Mikel Zubimendi Berastegi
HUTHIEN METAMORFOSIA

Yemengo mendietako klan familiarra izatetik, gerra makina aurreratua izatera

Yemengo gerra abiatu zenean, Saudi Arabiak gidatutako koalizioak aste gutxiko kontua izango zela esan zuen. Ia lau urte igarota, hondamendi humanitario izugarria ekarri duen gerrak ez du irabazlerik. Huthiek eutsi egiten diote nazioarteko koalizio militarrari, erresistentzia ahalmena eta borrokalari erreserba handia izatea frogatuz.

Youtuben Yemengo borrokalari huthien bideo harrigarriak ikus daitezke: oinutsik, gonekin, qat hosto narkotiko mastekagarriekin masailak puztuta ageri dira, kalaxnikov zahar eta granada jaurtigailuekin munduko bigarren arma erosle handienaren armadari, saudi arabiarrei eta haien aldeko miliziei, sekulako egurra ematen. Mendietako ahuntzak bailiran tontorretara igota, bertatik enboskada hilgarriak egiten, erabateko aire nagusitasuna duen etsaiaren aurrean beldur gabe, bizpahiru hilabetetan bukatuko zela esan ziguten ia lau urteko gerra betean. Berebiziko erresistentzia ahalmena eta erreserba sakontasuna erakusten ari dira huthiak. Mendiko soldadu zailduok gai dira Riad Saudi Arabiako hiriburua misil balistikoekin erasotzeko, Itsaso Gorrian gerraontzi eta petroliontziak urrunetik gidatutako txalupekin kolpatzeko edo Emirerri Arabiar Batuetako aireportua droneekin txikitzeko. Horrela, oreka estrategikoak hankaz gora jartzen ari dira, luzera begirako ondorioak ekarriz.

Nola lortu du, baina, hasieran menditarren klan hutsa zenak armada boteretsu bilakatzea? Gerrila gerratik gerra hibrido modernora jauzi egitea? Nola da posible ia lau urteko gerra betean Saudi Arabia, Emirerri Arabiar Batuak, Sudan, Bahrain, Egipto… kide dituen nazioarteko koalizio indartsu batek huthiak ezin garaitzea? Nola amaituko da Yemengo gerra ahaztua?

Komunikabideetan, sarri, huthiak Hezbollah Libanoko talde xiitarekin parekatzen dira. Israel eta Saudi Arabiaren hegoaldeko hegala, hau da, Itsaso Gorria, mehatxatzen duen Irango txotxongilotzat jotzen dira huthiak. Esaten da Iranen kontrako gerra Yemenen ari dela bere lehen kapituluak idazten. Baina arazo bat dauka baieztapen horrek: huthiek ez dute Hezbollah talde xiitak Iranekin jorratutakoaren pareko loturarik, ezta genealogia erlijioso bera ere, eta, Iranera hurbildu badira, hein handi batean, Golkoko estatuek eta AEBek egiten dieten gerraren ondorio da. Baina paradoxa hor dago: gerrak ahuldu baino indartu egin ditu huthiak, eusteko eta jendea gerrara batzeko ahalmen ikusgarria erakutsi baitute. Besteak beste, kanpo erasoaren kontra nazioa defendatzearen bandera altxatu dutelako. Izan ere, huthiek Saudi Arabia indar okupatzailetzat dute, eskualdean agintzeko AEBen eta Israelen txotxongilotzat.

Okupatzaileen aurka

Huthiez aritzean ez gara soilik Huthi familiaz ari, ez gara soilik Saada probintziako Marran mendietako klan batez mintzo. Bereziki Yemen iparraldean oso aktiboa eta askoz zabalagoa den tribu eta sektoreen arteko aliantza batez ari gara. Eta Yemenen inguruan aritzean, ez gara estatu konbentzional batez ari, ez gara muga definituta eta indarraren monopolioa ezarrita duen estatu batez ari. Sarri huts egindako estatu gisa definitzen da Yemen, estatukoak eta estatukoak ez diren eragile armatuen arteko koexistentzia, gatazka eta lankidetza eguneroko ogia baita bertan.

Historiari begiratuta, huthien klanak bere burua profetaren ondorengotzat dauka. Xiismoaren adar zaidiaren jarraitzaileak dira, eta, hortaz, xiita guztiek bezala, profetaren oinordeko legitimotzat jotzen duten Ali gurtzen dute. Alta, doktrina mailan ez dira Iran, Irak eta Libanon nagusi diren xiiten antzekoak, antz handiagoa dute bertako sunitekin. Eta Yemengo historiari so eginez, zatiketa instituzional hori estatu kolpeak arrakastatsu egiteko ongarri izan da. Milizia tribalak antolatu izan dira armada erregularraren indarra orekatzeko, tribu eta sekten boterea finkatzeko. Salafistek, hegoaldeko tribuek, Al-Qaedak, armadatik kanporatuek… denek eraiki dituzte milizia propioak.

