Patxi Gaztelumendi
Elkarrizketa
Jesus Naberan
idazlea

«Krisi egoeretan sortzen da puntu erakargarri bat eta horren inguruan antolatu daitezke iraultza txikiak»

Gogor apaiz taldea, kartzela, euskalgintza, herria... Iraultza txikietan sinisten du, «Sugearen Iraultzaren» zain. Horretaz eta orain aspaldi ez dela Larrabetzun egin zioten omenaldiaz hitz egin dugu.

Abadea zen Larrabetzun 1968an. Txabi Etxebarrietaren heriotzak Euskal Herria astindu zuen, eta abadeek bere omenezko mezak ematea pentsatu zuten. Guardia Zibilak hartu zituen Larrabetzuko kale nagusia eta eliza inguruak. Idatzia prestatu zuen Jesus Naberanek, eta meza atzeratu. Eta berriro debekatu. Hurrengo iganderako deialdia. Aberri Egun bat izan balitz bezala gogoratzen dute herritarrek ordukoa. Mundu bat batu zen herrian Naberanekin elkartasunez eta Txabi Etxebarrieta omentzeko gogoz.

50 urte geroago, herritarrek Jesus Naberan omendu zuten ez da aspaldi Larrabetzun. Herriko abade eta langilea izan zuten gogoan. Preso egondakoa. Euskararen militantea. Xabier Amuriza eta Juan Mari Areitio. Gogor taldeko lagunak. Herriko musikariak. Eta plaza bete jende. Orduko garaiak eta egungoak aletu ditugu Naberanen laguntzarekin. “Sugearen Iraultza” posible dela ikusten du oraindik ere.

Ez da aspaldi omenaldia jaso zenuela Larrabetzun berton. Nola bizi izan zenuen gonbidapena bera?

Oso pozik, eta emozioz beteta. Jendearen, larrabetzuarren parte hartzea eskertu nuen. Orain dela 50 urteko gauzak memoriara ekarri ziren.

Aspaldiko kontuak ematen dute 1968ko haiek, baina presente daude jendearen memorian.

Aspaldiko kontuak dira bai, baina denbora zirkularra ere bada. Memorian geratzen diren gauzak berriro birgogoratzen ditugu; eta ez da lehena, oraina edo geroa, dena nahastuta dago. Galdara batean bezala bor-bor jartzen direnean, lehenak, orainak eta geroak bat egiten dute.

Zuk zeuk zelan kontatuko zenizkioke orduko gertaerak gaurko gazte bati, 1968an Euskal Herrian gertatutakoa eta zure kasu konkretuari erreparatuta?

Euskal Herrian horrelako berpizte aldi bat izan zen 68an batez ere eta 60ko hamarkada osoan oro har. Ikastolak sortu ziren, langile borrokak gertatu ziren, gauza asko gertatu ziren garai hartan. 68an eztanda bat izan zen, beste leku askotan bezala Euskal Herrian ere.

Orduan hil zuten Txabi Etxebarrieta. Eta abadeok adostu genuen bere omenezko mezak egingo genituela herri guztietan. Herri askotan egin ziren, eta guardia zibilak agertu ziren azken zokondoetaraino. Larrabetzura ere etorri ziren, kalea okupatu zuten eta jendeari egurra eman zioten, eta ez zuten itxi meza hori ematen. Nik hurrengo mezarako deitu nituen herritarrak, eta hurrengorako gero.

Sekulako oihartzuna izan zuen gertaerak, bigarren igandean batez ere. Kale Nagusitik autoak pasatzen ziren, beste herri batzuetatik etorriak. Nazioartean ere oihartzuna izan zuen gure egoera bitxi honek.

Hamarkada horretakoak dira Gogor abade taldearen itxialdia eta protesta ere. Zamorako espetxealdia etorri zen gero.

Abade batzuen mobilizazioa izan zen Gogor, erregimenaren kontra eta justiziaren alde. Eliza pobre eta bertoko bat aldarrikatzen genuen. Gizartea bera zen mugitu zena, eta gu horren guztiaren adar bat izan ginen; gure aukera baliatu genuen.

Langile ere bazinen garai horretan. Asko zineten lan egiten zuten abadeak orduan.

Kontzientzia genuen eta jendartean integratzeko guk ere langile izan behar genuen, eta, horrez gain, nire kasuan, beharrizana ere banuen. Gotzaitegiak soldatarik gabe utzi ninduen Etxebarrietaren mezen aferagatik eta, Larrabetzuko lantegi batean, Terrazos Vascos, lan egiteko aukera izan nuen. Ez zen denbora asko izan, gero gose greba egin eta kartzelara sartu gintuztelako.

