Dabid Lazkanoiturburu
AUSTRALIA ZURI ILUNA

Etorkinak kostaldeko hiri handietatik urrundu eta barnealdera bideratu nahi ditu Gobernuak

Australiako kostaldeko hirietan ematen ari den migrazio hazkundeak arazoak sortzen dizkio Gobernuari. Hartara, migratzaileak jende beharra duten barnealdeko eremuetara bideratu nahi ditu. Preso bezala heldutako britainiar etorkinek eratu zuten Australia zurian, ordea, eta paradoxikoki, xenofobiak badu lekua. Galdetu, bestela, inguruko irlatan preso dituzten errefuxiatuei.

Australiako Gobernuak Asia ekialdeko azpikontinentera iristen diren etorkin “legalak” herrialdearen barnealdera bideratu nahi ditu, gutxienez bost urtez Sydney, Melbourne eta gainerako hiri handietatik urrutiratzeko. Hori da, behintzat, Biztanleria ministro den Alan Tudgen asmoa. «Hemen gakoa ez dago hazkundean edota zenbakietan, hazkundearen banaketan baizik», azaldu dio egunotan ministroak berak ABC telebista kateari.

Populazioaren hazkundeari buruz eta etorkinen harreraren inguruan aztertzen ari diren planak aurkezteko Melbournen agerraldia egin berri du Tudgek. Helburua etorkinak nekazaritza eremuetara eta populazio gutxi duten hiriguneetara bidaltzea omen da, betiere gainezka egin duten hiriburuen inguruko presioa arintzeko. 25 milioi biztanleko uharte-kontinente erraldoian berez jende gutxi bizi den arren, populazioa %1,6 hazi da, Ekonomiaren Elkarlan eta Garapenerako Erakundearen –Mendebaldeko 49 estatu hartzen dituen EEGE– barnean ematen ari den handienetarikoa.

Izugarrizko hazkundea

Sydney, Melbourne eta Queenslandeko hego-ekialdea mundu osoan hazkunderik azkarrena duten hiriguneen artean daude, «etorkinen jarioa dela eta», azaldu du Tudgek. Bere hitzetan, aipatutako lehen bi hiriburuek hazkunde demografikoaren inguruan egin ohi diren pronostikoak %100 gainditu dituzte azken hamarkadan. Hiri handietan eman den populazio igoeraren %60 etorkinek osatzen dute, eta, iaz adibidez, Australiara iritsi ziren “etorkin prestatuen” %87 Sydneyn eta Melbournen gelditu zen.

Azpiegiturak eta diru kontuak

Gobernuak abiatutako egitasmoaren atzean, nola ez, diru kontuak ere badaude. Tudgen kalkuluen arabera, Australiako ekialdeko hiriburuetako azpiegiturek pairatzen duten presioak 15.000 milioi dolar australiarreko kostua (9.200 milioi euro) izan zuen iaz herrialdearentzat. Are gehiago, hemendik 2030. urtera, kostua 40.000 milioi dolar australiarrera iritsiko omen da, ministroak nabarmendu duenez.

«Pilaketa hau bai gure familientzat bai aberriarentzat izugarrizko desafioa da», ohartarazi du ministroak berriki emandako hitzaldi batean. «XXI. mende hasieran eraiki ziren azpiegiturak, batez ere Sydneyn eta Melbournen, ez dira gai ematen ari den hazkundeari aurre egiteko. Eta ez gara aurreikuspenen inguruan ari, egungo egoeraren inguruan baizik», gaineratu du “The Australian” egunkarian argitaratu duen artikulu batean. Arazoa, gainera, Brisbane hiriburua hartzen duen Queenslandeko hego-ekialdera ere hedatu omen da.

