugulako besteen omenaldiak gure 158 herrietan. Lizeoko ikasleek dantza bat sortu dute, eta hori izango da omenaldia. Hitzartze bat ere egongo da, pixka bat arlo historikoa gerrari lotuta azalduz, eta zerk bultzatzen gaituen ikuskizuna sortzera.

Guk ez dugu nahi ekitaldi hau “Iparraldeko” ekitaldi bat izatea, ez zelako horrela izan, nahiz eta armadara deituak bertako hiru probintzietako gazteak izan. Gerratearen ondorioak Euskal Herri osoak pairatu zituen. Ekitaldian denetarik egongo da, nafarrak, arabarrak, lapurtarrak… Denen afera da, eta denok jakin behar dugu zer gertatu zen.

Testu liburuetan agertzen den historia ofizialetik ihesi, beste ikusmolde bat eskaini nahi duzue, ezta?

Hori da gure helburu nagusienetako bat. Gaur egun, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko 8 eta 9 urteko ikasleen programan agertzen dira uztailaren 14a, Frantziak Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerrak nola irabazi zituen… Oso garbi daukate historia nola kontatu. Eta gu euren menpe izanik, hezkuntzan irizpide horiek inposatzen dizkigute; beraiek idatzitako historia ikasi behar dugu. Horregatik, funtsean, kontatu ez den hori kontatu nahi dugu. Ez dugu arazorik esateko euskaldun batzuk borondatez joan zirela gerlara, baina izan ziren behartuta joan zirenak ere; nahiz eta egun euren izenak monumentuetan jasota dauden, behartuta joan ziren.

Zeintzuk dira lan hau egitearen beste helburuak?

Liburua eta ekitaldia dira ardatzak, baina beste helburu bat ere badugu. 158 herri eta 158 oroitarri ditugu, denak Frantziaren alde borrokatu zirenak goraipatuz. Bada, oroigarrion osagarri izanen den beste oroitarri bat sortu nahi dugu, itzalean gelditu direnak omentzeko. Lehen harremanak izan ditugu hautetsi eta auzapez batzuekin, eta oraingoz begi onez ikusten dute, baina ideia landu egin behar da. Horrexegatik, herritarrei, hautetsiei eta auzapezei egitasmo hau lantzen ari garela helarazi nahi diegu. Gogotsu badira beren ekarpena egiteko, oraindik badute aukera. Maketa bat ere egina da.

Beharrezkoa da belaunaldi berriek badela beste oroigarri bat ere ikustea. Estatu frantsesean badaude antzeko beste hamarren bat oroigarri, xede ezberdinak dituztenak. Urte luzez inauguratu gabe egon dira, Estatuak ez baitzuen uzten bestelako mezurik zabaltzerik. Oroigarriok dauden herrietako biztanleak pribilegiatuak dira; beste bertsio bat ere jasotzen dute txikitatik, eta, hala, askatasunez beraien gogoeta egiteko aukera dute.

Nolakoa izango da liburua? Nork idatziko du?

Ni ari naiz liburua idazten, baina talde bezala argitaratuko da, 1609 elkartearen izenean. Ikerketa zehatza egin dut, jakin nahi genuen herri batzuetan zenbatek hartu zuten parte gerlan eta zenbatek ez. Jaiotze agiri guztiak begiratu ditut, gero erregistro militarrera joan naiz, eta hor ikusi dut zeinek hartu zuen parte eta zeinek ez. 1609 elkarteko Xabier Elosegik gauza bera egin du Saran, eta, Auxtin Zamorak, Senperen. Horrekin abiatu nintzen, baina gero ikusi nuen sakondu behar nuela, hutsune asko zeudelako. Horregatik Paue eta Baionako artxibategietara joan naiz, dokumentu ofizialen bila. Horrez gain, idazlanak eta elkarrizketak egongo dira. Eta gaur egungo egoerari buruzko saio historikoa, Elizak gerlarekiko izandako jokabidea...

Nola elkartu zineten bost eragileak?

1609 elkartearen iniziatibaz. Beste elkarteengana joan ginen, iruditzen zitzaigulako hau guztia kolektiboki antolatu behar zela. Denek hasieratik begi onez ikusi zuten.

Iruditzen zaizu Ipar Euskal Herriko gizartea zabaldu nahi duzuen mezua jaso eta onartzeko prest dela?

Urtez urte familia asko umiliatu eta zapalduak izan dira, barneratu dute traidore eta gaiztoak izan zirela, bereziki adin bateko pertsonek. Batzuei zaila egingo zaie, burua astindu behar delako, urteetan txikituak izan eta gero omendu nahi dituzten jendea heldu zaielako. Adineko batzuekin elkartu eta gero ikusi dut batzuk hunkituta zeudela, eta gure lanarekin segitu behar genuela. Batek esan zidana buruan gelditu zait: «Bidetik lainoa kenduko duzue». Aldiz, kontrakorik ez dugu jaso, hau da, horrelakorik ezin dugula egin esan digunik. Batzuen poza ikusi dugu, eta besteak ur hotz balde baten zain egongo balira bezala daude; oraindik ez dute kokatu edo pentsatu hau egin zitekeenik, ehun urte eta gero. Helburua eztabaida sortzea eta eragitea da. Horregatik hautetsi eta norbanakoekin landu nahi dugu gaia, bat-batean heltzen den oroigarri bat izan ez dadin. Ekitaldia, ondorengo bideoarekin eta liburuarekin batera etorriko da.

Kontakizun ofizialean omendutakoak, beste ikuspegi hau onartzeko prest al dira?

Hori horrela ez dugu aipatu zuzenean. Baina omenaldian parte hartzeko esan eta jaso dugun erantzuna ikusita, uste dut ez dela arazorik izango.