Aimar Etxeberria Korta
SAREAK HESI

Hiru urteko jarduna eskuin muturrak sarean «trolleatua» izaten amaitzeko

2015eko migrazio krisiaren ondorioetako bat da iragan abenduan nazioarteko agintariek Marokoko Marrakex hirian sinatu zuten Migraziorako Munduko Ituna. 150 herrialde baino gehiagok egin zuten bat itunarekin, baina hogeiren batek ez sinatzea erabaki zuten, besteak beste, eskuin muturrak sarean eragindako presioen ondorioz.

Hiru urteko jarduna eskuin muturrak sare sozialetan “trolleatua” izaten amaitzeko. Hala laburbildu daiteke Nazio Batuen Erakundearen Migraziorako Munduko Itunaren ibilbidea, 2015an abiatua eta iragan abenduan itxia. Guztira, mundu osoko 150 herrialde baino gehiagok sostengatu dute akordioa, immigrazioaren krisiari soluzioa eman asmo dion paktua.

Herrialde izenpetzaileak baino, akordioaren aurka bozkatu dutenak edota abstenitu egin direnak dira albiste –Hungaria, Polonia, Ameriketako Estatu Batuak, Txekiar Errepublika eta Israel aurka eta Aljeria, Australia, Austria, Bulgaria, Txile, Italia, Letonia, Libia, Liechtenstein, Errumania, Singapur eta Suitza abstenitu–. Izan ere, adierazgarria da atzera bota diren herrialdeetan eskuin muturrak, sare sozialen bidez, gobernuon erabakian izan duen eragina.

Itun ez-loteslea da iragan abenduaren 18an mundu osoko agintariek Marrakexen sinatua, eta balizko immigrazio krisi baten aurrean herrialdeek jarraitu beharreko jarraibideak jasotzen ditu. Besteak beste, ardura kentzen die dagoeneko etorkin kopuru handia duten herrialdeei eta iritsi berrien integraziorako argibideak eman baino integrazioa immigranteen euren esku uzten du. Era berean, dokumentuak dio ezin diola soilik herrialde batek aurre egin immigrazio krisi bati –behin Greziarekin gertatu eta ondoren Italian errepikatu zen bezala–. Ituna loteslea ez denez, nazioarteko legeriaren baitan estatuek dituzten betebeharrei heltzen dira honen sustatzaileak herrialdeen inplikazioa bermatzeko formula posible bakar gisa.

Atzera egin dutenak

Kuriosoa da akordioak izan duen ibilbidea, sostenguei dagokienez bederen. Izan ere, 2018ko uztailean, Nazio Batuen Erakundea osatzen duten 193 herrialdeek ordura arte adostutako oinarriak adostu zituzten –Ameriketako Estatu Batuek salbu–. Orduz geroztik, baina, eta anabasa artean, dozena bat baino gehiago izan dira atzera egin duten estatuak. Horrez gain, izan da herrialderik non gobernu-krisia piztu duen aferak, Belgikan kasu; Bruselako koalizio gobernuaren amaiera ezarri zuen itunaren izenpetzeak.

Hungaria izan zen akordioaren ontzitik jaisten lehena –estatubatuarren atzetik betiere–. Immigrazioaren aurkako jarrera argia du Viktor Orban lehen ministroak eta uztailean bertan, oraino itunaren xehetasunak negoziatzen ari zirela, egin zuen atzera. Orbanen ezezkoak, baina, ez zuen izan halako oihartzunik, ez zuen eragin domino efekturik. Itunaren aurkako benetako olatua Austriak eragin zuen urri amaieran, herrialdeko agintari nagusi Sebastian Kurzek akordioa ez sostengatzea erabaki zuela iragarri zuenean. Segidan, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Polonia eta Suitza izan ziren Vienaren mandatuari jarraitu zioten herrialdeak.