«Gure asmoa iritsi berriak Estatu eta herri txikietara eramatea da, baita zenbait urtez bertan gera daitezen behartzea ere», gaineratu du. Izan ere, Ekialdeko Australia moduko Estatuen populazioa apenas hazi den azken urteotan, «eta bertakoak jendea jasotzeko irrikatan daude», nabarmendu du Tudgek. Australia barnetik jendea eskatzen ari dira, batez ere nekazaritza eremuetatik. 100.00 langile inguru behar dituzte uzta bilketa lanetan aritzeko. Eskainiko zaizkien soldatak beharra bezain handiak izango al dira? Horra hor gakoa. Gobernuak ez du zehaztu nola lortuko duten etorkinak leku horietan geratzera behartzea, baina, Tudgek aurreratu duenez, plan berriak bisa mugatuak ematea du helburu eta agintariek baimenak kenduko dizkiete baldintzak betetzen ez dituztenei; hala, behin betiko bisak ala hiritartasuna eskatzeko aukera kenduko dizkiete. Horrez gain, hiri handietan azpiegitura handiak diruz hornitzeko neurriak eta zerbitzu publikoen deszentralizazioa ere aztertzen ari da Gobernua.

Nola behartu gelditzera

Giza eskubideen errespetuari dagokionez egitasmoak sortzen dituen zalantzak ahaztu gabe, planok gauzatzeko dauden zailtasunak nabarmentzen dituzten kritikak ere ugalduz doaz. Horren erakusle, Roman Quaedvlieg Australiako mugak zaintzen dituen polizia indarraren arduradun ohiak neurriok martxan jartzea «ia ezinezkoa» izango dela ohartarazi du. «Etorkinek aukerak eta ekipamenduak dituzten hirietara joko dute», azaldu du Twitterren. «Ezinezkoa da neurriok errespetaraztea baldin eta baliabide izugarriak ez badira jartzen, bai neurriok inposatu ahal izateko eta baita errespetatzen ez dituztenak zigortzeko ere».

Australiak baditu jada etorkinak barnealdera bideratzeko bisatuak, baina Gobernuaren beraren datuen arabera, programon babespean iristen den hamarretik batek hiriburu handienetara jotzen du iritsi eta lehen hilabeteetan. Adibidez, 2016tik 2017ra bitartean, 7.766 “etorkin prestatu” iritsi ziren barnealdeko eskualdeetara, bada, migratzaileen erdiak Perth hirian geratu ziren, mendebaldeko hiri handienean. Ondorioz, Perth kendu egingo dute Darwin, Adelaida, Canberra eta Hobart hiriekin batera orain artean osatzen zuen etorkinen iritsiera-puntuen zerrendatik.

Zailtasunak zailtasun, planok aztertzekoan aldez aurretik etorkinen eta errefuxiatuen arteko bereizketa egitea komeni da. Izan ere, egitasmoak “etorkin prestatuak” ditu helburu, ez itsasotik txalupatan heldutako errefuxiatuak. Azken horiek ez dute inolako harrerarik Australian kontserbadoreek duela bost urte boterea eskuratu zutenetik. Hartara, Canberrako Gobernuak aurrera daraman immigrazio politika gogorra aitzindari bilakatu da Europako ultraeskuinarentzat.

Etorkinen herrialdea

Australiak etorkin “prestatuak” betidanik hartu ditu, eta hartzen jarraitzen du. 7.741.220 kilometro karratu dituen kontinentea edo azpikontinentea –horretan ez ago adostasunik– munduko seigarren herrialde handiena da (alderatuz, Estatu frantsesak 643.801 kilometro ditu, eta, Estatu espainolak, 505.990), eta 25 milioi biztanle «baino» ez ditu. Are gehiago, Australiako historia etorkinek egin dute; etorkin “boluntarioek” baino gehiago, duela hiru mende Britainia Handiko ziega ilunetan usteltzen edota noiz urkatu zain zeuden milaka presok. Ordura arte egun Australia moduan ezagutzen den lurraldean aborigenak eta 1606an bertara iritsi zen Vaez de Torres marinel espainolaren abizenarekin bataiatutako itsasertzeko indigena melanesiarrak ziren nagusi. 750.000 inguru ziren orduan, egun baino gehiago (649.171, azken datuen arabera).

Datu izugarri horrek agerian uzten duen patu tragikoa orduan hasi zen. Torresen atzetik, beste asko heldu ziren Australia ezagutu eta konkistatzeko asmoz; Fernandez de Quiros portugaldarra (lurralde osoa zeharkatu zuen lehen europarra), frantsesak, ingelesak eta, batez ere, holandarrak.

