2018/12/22

Victoria B. Bertonasco Vega
Komunikatzaile soziala

Italiako, Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko hormetan zabaldu du bere sormena irailetik. Herri ezberdinetako mugimendu sozialak ezagutu eta espazio publikoa hartu du argentinarrak.

«Ezagutu ditudan emakumeek adierazi didate bidea, eta aske izateko desioarena da guztietan politena»
Ane Urkiri Ansola
1222_victoria1

Urte hasieran antolatu zuen Europara bidaia, Estatu espainola eta Italia bisitatzeko asmoz. Abuztuan, baina, Argentinako abortuaren aldeko mugimenduak barnea mugiarazi eta bere aspektu sortzailea kalera atera zuen lehen aldiz. Abuztuaren 8an Argentinako Senatuan Abortuaren Legea onartu edo ez erabaki behar zuten 72 diputatuk, eta, bezperan, kaleak kolore berdez apaintzeko kanpainarekin bat eginez, Victoria B. Bertonasco Vega komunikatzaile sozialak bere lehen olerkia itsatsi zuen horma batean, “Ispilua”. Hurrengo egunean milioi bat pertsona atera ziren kalera Buenos Airesen: «Abortuaren Legea onartu ez bazen ere, iraultza guk irabazi genuen, kalean argi ikusi zen herriak zer nahi zuen». Azkenean, hasieran pentsatua zuen bidaia erabat aldatu zitzaion, bai bere olerkiak zabalkundea izan zuela ohartuta bai Argentinako arazo ekonomikoek bultzatuta.

2016an feminismoaren eta irrati komunitarioen inguruko tesia egin zuen –komunikazio ikasketak egin ditu– eta Buenos Aires mendebaldeko mugimendu sozialei helarazi zien. «Ez nuen unibertsitateko tiraderan utzi nahi». Izan ere, konbentzituta dago «emakumeok* historia aldatuko dugula. Argentinak helarazi zidan energia zabaltzea erabaki nuen eta afixa formatuan izan zitekeela pentsatu nuen».

«Hormak herrien inprenta dira», zioen Rodolfo Walsh idazle argentinarrak eta Bertonasco ere hitzen indarrarekin mugitzen da. Lau hilabete daramatza etxetik at, “bakarrik” bidaiatzen, herri ezberdinetako mugimendu feministak eta sozialak ezagutzen. Euskal Herrian bi aste igaro zituen. «Besarkadek energia bera dute».

Zer aldatu zen Argentinan abuztuaren 8an?

Ez genuela gehiago atzera begiratuko esan genuen, kolektiboki eta pertsonalki. Niri dagokidanez, lo neukan zerbait esnatu zen; segurtasun ezen, beldurren eta bestearen begiradaren ondorioz zegoen isilik. Niri beti gustatu izan zait idaztea eta erabaki nuen jada ez zegozkidala segurtasun ez horiek. Nire bertsio ahaldundu batekin pauso bat aurrera eman eta olerki bat afixa formatuan inprimatzea erabaki nuen, lagun baten inprenta tipografiko zahar batean, Prensa La Libertad hain zuzen. “Abortu legal, seguru eta doakoa” mugimenduaren kolore berdez inprimatu eta kalean itsatsi nuen. Ideia espazio publikoan interpelatzea da, kaleak okupatuz. Boterea bertan sortzen da eta historikoki gizonentzako gunea izan da. Historia irauli eta guk hartu behar ditugu kaleak, gure aldarrikapen eta borrokak ikustarazteko. Ikusarazi, baita ere, zer gertatzen zaigun eta nortzuk garen.

Zer sentitu zenuen afixaren oihartzuna ikustean?

Zerbait egitera animatzen denean norbait, aurrerapauso bat ematen du, bai berak eta bai guztiok. Norbera izateko determinazioa besteengan esnaraztea izugarria da. Mezuak irismena zuela ikustean, bidaia afixekin egitea erabaki nuen. Mugimenduan sortzen joateak ez zaitu gelditzen, galdera berriak sortzen dizkizu. Inoiz sentitu ez nuen inspirazio momentu bat izan zen eta mezu gehiago idazteko gogoa izan nuen, kaleak okupatzeko ideiarekin. Unean-unean nagoen herrialdeko feministekin kaleak hartzea da gehien axola zaidana. Beraiek ezagutzen dute espazio publikoa eta beraiek dira bertan gertatzen diren biolentzia ezberdinen berri ematen didatenak.

Zer gertatu zen Madrilen hasierako plana aldatzeko?

