Maite Ubiria Beaumont

Bake bidea oztopatu duen izotz-horma urtu dadin

Parisko karriketan 10.000 euskaldunetik gora elkartu ziren 2017ko abenduaren 9an. Neguko hotzaldiari aurre eginez, bake bidean urratsak egiteko garaia zela aldarrikatu zuten, bakoitzak bere banderola eramanez, Ipar Euskal Herriko gehiengo politikoaren ordezkariek zein euskal preso politikoen senideek. Batzuek harturiko engaiamendu politikoa zein besteek urte luzez pilatutako sufrimendua irudikatu ziren frantziar hiriburuan. Hilabete batzuk lehenago soilik, elkarrizketarako gunea osatu zuten euskal delegazioak eta gobernura heldu berria zen Errepublika Martxan alderdiko Justizia Ministerioko ordezkaritzak.

Euskal presoei ezarritako salbuespen politikari buruzko elkarrizketak abiatu berri zirelarik, beraz, euskal delegazioak karrikara jotzeko hautua onetsi zuen. Bere erabakiak eztabaida bat baino gehiago piztu zuen. Parisko karriketan harrabots egiteak ez ote lituzke bazterrak sobera nahastuko Vendôme plazako egoitzan? Parisek euskal ordezkaritzarekin zituen harremanak ofizialki aitortu ondoren bazuen logikarik presoen eskubideen aldeko dinamikak tamainako jauzia egitea kalea hartuz?

Galdera horiek guztiak mihi puntan dantzan zebiltzala, Hego Euskal Herriko gobernu eremuetatik itxurazko diskurtso neutralak heldu ziren eskema orokorra kolokan emateko asmoz. ETAren armagabetzearen auzian zein presoen aferan bi hankako formulazioa sarri baliatu dute geroztik –baita aitzinetik ere– “bakegintza ofizialaren” bozeramaileek. Alde batetik, Iparraldeko hautetsien ekimen politikoak boluntarismoaren eremuan kokatuz, horien balioa gutxiestera jokatu dute, hainbatetan arinkeriaz, beste batzuetan, baldarki, ozta-ozta historiaren zentzua galtzeraino. Bestetik, paternalismo bertikala praktikatuz, mobilizatzeko eskubidea zilegitzat jo ondoren, indar sozialaren eragina apaltzera jo dute. Alta, memoria zigor gisa baliatu beharrean, urte berriaren hasieran gaudela aitzakia hartuta, zabal dezagun luzez hondeaturiko lubakiak lur onduz betetzeko agiantza.

Parisko mobilizazioak aparteko arrastoa utzi zuen, bide batez bakearen mapan aztarna sakona utzi zuen 2018ko urteari atea zabalduz. Aipaturiko martxa egin eta bi hilabetera Parisek lehen bi euskal presoak gerturatu zituen Mont-de-Marsanera. Orduz geroztik, orotara 25 preso heldu dira Landetako kartzelara edota Lannemezanera. Gaur-gaurkoz kolektiboaren erdia baino gehiago dago etxetik gertuago. Bestalde, 22 laguni bereziko zainduriko presoen DPS estatusa kendu diete.

Aldaketa tamainakoa izan da –tira, inoiz ez da horrelakorik gertatu–, nahiz eta Baionan 2014an sinaturiko deklarazioa GPS gisa duen euskal delegazioak ez duen inondik inora bere lana amaitutzat eman. Alde ilunak badira: gizonentzako asmatutako espetxe sistema oztopo berria bilakatu da egun hiru espetxetan –Reau, Rennes eta Roanne– urrunduta dituzten hamar euskal herritarrentzat. Oraingoz, “arazo teknikoak” aldarrikatuz –emazteentzako moduluen eskasia–, Parisek erantzunik gabe utzi du afera. Era berean, hurbilketen prozesuari galga ezarri ostean, hiru preso urrun –Arles, &bs;Île-de-Re eta Moulinsen dituzte– eta bakarrik gelditu dira, horrek dakarren arriskuarekin, Garikoitz Aspiazuren senideen pairaturiko auto istripuak agerian utzi berri duenez.

Parisen euskal agendari ezarritako izotz-horma urtzeko, horrela bake ibaiaren ur-emaria handiagotuz, gizartearen hats beroa ezinbesteko osagaia da. Atzo bezala Parisen, gaur Baiona-Bilbon, eta, nola ez, baita bihartik aurrera ere. •