160.000 preso kolonia berrira

Nola ez, britainiar itsas inperioa zen garai hartan ahaltsuena eta 1788ko urtarrilaren 26an, 1.500 pertsona zeramatzan Britainia Handiko Itsas Armadako flota herrialdera iritsi zen, baita lehen kolonia eratu ere (Australiako Eguna egun horretan ospatzen dute urtero). 1.500 pertsona horietatik, 750 presoak ziren.

Britainia Handian ez zen giro 1783ean Amerikako koloniak, egungo Ameriketako Estatu Batuak, galdu ondoren. Gainera, kartzelak presoz gainezka zeuden. Hori dela eta, bi arazoak arindu eta bide batez kontinente berri bat kolonizatzeko, presoak itsasontzitan bidaltzeari ekin zioten britaniarrek. Guztira 160.000 preso, gizon nahiz emakume, bidali zituzten Australiara 1788tik 1868ra bitartean.

Horien atzetik milaka eta milaka gizon eta emakume “aske” iritsi ziren Australiara. Gehienak europarrak ziren, britainiarrez aparte frantsesak, italiarrak, alemanak, poloniarrak, hungariarrak... Horiek lurralde berriak kolonizatzeari ekin zioten, abeltzaintza eta batez ere artzaintza landuz.

Ez zen horretan amaitu etorkinen jarioa. Britainia Handiak Txinaren aurka irabazi zuen Opioaren Gerraren ostean, bere mugak komertzioari zabaldu behar izan zizkion inperio ohiak eta, ondorioz, Australiako kolonietara lehen etorkin txinatarrak iritsi ziren 1842. urtean. Hala ere, benetako migrazioa 1850eko hamarkadan hasi zen, lehen urre meatokiak aurkitzean. “Urrearen Sukarrak” 40.000 txinatar erakarri zituen eta txinatarrena, britainiarrenaren ondoren, bigarren talde etniko nagusia bilakatu zen.

Australia zuria

1851an 430.000 biztanle izatetik, hogei urtean 1,7 milioi izatera pasatu zen Australia. Ordurako hasiak ziren etnien arteko liskarrak, eta, batez ere, zurien xenofobia. “Urrearen Sukarrarekin” lehen auzo txinatarrak osatu ziren meatzaritzarekin lotutako herrietan. Chinatown horiek herrien herenak hartzen zituzten eta nonahi piztu ziren txinatarren aurkako pogromak, adibidez. 1857ko Buckland Riverrekoa. 1860an, berriz, nonahi izan ziren Txinaren aurkako martxak.

Ez zen izan txinatarrena australiar zuriek jomugan izan zuten giza talde bakarra. Gamelu gidari “afganiarrek” eta “uhartetarrek” ere laster pairatu zuten xenofobia. Aipatu gamelu gidariak ez ziren berez afganiarrak, Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetatik iritsitako etorkinak baizik (Egipto, Turkia, Iran, egungo India, Pakistan...). 1840ko hamarkadan eraman zituzten Australiara, herrialdearen barneko lurraldea Europatik eramandako zaldientzat lehorregia zelako. Gameluak, aitzitik, baldintza klimatiko astunetara ohituak, ondo egokitzen ziren lur haietara eta abereekin, derrigorrez, jabeak onartu behar izan zituzten.

Bigarren taldea Ozeano Bareko uhartetako etorkinek osatzen zuten, hau da, melanesiarrak. «‘Uhartetarrak’ urre meatokietan eta batez ere azukre-kanabera plantazioetan lan egiteko eramaten zituzten Australiara. Lan gogorrenak egiteko, nola ez. Horretarako ez zuten kolono europarrik behar. Horrela bada, liskarrak berehala hasi ziren eta “uhartetarrek” eta gamelu gidari “afganiarrek” ezin izan zituzten beren kontrako erasoak saihestu.

Arrazakeria «zientifikoa»

Tentsioak gora egin zuen XIX. mende bukaeran, Europatik iritsitako arraza zuriaren ustezko nagusitasuna defendatzen zuten teorien haritik. Australia zuriaren politika horrek migrazioaren murrizketa eragin zuen. Etorkin mota zehatz bat baino ez zen onartzen: europarra. Eta, gainera, prestatutakoa. Bi baldintzok betetzen zituztenak gutxiengoa ziren, urruntasunagatik eta egin beharreko bidaia luzeagatik.