Bi gauza igarri nituen Madrilen. Bata, badaudela gaiak argentinarrok zein, une horretan, baita madrildarrak ere, kezkatzen gaituztenak, adibidez prostituzioa. Bestea, badaudela eztabaida batzuk oraindik Argentinan eman ez direnak; haurdunaldi subrogatua, kasu. Kuriositatea piztu eta mugimendua gehiago ezagutzeko irrika sentitu nuen. Egin nahi nuenaren konbinazio bikaina topatu nuen: bidaiatu eta kultura ezberdinak ezagutu, feminismo komunitarioan militatu eta herrialde desberdinetako mugimendu sozialez ikasi.

Hasieran barneratu nituen irakaskuntzokin Bartzelonan egin nituen hurrengo afixak. “Ahizpatasunak mugak gainditzen ditu”, dio batek. Ez bakarrik herrialde edo probintziei dagozkienak. Hizkuntza edo pentsaerak ere gainditzen ditu. Hori gertatzean, eduki ditzakegun ezberdintasunak bigarren planoan geratzen dira, gauza garrantzitsuago batek kezkatzen gaituelako. Esajeratzen ari garela esaten didatenean azkar bilatzen dut erantzuna: 32 orduero emakume bat hiltzen dute. Uste dut ez gaudela handizkatzen.

Bartzelonako beste afixak dio: “Piztu dezagun gure mugimenduaren desioa”. Horrekin saiatzen naiz interpelatzen geldirik gaudenean sentitzen dugun erosotasun faltsu hori, zeinak nahi duguna edo ezagutzen ez dugunaren bila joatea galarazten digun.

Ondoren Italiara iritsi zinen.

Italia hegoaldean hasi nintzen. Abisatu zidaten hegoaldea eta iparraldea oso ezberdinak zirela eta nire begiekin ikusi ahal izan dut. Baina hemen ere hari batek lotzen zuen mugimendua. Italiarren kasuan fuksia kolorezko haria zen, eta, estrategia ezberdinekin, helburu bera zuten.

«Ezta bat gutxiago ere».

Non una di meno, hain justu. Ez hori bakarrik. Erroman Non Una Di Meno elkartearen asanblada batean egon nintzen eta Argentinan genituen estrategiei buruz mintzatu ziren italiarrak, mugimendua jendarteratzeko eta agendan egoteko. Erabili zuten ikurretako bat zapia izan zen –Argentinan zapi berdea dugu–. Afixei buruz ere hitz egin zuten, Erroman ere hedapena izan zuten kartelek, zerbait esateko modu sinplea baita. Gainera, akzioan egote hutsak ere zerbait esaten du. Nik jendea gonbidatzen dut nirekin afixak jartzera, horrela espazio publikoa okupatzearen garrantzia helarazteko.

Italiako egoeraren berri ere eman zidaten bertako emakumeek. Esan zidaten 70eko hamarkadan indar handia eduki zuela feminismoak, gero apalaldia izan zuela eta orain berraktibatze lanetan dabiltzala, oraindik biolentzia patriarkala baitago etxeetan, femizidioek jarraitzen baitute, arrazakeriak... Izan ere, feminismoak ez dio bakarrik aurre egiten emakumeen aurkako biolentziari, feminismoak pertsona guztion askatasuna bilatzen du, batak bestea errespetatuko duen sozietate anitz bat.

Aipatu duzu Madrilen ematen ziren eztabaida batzuk ez zeudela Argentinan. Zure herrian, berriz, hizkuntza inklusiboa nabarmentzen da; «otres», «les», «nosotres»... erabiltzen dituzu zuk.

Espainiako Errege Akademia atera da esaten ez duela onartzen hizkuntza inklusiboa, baina eztabaidagune guztietara iritsi da afera. Hitzek eta diskurtsoek errealitatea eraikitzen dute. Ez da berdina esatea nosotros, nosotras edo nosotres. Mahai gainean jartzen ari gara hegemonikoak ez diren beste genero batzuk badaudela. Aipatzen ari gara, eta aipatzen ari garen heinean, existiarazten ari gara. Gauza bera gertatu zen “femizidio” hitzarekin. Ez da berdina “homizidio” esatea. “Femizidio” esaten duzunean botere harreman asimetriko batez ohartarazten ari zara, biolentzia adierazpide gorenarekin emakume baten biziarekin amaitzen duen botere harremana. Hitza 2012an sartu zen eremu legalean eta hori presio sozialak balio duen seinale da.

Feminismo komunitarioaz mintzo zara.