Huthien patriarka modernoa, 2010. urtean hildako Badr al-Din al-Huthi erlijio maisu errespetatua izan zen. Irango iraultza islamikoaren bultzadaren txanparekin eta Yemengo iparraldean saudiek lagundutako salafista sektarioak hartzen ari ziren indarrari aurre egiteko asmoz, zaidien berpizkundea bultzatu zuen 80ko hamarkadan. Bere lau semeek (Hussein, Yahya, Mohamed eta Abdulmalik) jarraitu zioten aitaren obrari. Berpizkundeak erro sozial eta iraultzaileak zituen, baina baita motibazio sektarioa ere. Hamar urte eskasetan aita-semeek sare sozial itzela josi zuten, bide denak jorratuz: beste tribuetako familiekin ezkontzak, programa sozialak, udalekuak….

2000. urtetik aurrera huthien mugimendua gero eta entzunagoa egiten hasi zen, eta muga kontuak eta nazioarteko gaiak mahairatu zituen, bereziki Saudi Arabiaren eta AEBen kontra eginez. Beren lurralde menditsuaren kanpo dominazioaren aurkako mezua zabaldu zuten huthiek eta muga disputak izaten hasi ziren saudiarabiarrekin. Palestinarren Bigarren Intifadaren alde egin zuten, Afganistan, Irak eta Yemenen AEBek egindako interbentzio militarren aurka jo zuten... Ordukoa da beren al-shi'ar edo garrasi ezaguna: «Heriotza AEBei, heriotza Israeli, maldizioa juduentzat, garaipena Islamarentzat».

Gerrilla gerra amaigabeak

2004etik 2010era sei gerra egin zituzten huthiek. Eta metatutako esperientzia eta irakaspenen poderioz, beren operazio militarrak gero eta eraginkorragoak, hilgarriagoak bilakatu ziren, Saada beren jatorriko probintziatik harago hedatu zirelarik; mehatxuari aurre egiteko, Yemengo Armada gero eta baliabide gehiago erabiltzen hasi zen, eta, tarteka, Saudi Arabia huthien aurkako operazio militarretan parte hartzen ere hasi zen.

2004ko ekainetik irailera luzatu zen aurreneko gerran, bere jatorrizko Saada probintziako kobazuloak zaintzeko gai ere ez ziren huthiak eta beren lider militar karismatikoa, Hussein Badr al-Huthi, preso hartu eta jendaurrean exekutatu zuten. Husseinen exekuzioa, baina, akats larria izan zen. Gobernuak Saadako hormetan bere hilotzaren argazkiak jartzean, xiismoak martirioarekiko duen lotura indartu egin zuten agintariek, lider militarrari santu estatusa emanez eta zaidiek matxinadarako duten joera indartuz. Beste akats larri batzuk ere egin zituen Gobernuak: zaidien tenplu garrantzitsu bat duen Dahyan hiria arpilatzea edo gobernuaren mobilizazio tribaletan oihu sektarioak egitea (“xiitak apostatak”). Horrek iparraldeko tribuak huthiekin bat egitera bultzatu zituen, denak batera etsai komunaren aurka mendekua hartzera. Iparraldeko tribuen elkartasun espiritua eta kohesioa indartu egin ziren. Eta hurrengo gerretan gauzak ez ziren jada berdinak izango.

Gutxika-gutxika, 1960ean Egiptoko okupatzaileen aurkako gerran ikasitako gerrilla taktikekin batera, hiriak defendatzeko eta armadaren kuartelak hartzeko estrategiak garatzen hasi ziren huthiak. Gobernuaren logistika kolpatzen ikasi zuten, Saada probintzia Sana hiriburuarekin lotzen zuten zubiak zartatzen hasi ziren, Yemengo Armadaren brigadak inguratu eta ihes egitera behartzen, borroken berri ematen zuten bideoak editatzen... Azkenean, saudiarabiarren aire zaintzaren eta bonbardaketen beldurrik gabe, eraso zuzenak egiten hasi ziren huthiak.