Haatik, bi neurri martxan jarri zituen Londresko metropoliak. Alde batetik, Asiako etorkinen iritsiera murriztu egin zuen. Ordurako Australian zeudenak ez zituela botako agindu arren, “uhartetarren” kasuan hitza ez zuten bete eta Ozeano Bareko irletara deportatu zituzten. Era berean, Gobernuak europar etorkinak erakartzeko diru laguntzak eta lurrak eskaini zituen. Eskaintzok lan-beharren arabera handitu ala gutxitzen ziren.

Independentziarekin, okerrago

Australiak independentzia lortu zuenean ez ziren gauzak aldatu. Ordura arte herrialdea sei koloniek osatzen zuten (Australia Mendebaldea eta Ekialdea, Hegoaldeko New Wales, Quennsland, Tasmania eta Victoria), eta bakoitzak ia-ia estatu bat zirudien, hori bai, britaniar koroaren menpe. Bakoitzak bere migrazio-politika berezia zuen eta egoera horrek bultzatu zuen, beste egitasmo batzuekin batera, gobernu nazionala eratzearen beharra. 1901eko urtarrilaren 1ean Australiako Mankomunitatea jaio zen. Estatu berriak, Commonwealth erakundearen barnean jarraitu zuen.

Independentziarekin etorkinen auziak okerrera egin zuen. Immigrazioa Oztopatzeko Legea baliatuta, Europatik ez zetozenei ez zieten uzten sartzen eta ordurako bertan zeudenei hizkuntza europar batean idaztea exijitzen zieten Australiatik ez kanporatzeko. Hain gogorra izan zen politika, ezen lehen aldiz Australiako biztanleriak behera egin zuen.

Etorkinei arnasa

1929ko Depresio Handiak eta batez ere Bigarren Mundu Gerrak hankaz gora jarri zuten Australia zuriari atxikitako legedi zorrotza. Hala, Australiak 1951eko Errefuxiatuaren Estatusaren Ituna sinatu zuen, Immigrazioa Oztopatzeko Legea bertan behera utzi zuen eta deportazioak arautu zituen.

Aurrerantzean ere prestakuntzak pisu handia izaten jarraitu zuen etorkinak erakartzeko orduan, baina arraza bezalako irizpideak desagertu egin ziren. Horrela bada, Kontinente Zaharraren zatiketaren haritik Europako ekialdetik iritsiko etorkinekin batera, milaka eta milaka migratzaile iritsi ziren Asiatik, Ekialde Hurbiletik eta Hego Amerikatik. Ordukoa da boat people ezizena, etorkin asko eta asko txalupatan iristen zirelako. 1945an 7,4 milioi biztanle ziren Australian; 1960an, 10,4 milioi.

Hasperen bat baino ez

Irekiera garai labur baten ostean, 90eko hamarkadatik aurrera etorkinen auziari aurre egiteko bi planteamendu politiko nagusitzen hasi ziren. Batetik, kuotak murriztearen aldeko eta multikulturalismoaren kontrako “One Australia Policy” liberalen proiektua, arraza berriro kontuan hartzea planteatzen duena. Bestea, laboristena, “Big Australia Proyect” izenekoa, kuotak handitzea defendatzen duena 2050ean herrialdea 35 milioi biztanlera iritsi dadin.

Bada, argi dago eztabaida lehenek irabazi dutela eta Australian gero eta begi okerragoz ikusten dituztela Asiatik heldutako etorkinak. Are gehiago, Ekialde Hurbilak pairatzen duen egora eta jihadisten atentatuak tarteko, australiarren erdiak musulmanen etorrera debekatzea defendatzen du.

Egoera horretan, nazioarteko egoera eta etorkinen eta asilo eskaeren gehitzea aitzakia hartuta, egoera erabat gaiztotu da Alderdi Kontserbadorea 2013. urtean boterera iritsi zenetik. Egun Australiak bertara iristen saiatzen diren errefuxiatu eta etorkinak milaka eta milaka kilometrora bidaltzen ditu, Nauru irlara eta Papua Ginea Berrira.

