Mikel Zubimendi Berastegi
LEHIA ABIATZEAR

2020an Trumpi irabazteko presidentegai demokraten lasterketa, hautagaiz lepo

Inoiz baino lehiakide gehiagorekin eta pluralagoekin, ofizialki ez, baina hasi da Trumpi aurre egingo dion hautagai demokrata zein izango den erabakitzeko lasterketa. Lehia estua espero da, programa aurrerakoien eta identitate politiken arteko talka politikoa, zauri asko utz ditzakeen baina herritarren artean interes handia piztu duen prozesua.

Denak Trumpen kontra, denak denen kontra. 2020. urtean Trumpi aurre egingo dion hautagaia aukeratzeko lasterketa goiz hasi da eta lehiakideak asko eta askotarikoak dira. Gazte eta zahar, eme eta ar, afroamerikar, zuri eta latinoak, izugarri dirudun diren kapitalistak zein sozialista demokratikoak, Etxe Zuriko beteranoak direnak nahiz politikan hasiberriak. AEBetako balioak kinka larrian ikusten dituzte guztiek, inoizko lasterketa-irteera jendetsuenean.

Denak hasiak dira abantailak lortzeko jardunean: diru emaileei gortea egiten, beren ekipoetako pertsonala kontratatzen, sostengu publikoak bilatzen. Izan ere, ez da denbora asko falta konpetizio ofizialerako. Bost hilabete barrurako, aurtengo ekainerako, espero da lehiakide demokraten arteko lehen eztabaida. Jadanik hiruzpalauk baieztatu dute beren hautagaitza; beste batzuek parte hartuko dutela konfirmatu ez arren, sekreturik gabeko sekretua da beren presentzia. Eta dantza edo saltsa honetan, hautagai izateko ia hogeita hamar izen dabiltza. Beraien artean 40 urteko tartea dago, inoiz ez bezalako emakume kopurua, afroamerikarrak, latinoak, homosexual aitortuak, beganoak, animalia politikoak eta sekula kargu bat izan ez dutenak, sozialistak eta kapitalista milioidunak… Ideologikoki mazedonia baten gisakoa da: zentro politiko pragmatikotik sozialdemokrata erradikaletaraino.

Ez, oraindik ez da faborito argirik ageri, eta, dagoeneko, Trump hasi da bere aurkaria nor izan litekeen kalkulatzen. Bidenabar, belarriekin txalotzen ditu aurreikusi ezin daitekeen irabazlea izango duen demokraten lehia basatiak utz ditzakeen zauriak.

Lehiakideek, bestalde, honakoa uste dute: %40 inguruko onarpenarekin, teorian Trumpi irabaz diezaioketela, ahula eta tentagarria dela edozein aurkarirentzat. Baina argi ibili beharko dute, eta historiari begiratuta, kontu egin: Etxe Zurian dagoen alderdiak agintaldi erdiko hauteskundeetan galerak izaten ditu, bai, baina 1992tik geroztik karguan den presidente bakar bat ere ez da garaitua izan.

galdera zaparrada

Identitateen politikan oinarritu behar dute lasterketarako estrategia ala ezker/eskuin kontraesan klasikoan errotutako aukera lehenetsi behar dute? Banaketa lerro horretan alderdia lehertzeko arriskua hor dago, eta ez da gutxietsi beharrekoa. Ticket presidentzialean, hots, presidente eta presidenteorde izateko hautagaitza bikoitz horretan, ezinbestekoa al da emakume bat egotea? Eta afroamerikar bat? Eta demokratekiko leial izan diren latinoen ordua orain balitz? 80 urte inguruko hautagai bat badoa, bestea 40 urte pasatxokoa izan behar da?

Erre egiten duten galderak dira, kinieletan bolo-bolo dabiltzanak. Biden edo Sanders ez ote dira jada “zaharregiak”? Elizabeth Warrenek amerindiar odola duela erakusten duen DNA proba publiko egite hutsagatik izan behar al du hautagai? O'Rourke texastarra “Obama zuria” al da? Argi eta konplexurik gabe bere burua sozialistatzat jotzen duen hautagaia behar da? Ala enpresaburu milioidun bat?