Belgikaren muturreko agertokira iritsi gabe, gaiak izan zuen oihartzunik Herbehereetako zein Alemaniako agenda politikoetan ere. Geert Wilders lider ultraeskuindarra urak nahasi nahian aritu zen ondoren arrantzan egiteko asmoz, eta Alemanian CDUren baitan Angela Merkelen ondorengoa hautatzeko kanpainara iritsi zen afera. Hiru hautagai ziren lehian eta horietatik bi Migrazioaren Munduko Itunaren aurka zeuden: Jens Spahn eta Friedrich Merz. Zorionez, lehian hirugarrena nagusitu zen garaile: Annegret Kramp-Karrenbauer.

Desinformazioa sarean

Azkenaldian argi geratzen ari denez, immigrazioaren aferari etekina ateratzen jarraitzen du eskuin muturrak han eta hemen. Hainbat dira afera lehia politikoko lehen lerrora eraman duten alderdi ultraeskuindarrak, sare sozialetan eragina duten jarraitzaileek bultzaturik. Horrela erakutsi du behinik behin Elkarrizketa Estrategikorako Institutuak –Institute for Strategic Dialogue (ISD)– berriki argitaratu duen txostenak. Izan ere, honen arabera, eskuin muturreko aktibistek sare sozialen bidez garatutako kanpaina koordinatu batek eragin du Migraziorako Munduko Itunarekiko hainbat gobernuk erakutsi duten jarrera aldaketa.

Aipatu erakundeak garatutako ikerketaren arabera, iragan irailean hasi ziren aktibista ultraeskuindarrak sare sozialak baliatzen itunaren aurka egiteko, ordura arte gaiak apenas oihartzunik izan ez zuenean. Txio, bideo eta online eskaera jasa horrek ordura arte ez-gatazkatsua zitzaien afera bat beste ikuspuntu batetik hartzera behartu zituen hainbat agintari, hainbaten iritzi aldaketa bultzatzeraino –edota Belgikan kasu, gobernu baten erorketa eragiteraino–. Austrian eta Italian, esaterako, honakoa ondorioztatu dute ISD institutuko ikertzaileek: itunaren aurkako online aktibitate handia eman zen gobernuek euren iritzia eman bezperatan.

Eskuin muturraren online jarduera monitorizatzen du ISD institutuak. Tuitak, Facebookeko postak eta Youtubeko bideoak ikertzen dituzte, agenda politikoa testuinguruan jartzeko. Hala, eta Migrazioaren Munduko Itunean kasu, eskuin muturreko agenteek «neurriz kanpoko» papera izan dutela ondorioztatu dute, «eztabaida politikoan eraginez akordioa itxi bezperatan». «Apenas hitz egin zen sare sozialetan itunaren inguruan irail erdira arte, baina orduan eskuin muturreko aktibistek aferaren berri izan eta eskala handian hasi ziren gaiaren inguruko informazio oker eta distortsionatua hedatzen», dio txostenak.

Ordutik aurrera, eskuin muturrarentzat erreferentzia diren plataformetara hedatu zen itunaren gaineko eztabaida, tartean Epoch Times webgunera, Journalistenwatch webgune ultra zuzentzen duen Thomas Böhmen zutabeetara edota Philosophia Perennis islamismoaren aurkako blogera, esaterako. Milioi bat txio ikertu zituen ISDk urriaren 31ren ostean, eta aurrez aipatu plataforma guztiak ageri dira ikertutako kontuen Top10ean.

Youtuberen eraginean egiten du, ordea, azpimarra ISD institutuaren ikerketak. «Bereziki da garrantzitsua sare sozial hau eskuin muturraren baitan informazio distortsionatu edo faltsua hedatzeko orduan», dio ikerketak, nabarmenduz eskuin muturreko aktibistak edo mugimendu konspiratzaileak zirela gaiaren inguruan Youtuben ziren bideoen hiru laurdenen egileak.

Aktibista austriarraren adibidea

Eskuin muturreko aktibisten joaren eta eraginaren erakusgarri da ISDko ikertzaileen ondorengo aurkikuntza: hilabetez, Martin Sellner delako aktibista ultraeskuindar batek abiatutako itunaren aurkako online sinadura bilketa izan zen Alemaniako sare sozialetan gehien zabaldutako lotura. BBC britainiarraren arabera, «Europako eskuin muturraren aurpegi berria da Sellner».