Errefuxiatuak, urrun

Aurretik ere, Australiak bazuen etorkin eta errefuxiatuak urrutitik kudeatzeko grina. 60ko hamarkadan Thailandiara eta Indonesiara joaten ziren Australiako immigrazio-ofizialak errefuxiatuen prestakuntza eta ingeles maila aztertu eta horren araberako aukeraketa egitera.

2001. urtean, Australiako Gobernuak “Ozeano Bareko Irtenbidea” jarri zuen martxan. Neurri horretan oinarrituta, itsasoz heldutako etorkin eta errefuxiatuak Australiatik kanpo mantentzeko “eskubidea” aldarrikatzen du Gobernuak. Ordukoak dira Nauru irlako lehen errefuxiatu zelaiak. Neurria 2007an zalantzan jarri bazen ere, ez zen atzera bota eta kontserbadoreek bere egin eta indartu egin zuten boterera iristean. 2013an, gainera, “Muga Subiranoen Operazioa” jarri zuen martxan Gobernuak, Armada baliatuz txalupak eta itsasontziak geldiarazi eta Australiako uretatik urruntzeko.

1.200 lagunetik gora itota

“Muga Subiranoen Operazioa” 2013an martxan jarri zenetik, gutxienez 1.200 errefuxiatu itota hil dira itsasoan. Horrez gain, Australiara iristen saiatzen diren afganiar, arabiar nahiz tamil eta zeilandarrak bertatik 4.000 kilometrora dagoen Nauru irlara edota Papua Ginea Berriko Manus errefuxiatu eremura eramaten dituzte. Nazio Batuen Erakundeak, MSF Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta giza eskubideen aldeko taldeek errefuxiatuak egoera jasangaitzetan dituztela salatu dute. Etorkinak behin baino gehiago saiatu dira matxinatzen eta asko dira euren buruez beste egin edo automutilatzen direnak. Pentsa zer-nolakoa izango den egoera, Canberrako Gobernuak Chritsmas uharteko errefuxiatu eremua itxi egin behar izan duela. Manusekoa ere ixtear omen dago.

Keinuak keinu, bere horretan dirau errefuxiatuak ez hartzeko politikak. Australiak errefuxiatu estatusa onartzen badie ere, Naurun edo Papua Ginea Berrian ditu edota Kanbodia bezalako herrialdeetara bidaltzen ditu, horretarako bertako gobernuekin itunak sinatuz. Bost axola herrialdeotan nagusi den giza eskubideekiko errespetu falta.

Britainia Handiko ziegatan usteltzen ari ziren presoek eratu zuten Australia. Gerora, kolonoek bertako aborigenak suntsitu egin zituzten. Egun ere Australian bizi direnen %27 kanpoan jaiotakoak dira, eta beste horrenbesteren gurasoak ere kanpotatik heldu ziren. Ez da ez datu makala. Etorkin gehien hartzen dituen herrialdean, Ameriketako Estatu Batuetan, etorkinak populazioaren %13 dira, Australian baino 14 puntu gutxiago. 2015an etorkin gehien hartu zituen bederatzigarren herrialdea izan zen Australia eta urtero 180 herrialdetako jendea bihurtzen da australiar.

Kontrolpean iritsitako errefuxiatuak ere hartzen ditu Australiak, 12.000 urtero, baina ez du inolaz ere itsasotik etorritako errefuxiaturik nahi. Orain etorkin “prestatuei” ere baldintzak jarri nahi dizkie. Antolakuntza kontua dela argudiatzen du Gobernuak eta egia da Australia bezalako herrialde batek aitzakia ona duela kostaldeko hirien eta ia inor bizi ez den barnealde izugarriaren arteko aldea kontuan hartuta. Eztabaida nagusia, argi dago, askoz ere korapilatsuagoa da: herrialdeek immigrazioa arautzeko eskubiderik ote duten. Eztabaidak eztabaida, baina, Australiako kasuan galdera bat geratzen da airean; ez ote gauden, Nauru eta Manuseko errefuxiatu guneetan begi bistan geratzen den bezala, Australia zuriaren iluntasunaren aurrean. Etorkinek osatu zuten Estatua bere iragana, eta batez ere bere etorkizuna, ukatzera daraman iluntasuna.