«Estatu» bat hartu

2011ko martxorako Yemengo Armada Saadatik kanpo zen. Izen berria hartu zuten huthiek: Ansar Allah (“Jainkoaren jarraitzaileak”). Beiruten egoitza zuen Al-Masirah (“Bidaia”) telebista ere jarri zuten abian Hezbollah taldearen laguntzarekin. Udaberri Arabiarraren porrotak irekitako aukera aprobetxatuta, apurka beste probintzia batzuk eskuratzen joan ziren (Amran, Al Jawf, Hajjah). Tribuen arteko bitartekaritzan huthiek betidanik izandako abilezia eta lurralde berrietako tribuen sare eta egitura lokalen ezagutza zehatza bailatuz, xake partida aparta jokatu zuten: plan oso garatuak, urrats oso azkarrak jarri zituzten martxan, hegemonia ziurtatzeko irabazi beharreko puntu guztiak ondo irabazita.

Lurraldeak hartzearekin bat, huthiek, Ansar Allah mugimenduak, Yemengo Armadaren armategia bereganatzeko lan egin zuten, baita Iran eta Libanoko Hezbollahren laguntza lortzeko ere. Armadako ofizialak erakarri zituzten, tankeak zein artilleria eta aire defentsako brigada osoak berenganatuz; pentsa, sei gerratan aurkari izan zuten Ali Abdullah Saleh presidente ohiarekin ere aliantza josi zuten –bi urte geroago hil egin zuten–, batez ere haren kontrolpean ziren misil estrategikoak, kostaldea defentsarako indarrak eta inteligentzia agentziak bereganatzeko.

Geoestrategian maisu

Estatu mailako eragile bilakatuta eta nazioarteko aliatu boteretsuak izanda, huthiak oso eraginkorrak izan dira “indar okupatzaileen” aurka ekiteko gazteak errekrutatu, motibatu eta entrenatzen. Zuzendaritza karismatikoa dute, egitura sendoa, baita Yemen osoan dauden dozenaka fronteetan borrokatzeko aski soldadu ere. Hainbeste frontetan eusteko arrazoietako bat gune bakoitzera indar kopuru mugatuak bidaltzean datza, besteak beste, saudiarabiarren erabateko aire nagusitasunetik ihes egiteko. Kobazuloak, lubaki sistemak, eguzki plakekin elikatutako komunikazio sistemak, egunak geldi-geldi pasatzen dituzten frankotiratzaileak, bospasei gerrillariko taldeak... Jokoa argi dute huthiek: dispertsioa, mugimendu taktikoak lehenestea.

Lurraldeak mina eta lehergailu teknikoki garatuekin betetzen dituzte huthiek, eta, borrokalari bakoitzak, posizio bat defendatzeko, leku batean kalaxnikova erabil dezake, bestean frankotiratzaile erriflea, bestean tankeen kontrako misil bat... Etsaiaren defentsa posizioetaraino taldean hurbiltzea zail dute huthiek, airean erabateko nagusitasuna baitute arerioek, eta, saiatu direnean, hildako asko jasan baitituzte. Baina frogatu dute Saudi Arabiako hegoalde menditsuan gerrilla gerra egiten oso iaioak direla, bertara milaka kohete jaurtitzeko eta arerioak odolusteko gai direla.

Estatuaren armategia berenganatu ostean eta kanpoko aliatuen laguntzari esker, teknologikoki punta-puntakoak diren arma sistemak erabiltzen dituzte: misil balistikoak, erasorako eta zaintzarako droneak, abiadura handiko urrunetik gidatutako txalupak... Baliabideok mediatikoki baliatzeko gaitasuna ere erakutsi dute. Badakite geoestrategikoki zer-nolako ondorioa duen Riad erasotzeko edo Itsaso Gorriko itsas trafikoa mehatxatzeko gai izatea eta horri etekin ateratzen ari dira.

Oinarrian, badira huthien artean uste dutenak saudiarabiarrek sarraskitu egin nahi dituztela, beren azken gizon, emakume eta haurreraino, eta, hori ekiditeko, Mekaraino bertaraino gerra eraman behar dutela. Usteak uste, baina, gerra populazioarentzat hondamendia izaten ari da: milaka hildakoez gain, haurren malnutrizioa eta kolera agerraldiak ohikoak dira eta Yemengo azpiegitura urriak desagertzen ari dira. Lerrook idazterako orduan, Al-Hudaidako portuaren inguruan borroka latzak daude eta su-eten baten inguruko berriak zabaltzen ari dira.

Ikuskizun dago dena. Saudiarabiarren interbentzioak, baina, porrot egin du Yemenen: haien presidentegaia ez da egun presidente, beren aliatuak elkarren artean borrokan ari dira, egonkorra baino, beste edozer da egun herrialdea, Al-Qaeda indartsu da oraindik... Iran bera ere, indartuta atera da. Huthiak irandarren txotxongilo ez izan arren, beharrak eraman ditu haiekin lanean jardutera, eta, horregatik, orain, irandarren influentzia askoz handiagoa da Yemenen.