Seguru asko, Alderdi Demokratak 2016. urteko primarioen errepikapena ekidin nahiko du. Bernie Sandersen ezusteko eta desafioa gorabehera, Hillary Clintonen koroatze baten itxura hartu zutelako. Aldiz, errepublikanoen primarioetan 17 hautagai zeuden eta mele horrek Trumpen aurrean aurkari serio baten inguruan babesa biltzea eta koagulatzea eragotzi zuen.

Demokratek, baina, beste estilo eta modu batzuekin, Trumpek egin bezala, oraingoz estalia den gai bat beharko dute, mailukatzeko iltzea. Trumpekin “segurtasuna eta harresia” izan zen; demokratek antzeko alkimia sortu eta gai berri eta urgente bat topatu beharko dute. Oraingoz ez da “gai izar” horren arrastorik ageri. Hautagai demokratarentzat ezinbestekoa izango da, hortaz, bisio bat izatea, herrialdea norantz gidatu nahi duen jakitea, presazko arazoei eskua sartzeko ideiak izatea. Eta hori, hitz batean, lidergoa da. Egiari egia zor, oraindik ere, hein batean normala denez, ageri ez dena.

Alderdia eta mugimenduak

Alderdi Demokrata historikoki protesta mugimendu ezberdinen bide emaile edo bozgorailua izan da. Oraingoan ere konfiantza horri kale ez egitea garrantzitsua izango da. Ez baita txiripa azken bi urteotan AEBetako historiako protesta erakustaldi handienak gertatu izana. Emakumeen martxa beldurgarri jendetsuak, armen kontrolaren aldeko gazteen manifestazioak edo agintaldi erdiko azken hauteskundeetan emakumeen, gazteen eta gutxiengoen botoek marka guztiak hautsi izana.

Ez da kointzidentzia, inondik inora ere, duela hilabete batzuk hautatuak izan diren kongresukideen artean emakumezko eta arraza eta jatorri ezberdinetako ordezkariek sekula ez bezalako kopurua izatea. Irakaspen bat uzten du horrek guztiak, protesta mugimenduen eta Alderdi Demokrataren arteko loturen eta elkar elikatzearen ingurukoa.

Kalearen eta boto-kutxen arteko harremana ez baita berehalakoa eta kausala. Sarritan kokapen, inspirazio eta artikulazio kontua izaten da. Baina ukaezina da haizetea dabilela, eta egungo Kongresuaren osaketa hori, inoiz egon den askotariko eta emeena dena, mugimendu olatu baten ondorioa dela: #MeToo, #BlackLivesMatter, Women's Marches, Fight for 15, immigranteen aldeko mugimenduak, armen kontrolaren aldeko taldeak, klima aldaketaren aurrean politika publikoen eta esku hartzearen aldeko kolektiboak. Trump bezalako misogino fanatiko baten hautaketa pizgarri eta katalizatzaile izan da emakumeak eta gutxiengoak hauteskundeen aurrean sekula ez bezala mobilizatzeko.

Alderdi Demokrata da Trumpek sortutako etsipen eta energia horien guztien hartzailea; izan ere, Trump kanporatzeko botoa emateko orduan, benetako tresna eragingarri bakarra da jende eta mugimendu horientzat. Besterik da indar horiek guztiak egoki ordezkatu eta bideratzeko ahalmena eta gogoa daukan ala ez.

Sinbolismoa vs mamia

Hautagaitza jokoan den honetan, ezinbestekoa izango da azaleko kontuetan kateatzea baino mamira lotzea, sinbolismoan erortzea baino funtsezko funtsaren funtsean kontzentratzea. Defendatuko dituen politikek erabaki dezatela 2020rako hautagaia eta ez bere arrazak, genero edo koloreak, hitz batean, identitateak. Arraza berdintasunaren alde bezain gogor berdintasun ekonomikoaren alde jardutea, Trumpen fanatismo eta zatiketari uko egitea bezainbat bisio aurrerakoia proiektatzea.

Emakumea den ala ez, afroamerikarra izan ala indiarra, latinoa izan (eta komunitate horretan oso ugariak dira Obama afroamerikarraren ondoren oraingoan latino baten txanda dela aldarrikatzen dutenak) edo klase altuko gizon zuri heterosexuala izan, funtsezkoa hau izango da: egiazki konprometitua eta aurrerakoia den programa baten eskutik datorren hautagai demokrata sinesgarri baten alde apustu egitea.