68a gogoratzen ari garen honetan, ezin aipatu barik utzi Arantzazu eta euskara batuaren sorrera. Zelan bizi zenuen hizkuntzaren batasuna?

Hori 68an izan zen, bai, eta gu 69an kartzelatu gintuzten. Kartzelan bertan ikasi genuen euskara batua guk, beharrezko ikusten genuen. Orduko Arantzazuko liburua sartu ziguten, eta gure artean eta batez ere Xabier Amuriza maisu geneukala ikasi genituen batuaren forma berri guztiak.

Hamar urte geroago hasi nintzen AEKn. Ia-ia sorreratik aritu nintzen. Gau eskoletatik euskaltegietara pasa ginen, eta nazio mailako prozesu interesgarria izan zen. Ni Galdakao eta Bilbo artean bizi izan nintzen garai hartan. Herriz herri aritzen ginen gure metodologia eguneratu eta zabaldu nahian.

AEKn ere alboan izan zenituen Alberto Gabika eta Julen Kaltzada.

Ni baino lehenago hasi ziren eurak. Gabika eta biok tartean ginela Euskal Herri mailako didaktika taldea osatu genuen. Metodologia berritzea eta zabaltzea izan zen batez ere. Oso sasoi emankorrak izan ziren. Jendea euskalduntzeko eta alfabetatzeko ilusioa zegoen, eta jende kopurua erakarri gura genuen euskarara. Giro ona sortu zen, eta orduan asmatu genuen Korrika ere. Oso garai biziak ziren.

Gerora bizitzako etapa garrantzitsua eskaini diozu itzulpengintzari. Besteak beste Hume eta Herodoto itzuli izan dituzu. Sorkuntzan ere aritu zara.

Itzultzaile denboran euskara asko landu genuen. Klasikoen argitaletxea zegoen, eta bertarako itzulpenak egin genituen. Pentsamendua eta filosofia lantzen zen klasikoetan. Eragina daukate norberarengan ere idazle eta pentsalari handi horiek.

Zuk idatzitako «Sugearen Iraultza» liburuak zelako ekarpen egin zuen zure ustez?

Nik egindako lanen artean gogokoena daukat “Sugearen Iraultza”. Kultur eredu bat proposatu nahi nuen. Kultur eredu hori aurretik Oteizaren pentsamendua ere izan zen hainbat urtetan. Preindoeuroparren kultura aztertu zuen Oteizak eta horra eraman nahi zuen Euskal Herria. Oso aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak gertatu ziren Europa indigenari buruz, eta ikusten zen Europa indigena hori oso ezberdina izan zela gero etorriko zenarekin konparatuta. Gero etorri zen indoeuroparren inbasioa, eta beraiek ezarri zuten gaur garenaren eredua nolabait. Idolo gerlariak, beste ideologia bat, beste bizitza ikuspegi bat. Euskal Herrira baina, hori guztia berandu iritsi zen, duela 2.000 urte inguru eta asko kostata gainera, erresistentzia eta intsumisio handia egon zelako hemen. Hor sartzen da sorginen kontu guztia, heretikoena eta hori guztia.

Nik aurkikuntza arkeologiko horiek azpimarratu nituen, batez ere Europa ekialdean egindakoak, neolitiko garai oso aberatsa izan zutenak; ama kultura zen nagusi. Ez zen idoloa, baizik gure andere Mariren antzeko mito bat zen. Idoloa barik, ama. Natura irudikatzen zuen andere horrek. Natura bere alderdi on eta txarrekin. Biak integratuta zeuden. Batera.

Apur bat landu nuen gai hori, garaia deskribatu, nola bizi zuten guztia. Ereduaren alde onak hartu gura nituen eta proposamenak egin nituen gaur egun lantzeko.

Etorkizuneko proposamen bezala daukazu zuk?

Proposamen horrek gaurkotasun handia daukala uste dut nik. Naturarekin enpatia aldarrikatzen du, natura muturreko egoerara daramagun garai honetan guztiz beharrezkoa ikusten dut. “Sugearen Iraultzak” emakumeen protagonismoa aldarrikatzen du gizartearen bizitzan, eta horrek ere sekulako gaurkotasuna dauka, eta horren adibide dira feminismoaren gorakada eta indarra bera. Egitura eta instituzio esklerotiko eta inposatzaileen aurrean intsumisioa proposatzen du, eta horren adar bat bezala ikusten dute gaur egun pentsiodunen borroka. Itxaropena hor ikusten dut.

Ematen du ezinezkoa dela sistema honi aurre egitea, baina krisi egoeretan sortzen da puntu erakargarri bat eta horren inguruan antolatu daitezke iraultza txikiak.

Eta pentsamendu eta praktika aldetik non kokatzen duzu orain zure burua?