Latinoamerikako feminismoaren barnean dago, Bolivian du erroa, eta alde teoriko zein praktikoa landu behar direla ulertzen du, justizia soziala erdigunean jarriz. Akademikoa soilik den feminismoa kritikatzen du, borroka eremuan egotea bultzatzen du eta ez du babesten formakuntza bat dugunon artean bakarrik hitz egitea. Arbasoen sustraiak berreskuratzea bilatzen du, gorputza eta natura erlazionatuta daudela ulertzen du eta beste generoak osagarri bezala ikusten ditu. Transformazio soziala emateko borroka geldiezin eta antikapitalista babesten du. Beste egunean Gasteizko emakume batzuekin hitz egin nuen eta galdetu zidaten ea beharrezkoa den feminismoa antikapitalista dela esatea. Bai, esan egin behar da. Horrela egin ezean, auzia agendan ez dagoela baitirudi.

Nola erakarri akademikoak ez direnak asanbladetara?

Argentinan gertatzen dena konta dezaket. Emakumeen topaketa nazionalak ditugu. Ni Buenos Aires mendebaldekoa naiz eta, duela hogei urtetik, eskualdeko topaketak ere egiten ditugu. Tailerrak eta eztabaidaguneak izaten ditugu eta klase, adin eta ideologia ezberdinetako pertsonok hartzen dugu parte. Ahots guztiak presente daude baina indartzen jarraitu behar dugu, formakuntza dugunok nahiko hartua baitugu espazio hori. Ahots berriei lekua egin behar zaie. Horizontalak diren espazioetan pentsatzen dut, egia norbaiten esku ez dagoen guneetan, apaltasunetik egia kolektiboak eraikitzeko. Irrati komunitarioak eta hedabide alternatiboak kontsumitzea edo bertan parte hartzea ere defendatzen dut. Komunikabide hegemonikoetan ez dauden elkarteek lekua dute horietan eta sareak sortzeak izugarrizko garrantzia du jakiteko zer gertatzen den herri jakin batean eta zer erreminta eskaintzen dizkidan jakintza elkarbanatu eta hobekuntzaren alde artikulatzeko.

Beti daramazu zurekin zapi berdea.

Geldiezina den energia daukagu. Legea onartu ez bazuten ere, antolatzen jakin dugu eta Socorristas en Red bezalako elkarteek abortatu nahi duen pertsona oro laguntzen dute. 2014tik 2017ra bitartean 12.000 pertsona inguru artatu zituzten.

Argentinatik zapi batzuk ekarri nituen gure borroka ikustarazteko eta gaur jada esan dezaket, hiru hilabete geroago, herrialde ezberdinetako feminismoek babesten dutela gure borroka. Ahizpatasunaren boterea ordezkatzen duen sinboloa da niretzat. Buenos Airesen abortuaren alde gauden guztiok daramagu soinean. Kalean ibiltzen zoazela zapia daramaten pertsonak ikustean, babestuta sentitzen zara. Kalean eztabaidak sortzen ditu. Ados ez dagoen batek galderak egin eta espazio publikoan mugimenduan dauden eztabaidak sortzen dira. Galdera berriak sortu eta horiei erantzuteko argudio berriak bilatzera eramaten zaitu.

Modu batean, zure herrialdearekin batzen zaitu.

Bai. Egunero pentsatzen dut Argentinaz eta egunero pentsatzen dut zer egin daitekeen gizartea aldatzeko, nire lekutik zer egin dezakedan gure mugimendua indartzeko.

Zer egin ezin erabaki zabiltza. Batetik, hemen geratzea duzu buruan, baina, bestetik, Argentinako borrokatik gertu egon nahi duzu...

Nire herria eta familia faltan botatzen ditudan galdetzen didatenean, baiezkoa da nire erantzuna. Baina Argentinako lagun eta kideen energia da gehien faltan botatzen dudana. Horrek sortzen dizkit zalantzak. Ibilbide honetan ikasten joan naizen guztia nire lagunei helarazi nahi diet, nire posiziotik eta nire irakurpenetik –ez bainaiz Argentinako ordezkaria– hemen egin dudan bezala. Beti ikas dezaket, eta horregatik daukat dilema hori, Argentinara orain itzuli edo ez. Lehenago edo beranduago itzuliko naizela ziur nago.

Abortua legeztatzearen aldeko borrokak eragina izango du urrian izango diren hauteskunde orokorretan?

