Amagoia Mujika Telleria
infraganti

JOXE MARI IZETA

Kezka batetik sortu zen GuraSOS elkartea; Zubietako erraustegiak herritarren osasunean eragingo duen kaltearen kezkatik. Joxe Mari Izeta elkarte horretako lehendakaria da eta kontziente da borrokan hasi zirenetik asko aldatu dela gudu-zelaia. Batez ere, orain, obrak martxan daudelako. Baina garbi dauka ez dela berandu.

G uraSOS elkarteko lehendakaria da Joxe Mari Izeta. Plataforma horren bueltan bildutakoek ekitaldi konkretu baterako laguntza eskatu zioten eta, kasik konturatzerako, lehendakaria zen. 2016ko maiatza zen eta geroztik Gipuzkoako Foru Aldundia Zubietan egitekoa den erraustegiaren bueltan gauza asko gertatu dira. Herritarrek bultzatutako elkarteak gorakadak eta makalaldiak izan ditu, sasoi beroagoak eta hotzagoak jendearen bultzadari dagokionez.

Gaurko egunez, erraustegia eraikitzeko lanak hasita daude eta GuraSOS elkarteak borrokan segitzen du, garbi dutelako ez dela berandu. «Artean, askoz merkeagoa da erraustegia geratzea proiektuarekin aurrera jarraitzea baino».

«Nik uste dut GuraSOSek diagnosian asmatu egin zuela sortu zenean: gai hau muturreraino politizatu da, alderdien arteko borroka bihurtu da, elkarri egurra emateko modu bat, eta, ondorioz, herritar asko desaktibatu egin dira. Herritarrak ikusten duenean gai baten erabilera harago doala, hondakinen kudeaketatik harago dagoela, apartatu egiten da, bere eguneroko gauzetara erretiratzen da».

2016ko udaberri hartan erraustegia bultzatzen duten alderdi politikoek zuzen jarraitzen zuten beren helmugara bidean. Herritarrak, aldiz, desaktibatuta zeuden. Krispazio politiko haren erdian, GuraSOSek gaia jendartera ekarri beharra ikusten zuen. «Guraso bezala, gure seme-alaben osasuna erdigunera ekartzeko beharra ikusten genuen. Nik uste jendartearen parte handi bat kezkatuta bazegoela, baina norbaitek lidergoa hartzeko beharra zegoen. Guk hasieratik oso garbi izan dugu ikuspuntua: osasun arazo bat da, gure seme-alaben etorkizuna dago jokoan. Hortik abiatuta, ahalik eta mugimendu anitzena sortzea izan da helburua, alderdi politikoetatik aparte. Segur aski, gure lanik zailena eta, aldi berean, gure arrakasta handiena horixe izan da: politikoki inon ez kokatzea lortu izana. Asko saiatu dira, alde batekoak eta bestekoak, gu nonbait kokatzen. Gu saiatu gara alderdi guztiei esaten gu arduratzen gaituena osasuna dela, ideologiaz harago».

Borroka politikoa

2016ko maiatzean egoera «historikoa» zen Izetaren ustez. «Dena egiteko zegoen. Obrak esleitu gabe zeuden. Nik haserre handia daukat erakundeekin, dena desberdin egin baitzitekeen. Hondakinen plan berria –PIGRUG 2017-2030– egiteko zegoen; Europak eskatzen duelako eta gizalegeak eskatzen duelako, partaidetza prozesuak martxan jartzea derrigorrezkoa zen. Baina ez zuten ezertxo ere egin, aurreko PIGRUGa luzatu baino ez. Eta parte hartzearekin, ezer. Gutxien inporta zitzaiena osasuna edo jendartea zen. Borroka politiko bete-betean sartuta zeuden. Aurretik EH Bilduk geldiarazitako proiektua berriz martxan jartzera zihoazen. Finean, irabazleen eta galtzaileen errelatoa osatu nahi zuten, ez besterik. Bide horretan, eta artean obrak martxan jartzeko zeudela, jende asko hurbildu zitzaigun. 2016ko udazkenetik 2017ko apirilera arte, GuraSOSek goraldi bat izan zuen, jendearen babes bat. Garbi ikusi zen jendartea kezkatuta zegoela erraustegiaren gaiarekin, baina desaktibatuta zegoela».

Aurrera doan traktore handia

Giro hartan, 2017ko apirilean esleitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren lanak. «Hortik aurrera, sekulako beherakada sumatu genuen; bai kanpora eta bai barrura begira. Ordura arte lan asko egin zuen jendea nekatuta zegoen, eta etsituta. Egia da politikariak ekintza burutuen politikarekin jokatzen dutela. Aurrera eta aurrera doan traktore handi bat balira bezala. Herritarrek mila arrazoi dauzkate traktorearen aurrean jartzeko, baina traktoreak zapaldu egiten zaitu eta aurrera jarraitzen du. Nire sentsazioa hori izan da. Zuek nahi duzuena esan, baina hau aurrera doa. Guk badaukagu makinaria aski –baita komunikabideetan ere–, aurrera jarraitzeko».