Praktika aldetik jarraitzen ditut mugimendu hauek guztiak. Pentsamenduari dagokionez, indigenismoa jarraitzen dut. Duela gutxi Kanadako jende batekin egoteko aukera izan nuen, han indigenismoa bultzatzen dutenak; Euskal Herrian zelan bizi dugun hori guztia ezagutzera etorri ziren. Esaten zutenez, Kanadan bertan sekulako indarra hartu du kultura indigenaren defentsak eta balioak. Pentsamendu horretan bizi naiz. Aspaldian hori lantzen ari naiz. “Sugearen Iraultza” idatzi ostean “La vuelta de Sugaar” idatzi nuen gazteleraz, ekarpen batzuk gehituta. Eta gaur egun hori ere agortuta dago.

Amaitzeko, eta hasierako puntura itzultzeko asmoarekin, Larrabetzuko omenaldian aipatu zenuen, 50 urte pasatu arren, Euskal Herria ez dagoela egun orduko egoeran baino askoz hobe.

Oso kontrolatuta dago gaurko egoera, oso gogor. Pentsamendu aldetik inposatu egin digute eredu indibidualista, kontsumista hutsa. Gure eredua ez zen hori. Etxea, auzoa, herria ziren gure eredua. Arrakasta indibidualak ez zeukan indarrik.

Politikoki begiratuta, oso eskuinera jota dago gizartea. Era guztietako kontrola ikusten da hor. Ustelkeria areagotu egin da eta errepresioa ere gero eta handiagoa da. Eta horregatik galdera bat bota nuen eskaini zidaten omenaldi ekitaldi horretan: «Zer gertatuko litzateke gaur Etxebarrietaren aldeko meza bat ospatuko bagenu? Guardia Zibilari aurre egingo bagenio?». Bada, errebelioa, intsumisioa izango litzateke. Altsasuko egoera etortzen zait niri gogora...

Duela 50 urteko kontuak gogoan Larrabetzuko plazan

Xabier Amurizaren “4x4 operazioa” nobelan zehatz kontatzen dira 1968an Larrabetzun gertatutakoak. Eta hari horri tiraka, Amurizak berak egin zuen kontalari lana Larrabetzuko omenaldian. Eliza aurrean lehenengo, kalearen erdian gero eta plazan azkenik, 68ko gertaerak gogora ekarri eta kantuan jarduteko beta hartu zuten herritarrek. Kalearen erdian, noski, Txabi Etxebarrietaren omenez Imanol abeslariak ezagun egindako abestia kantatu zuten herriko musikari gazteek. Juan Mari Areitiok hainbat bertso sorta eskaini zituen ordukoak gogoratu eta abadeen matxinada akordura ekarriz. Preso dagoen bere alaba eta gainontzeko euskal presoak ere izan zituen gogoan. Eta plazan, duela 50 urteko gazteen lekukotzak entzun ziren Jesus Naberan omentzeko. Orduko txapelokerrek nolakoak eman zituzten zehatz kontatu zuten artean gazte zirenek. Bada herrian orduan hankan jasotako kolpeak direla-eta oraindik herren dabilen emakume bat. Plazan jesarrita egon zen bera ere. Naberanek hartu zuen hitza azkenik, Txabi Etxebarrieta, Oteizak Arantzazurako egindako artelana eta kartzelako argazkiekin osatutako oroigarria herritarren eskutik jaso ostean. GAUR8ko elkarrizketan aitortu bezala, orduko garaiak gaur egunean ere ematen direla oroitarazi zuen, Altsasuko gazteen kasua gogora ekarrita.

1968an bertan itxialdia egin zuten abadeek Derioko seminarioan. Gogor taldea osatu zuten, eta baita izen bereko diskoa plazaratu ere. Disko horrekin ezaguna egin zen “Ez, ez dut nahi” abestia kantatu zuten herritarrek plazan, Joseba Etxebarriaren laguntzarekin. Ostean, Xabier Amurizak Frantziako abeslari ezkertiar baten bertsioaren berri eman zien bildutakoei. Colette Magny musikariak 1972an plazaratutako “Camarada curé” kantua entzun, irakurri eta kantatuz bukatu zen omenaldia. Amurizak duela gutxi jakin du kantu horren berri. Abeslari on eta ezkertiar bat deskubritzeaz gain –Colette Magny (1926-1997)–, garaiko borroka hura nazioartean zeinen entzutetsua izan zen gogoeta egiteko parada ere eman zion. Ekitaldian gogorazi zutenez, Larrabetzuko istiluek eta jende oldeak oihartzuna izan zuten bai Radio Paris bezalako irrati batean bai inguruko prentsan ere, nahiz eta frankismo garaia izan eta errepresio latza bizi.