Alderdi politikoek ezin dute beste aldera begiratu mugimendu feministak hartu duen indarrarekin. Askok kanpaina egiteko erabiliko dute. Badaude emakumeak duela 30 urtetik mugimendu feministan daudenak eta uste dut beraiei entzun behar diegula, zapaltzen gaituen sistema hau aldatzea nahi duen errotik eraikitako diskurtso bat dagoelako. Agendan gaude, eta hurrengo urratsa formazioan sakontzea eta belaunaldi berrietan espiritu kritikoa lantzea izan behar da; ideiarik inposatu gabe, gazteak esnaraziko dituzten galdera berrietatik abiatuta.

Zenbat lekutan egon zara?

Madril, Kordoba, Granada, Bartzelona, Napoles, Erroma, Bolonia, Florentzia, Pisa, Venezia, Milan, Como... Egun batean Suitzako muga zeharkatu nuen. Eta, Euskal Herrian, Mutriku, Bilbo, Gasteiz, Errekaleor eta Donostia. Akzio garrantzitsuenak hiriburuetan izan diren arren, herrietan egoteari ere garrantzia ematen diot.

Zer ezberdintasun nabaritu dituzu hiriburuen eta herri edo periferien artean?

Eragile gehiago daude hiriburuetan eta eztabaidarako gune gehiago daude. Horregatik guztiagatik, agian, hiriburuetan dagoen jendea prestuago dago interpelatuak izatera hormetan jartzen ditudan afixekin. Baina hori horrela izanda ere, periferiak ere bisitatu egin behar dira, hiriburuak ez diren lekuetan zer gertatzen den ikusteko. Zer eztabaida jorratzen ari diren jakin, mugimendu feministarekiko zer begirada duten... Garrantzitsua da ahots horiek entzutea eta garrantzitsua iruditzen zait, askotan hiriburuetan gauza batzuk jakintzat ematen ditugulako. Pentsatzen dugu eztabaida batzuk jada itxita daudela, baina ez da horrela leku guztietan. Pixka bat gehiago ibiltzen bagara, albora begiratzen badugu, agian oraindik eztabaida batzuk jorratzen jarraitu beharra dugula ikusiko dugu...

 Zein izan da bidaiako irakaspenik handiena?

Ez naiz inoiz bakarrik sentitu. Bakarrik bidaiatzen nabilen arren –nire lehen bidaia luzea da bakarrik–, beti sentitu naiz babestuta. Seguru sentitu naiz, ahizpatasunaren maitasuna nik sentitzen dudan bezala sentitzen zuen norbait egongo zela banekielako. Sororitateak mugak gainditzen ditu. Eta energia bat badagoela ere ikusi dut. Topatu behar ditugun pertsonekin topatu beharra dugu, une horretan hitz egin behar dugun pertsonekin hitz egin behar dugu, ikasi eta bakoitzak duena transmititzeko. Joan-etorri bat da dena, une oro. Eta horrek adierazten dizu bidea. Niri ibilbidean ezagutzen joan naizen emakumeek adierazi didate bidea. Eta aske izateko nahia eta askatasunaren aldeko bidea da guztietan politena. Askatasunerantz ibiltzea, maitasun eta errespetuarekin, izan da irakaskuntzarik handiena.

Bidean zabaldu dituzun afixen argazkiak iristen zaizkizu oraindik ere.

Egunero jasotzen ditut. Mezu horiekin barnealdea mugiarazi zaienek elkarbanatzen dituzte argazkiok eta horrek lanena jarraitzera bultzatzen nau. Pertsona bakarrari eraginda ere lana eginda zegoen, eta zortez bat baino gehiagorengana heldu da mezua.

 Zein da zure hurrengo helburua?

Hiru hilabeteotan ikasten joan naizen guztia bildu, idatziz jaso eta hedabide alternatiboen bidez transmititzea gustatuko litzaidake. Ikasi dudan guztia elkarbanatu nahi dut, ikaskuntzak elkarbanatu egin behar direlako.

Eta afixa gehiago sortu?

Baita, ez diot sortzeari utziko! Afixa batzuk jada pentsatuta ditut. Beti jarraituko dut hitzek gidaturiko sormenean. Hitzak dira nire pasio eta nire bizitzaren gidari.

* Emakume hitza erabili dugun aldiro, heteropatriarkatuak ezarritako sexu binomiotik kanpo geratzen diren pertsona, gorputz eta identitateak ere aintzat hartzen ditugu.

«Ahots eta galdera berriei lekua egin behar zaie, umiltasunetik egia kolektiboak eraikitzeko. Horizontalak diren espazioez pentsatzen ari naiz, gai baten inguruan egia norbaiten esku ez dagoen guneez»

«Zerbait egitera animatzen denean norbait, aurrerapauso bat ematen du, bai berak eta bai guztiok. Besteengan norbera izateko determinazioa esnaraztea izugarria da»