Behin obrak martxan daudela, zer? «Guk ezin dugu besterik gabe etxera erretiratu, borrokan segitu behar dugu. Hau ez da bukatu, oraindik gelditu daiteke eta guk oso barneratuta daukagu: Gipuzkoak benetan erraustegirik nahi ez badu, ez da egingo». GuraSOS bere bidean eragile askorekin bildu da eta jaso duen sentipena garbia da, «ez dugu erraustegiaren alde dagoen herritarrik ezagutu. Batzuk, akaso, bere alderdiaren mandatua betetzeko prest daude, baina ez daude erraustegiaren alde».

Baina traktoreak aurrera segitzen du. «Nola atera garen gu krisi horretatik? Aldundiak egin ez duena guk egitea erabaki dugu. Herritarren bultzada eta diruarekin –kutxak saltzen ari dira dirua biltzeko; Gurasos.org webgunean daude eskuragarri– PIGRUG berria prestatzen ari gara, gauzak egin behar diren bezala egiten». Oraintxe, beraz, Hitzartu gizarte ekimenean sartuta daude buru-belarri. Finean, berez Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri behar zuen PIGRUG berria diseinatzeko parte hartze prozesua da eta hiru oinarriren gainean ari dira lanean: gizarte-kohesio handiagoa; ingurumena eta osasuna gehiago babestea eta Europako politikak zorrotzago betetzea.

«Duela gutxi Tabakaleran parte hartze prozesu bat egin genuen. Oso garbi geratu ziren bi gauza. Batetik, ez dela informaziorik egin; propaganda asko egon da, baina ez informazio gardena. Komunikabide batzuk, informatu ez ezik, beste guztia egin dute. Eta, bigarrena, osasunarekin ez dela jokatzen. Hori garbi daukate herritarrek. Erraustegia inork ez du nahi, baina jende askok ez dauka informaziorik zer egin daitekeenaren inguruan».

Erraustegiaren proiektua diseinatu zenetik gaur arte, panorama izugarri aldatu da. «PIGRUGa egiten ari diren ingeniariek garbi esan digute; erraustegiaren proiektua egin zenean erabat gaindimentsionatuta zegoen. Orain dagoeneko bikoiztuta dago eta datozen 10-15 urteetan Europako aginduak betetzen badira, are gehiago egongo da».

Alegia, erraustegiari jaten emateko adina zabor ez dela sortzen eta ez dela sortuko. Beste arrisku bat ere jarri du mahai gainean Izetak: «Oso kontuan hartu behar dugu erraustegiaren kudeaketa pribatizatu egin dela eta arauetan zein zabor mota erre behar den zehazten da, baina ez da zehazten nongo zaborra izan behar duen. Kontuz horrekin».

Onartu beharreko gaitza?

Jendarteak, oro har, oso garbi dauka erraustegia kaltegarria dela osasunarentzat. «Baina jende askorentzat onartu beharreko gaitz bat bezala da. Jende askok esaten du, ‘eta zer egingo dugu zaborrarekin?’. Jendeari informazioa falta zaio, ez delako eztabaida patxadatsu bat». Ez da eztabaidarik egon, proiektuaren defendatzaileei ez zaielako komeni segur aski. «Nahi duten bakarra proiektua egitea da. Eztabaida sano bat egongo balitz, proiektua bera bakarrik eroriko litzateke, guk kontra egiteko beharrik gabe».

GuraSOSek hamaika aldiz gonbidatu du Aldundia bere ekimenetan parte hartzera, «bere informazioa eta ikuspuntua agertzeko aukera eman diogu, baina ez da inoiz inor etorri». Are gehiago, sortu zenetik behin eta berriz eskatu diote bilera bat Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiari eta ez dute lortu harekin biltzea. «Kezkatzekoa da Aldundiak guraso talde bat ez hartu izana. Gure kezkak entzun ditzaten elkartu nahi dugu haiekin eta ez dira gai izan horretarako ere, herritar talde bat entzuteko», salatu du Izetak.

Urte hasierarako espero dute PIGRUG berria esku artean izatea eta alderdi politiko guztiei helaraziko diote. «Guk etxeko lanak egin ditugu, erraustegiaren alternatiba diseinatu dugu. Oraindik garaiz gaude, erraustegia martxan da, baina obra handienak egiteko daude. Bi labeak, garestienak, ez dituzte ekarri. Ez da berandu, erraustegiaren kontra segitzeko garaiz gaude». •