Antton Izagirre

Gatibu

Abenduak zubia egiten du badoan zaharraren eta datorren berriaren artean. Gure kulturan ere, halakoa izan da abendua. Agudo joan dira hamar urteak, Laboak utzi gintuenetik. Taula gainean ezagutu genuenok, inoiz utzi ez gaituen sentipenak izan ditugu, bere aldentzea ez baita sekula erabatekoa izan. Urteotan gatibu izan gaitu.

Segur aski, ez gara batere originalak, Laboa ez dela garai jakin bati lotua dirauen kantaria aitortzen dugunean. Belaunaldi arteko lotura eta haren kantaeraren hilezkortasuna bermatua daude, gure goresmenetik harago, egungo gazteen musika aukeren artean Laboarenak ere tokia hartu duelako. Gazteek Laboa ezagutu eta bereganatu izanak belaunaldi berrien musika zaletasunekin errazago konektatzen laguntzen digulakoan nago.

Horrela, urteurrenaren harira Laboaren obra berrargitaratu izanak, hura berpizteak pozten gaituen moduan, erraz uler dezakegu Berri Txarrak taldearen agurraren iragarpenak, jarraitzaile askorengan sortu duen etsipena. Gure etxeko gazteenak «pena» eta «tristura» aipatu ditu bere bihotzeko taldearen iragarpena ezagutzean. Azken kontzerturako sarrera hartu du.

«Beti geratuko zaigu Gatibu», bota diot, samina apaldu eta aukera berriak eskura jarriaz. Ez dakit ulertu duen keinua.

Zorionez, kateak ez du etenik, batzuk joan eta besteak geratu egingo dira. Errenkada luzeak ikusi ditugu Alex Sarduiren eskaintza jaso zain Durangoko Azokan. Haren gerri-dantzak eta kantaera bereziak jarraitzaile eta miresle gazte eta ez hain gazteak elkartuko gaitu eta aurrera jarraitzera deitu: «Europa zaharreko azken indioak, txikiak gara bihotz handikoak, luzaro iraungo ahal dugu? edo desagertu? Ez, ez! Altxau gaitez, goazen!». •