Heinz-Christian Strache Austriako kantzilerorde eta Askatasunaren Alderdi ultrako buruaren hitz batzuk izan ziren Sellneren iniziatibaren oinarri. Migrazioaren Munduko Itunaren aurkako bere ikuspuntua egin zuen publiko Strachek iragan irailean, eta orduan heldu zion gaiari Sellnerek. Bideo bat egin zuen aktibista austriarrak, «informazioaren gerraren» hasiera deklaratuz. Sua zabaltzeko deia egin zien aipatu bideoan kamaradei, izan ere, eta haren ustetan, «heriotza» eskaintzen zien paktuak Europako herritarrei, «elite globalek etorkizunarekiko duten bisioa agerian utziz». Bideoa Alemanian barra-barra zabaltzeaz gain, migrazioaren inguruko itunaren harira Youtuben publikatutako bideoen artean ikusiena izatera iritsi zen.

Aurrez azaldu bezala, urriaren amaieran adierazi zuen Kurzen Gobernuak –Askatasunaren Alderdi ultrarekin koalizioan dago agintean– Austriak ez zuela Migraziorako Munduko Itunarekin bat egingo, inguruko herrialdeak bide berbera hartzera gonbidatuz. «Kontua hau da: guk abiatu genuen kanpainarik gabe ez zen aferaz eztabaida publikorik emango», adierazi dio Sellnerek Politico webguneari. Kanpainaren helburua, beraz, aski ongi gauzatua izan da, Kurzen mugimenduaren ostean, herrialdez herrialde hedatu zen eztabaida, esaterako: Herbehereetan, Belgikan, Polonian eta Txekiar Errepublikan. Herrialde horietan guztietan erakutsi du eskuin muturrak eragina duela, ISD institutuak egindako ikerketaren arabera.

Atsekabea Nazio Batuetan

«Donald Trumpek berehala egin zuen atzera, akordioa bera eztabaidatzera ere sartu gabe, baina Europan ez zion inork jarraitu. Viktor Orbanek ere bide berbera hartu zuen, baina honek ere ez zuen eragin nabarmenik izan inguruko estatuengan», adierazi zuen Bart De Weber Flandesko Aliantza Berriko (N-VA) liderrak –ituna sinatzearen ondorioz Belgikako Gobernua utzi zuen alderdiko buruak hain zuzen ere– nazioarteko agintariek iragan abenduan Marrakexen egin zuten goi bilera batean. «Soil-soilik Austriak hitz egitean, lehenengo herrialde ‘normal’ bezala, piztu ziren gure alarmak», gaineratu zuen VRT katean egun batzuk geroago.

Italiako kasuan, non Lega ultraeskuindarra Gobernuan dagoen, austriarren urratsak jarraitu zituzten iragan azaroan ituna ez zutela sinatuko erabakiz. ISDren ikerketaren arabera, Matteo Salvini Legako liderraren, Luigi Di Maio Bost Izarren Mugimenduko buruaren eta Guiseppe Conte herrialdeko lehen ministroaren Twitter kontuak nazioarte mailan ISDk ikertutako milioi bat tuiten artean hamar aipatutakoenen artean zeuden.

Atsekabetuta agertu zen Louise Arbour Migrazioen Munduko Itunaren proposamena egitearen arduraduna Nazio Batuen Erakundeak Marrakexen egin zuen konferentzian. Bertan, itunaren sinaduraren aurreko hilabete eta asteen errepasoa egin zuen: «Harrigarria da zenbat desinformazio egon den itunak jasotzen eta esaten duenaren inguruan». Sare sozialetan zabaldutako fake news-ak arbuiatu zituen, itunak «immigrazio eskubidea» aitortzen zuela edota legeria nazionaletan zuzeneko eragina izango zuela esaten zutenak batez ere. Eskuin muturreko troll, influencer eta blogarien aurkako alegatua izan zen berea, atsekabe osoz horiek hilabeteetako kanpaina batekin mainstream-ean kokatzen diren alderdi nagusien posizioak aldatu dituztela onartzetik egina.