Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Euskaraldiaren biharamunean

Euskara etxean goxatuta etxekoagoa, gureagoa, delako!» hitzaldia eskaini zuen Paula Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta doktoreak Gipuzkoako herri euskaldun batean.

Pentsa liteke, euskaldun izanik, eta etxean euskaraz bizita, solasaldi horietan ezer gutxi dugula ikasteko. Han entzundako hamaika ditut, ordea, oraindik buruan jira-biraka.

Gure neska-mutilei begira jarri gintuen. Hango neska-mutil guztiek dakite euskaraz, askok etxean jaso dute, gainera. Duela 90 urtekoekin alderatzeko gonbita egin zigun. Haiek ere euskaldunak ziren. Euskara soilik jakingo zuten, garatuko zituzten harremanetan –etxekoak, lagunartekoak, sozialak, eta abar–, euskararekin moldatzen baitziren. Baina nolako harremanak izango dituzte gureek hogei urte barru, adibidez?

Garbi da geroz eta errealitate linguistiko konplexuagoan bizi garela. Mundua are eta txikiagoa eta estuagoa bilakatzen ari den honetan, hizkuntza bat behar dugula harremanetarako, beste bat edo bi lanerako, beste hainbat bidaiatzeko… Testuinguru desberdinetan komunikatzeko hizkuntza hautatzen aritu beharko dute etengabe egungo haurrek. Eta zer arrazoi izan dezakete euskara hautatzeko? Horra hor koska!

Kezkatu gara euskaraz irakasteaz; zer esanik ez, euskararen erabileraz; baina, aldiz, zenbateraino ari gara gure neska-mutilei arrazoiak eskaintzen egin beharko dituzten hizkuntza hautaketetan euskararen alde egiteko?

Paulak adierazi zuenez, duela hiruzpalau urte arte hitzaldi hori eremu ez hain euskaldunetatik galdegiten zuten. Ordutik, batez ere eremu oso euskaldunetan ari da. Zergatik ote?

Gurea bezalako hizkuntza txikien patua; sortu ditugu oasi batzuk, baina zer gertatzen ari da horietan? Oasian salbu ginelakoan, datorkigun askotariko etorkizun linguistikoan egin beharko ditugun hizkuntza hautuen kezka zabaltzen ari da…

Badakigu euskararen normalizazioan hiru zutabe daudela, elkar elikatu behar dutenak, bakoitzak bere aldetik bakarrik ezin duelako: eskola, etxea eta kalea. Etxera begiratuta, familia guztiek dugu gure erantzukizuna, gurea egiteko aukera, baita familia euskaldunok ere. Ez gaitzan loak esne-mamitan hartu!

Zenbat hausnartu eta lagundu ote diegu gure heziguneetako familiei kontziente egiten etxean dituzten hizkuntzekiko harremanez? Kontziente ote gara sortzen ditugun harremanetan egin dugun hizkuntza hautuez? Erabaki kontzienteak izan ote dira?

Euskaraldiaren biharamuna iragaten ari gara. Orduan genion oxala Euskaraldiaren olatua heziguneetara iritsiko balitz. Neska-mutilak euskararen jabe nahi ditugu, ahalik eta maila onenean. Ikasle Euskaldun Eleaniztunak Sortzen Kontseiluaren proposamenean zehaztu zen ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzerako euskaraz gutxienez B2 maila lortu behar dutela.

Interesgarria litzateke –oinarrizkoa, akaso–, ikasle guztiei heziguneak oinarrizko hainbat ezagutza soziolinguistiko eskaintzea: nolakoa den hizkuntza txikien egoera; nola bizi diren, edota bizirauten duten, hizkuntza nagusiekin ukipenean dauden gurea bezalako hizkuntza txikiek; zein hizkuntza nagusitzen den hezigunean, lagunartean, auzoan, etxean, aisialdian…

Gero egingo dituzte beren hizkuntza hautuak, kontzienteago, gero eta konplexuagoa izango den errealitate soziolinguistikoan. Kontua ez baita hizkuntzak kentzea… euskaldun eleaniztunak izango badira, hizkuntzak gehitu behar ditugu, euskara ardatz delarik. •