Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Juan Duran de la Colina
oftalmologoa

«Kornea transplanteek jende askoren bizi kalitatea hobetu dute»

Mende bat baino gehiago da Vienan lehendabiziko kornea transplantea egin zenetik. Teknikak hobetu eta zorroztu egin dira geroztik, errekuperazioa samurragoa da orain, baina zehaztasun handiko kirurgia izaten segitzen du.

Bilboko ICQO Oftalmologia Institutu Kliniko eta Kirurgikoko zuzendari zientifikoa da, oftalmologoa eta kornean espezializatua. Duela gutxi Top Doctors zerrendan Estatu espainoleko 50 mediku onenen zerrendan agertu da.

Kornea transplanteez jardun da GAUR8rekin. Duela mende batetik egiten den transplante zehatza eta zorrotza, teknika arloan aurrerabide handiak izan dituena eta pazientearen bizi kalitatea asko hobetu dezakeena.

Zertan datza kornea transplanteak?

Lehendabizi kornea zer den azalduko dut. Begiaren aurrealdean dagoen egitura da kornea; garden-gardena da, leiho bat bezala, lente moduko bat. Gardena izateaz gain, forma optiko oso zehatza izan behar du ikusmena egokia izan dadin. Kornea transplantearen bitartez, kaltetuta dagoen kornea osasuntsu dagoen kornea batekin ordezkatzen da. Hilda dagoen emaile baten bitartez lortzen da kornea hori.

Zerk kaltetzen du kornea, zergatik hondatzen da?

Arrazoi desberdin eta askotarikoak daude. Traumatismo bat gerta daiteke, zauriren bat, kolperen bat; ultzera baten ondorioz kaltetu daiteke, infekzio bat dela-eta; kornearen forma-anormaltasun progresibo bat gerta daiteke, kerotokono deitzen dena eta normalean pertsona gazteei eragiten diena. Hala ere, gaur egun arrazoi ohikoena zelulen degenerazioa da. Eta, hori, adinaren ondorioz gertatzen da. Zelulak normalean baino azkarrago hondatzen dira eta korneak gardentasuna galtzen du. Hartara, ezinbestean transplantea egin beharra dago.

Ulertzen da kornea ikusmenaren ezinbesteko osagaia dela, ezta?

Erabat ezinbestekoa. Irudiak erretinara iristeko derrigorrez korneatik pasatu behar du. Horregatik garrantzitsua da kornea perfektua izatea, bai gardentasunez eta baita formaz ere. Horrek huts egiten badu, ikusmena okertzen joaten da. Lesioaren larritasunaren arabera, gehiago edo gutxiago.

Nolakoa izaten da transplantearen prozesua?

Duela hamabost edo hogei urtera arte, kasu guztietan kornea osorik transplantatzen zen, patologia bat edo bestea izan. Kaltetutako kornea osorik kendu eta emailearena osorik jartzen zen.

Gaur egun, berriz, kirurgia egiteko arrazoien arabera, kaltetuta dauden geruzak bakarrik ordezkatzen dira. Horrek abantaila handiak ditu; sendatzeko prozesua arinagoa da, kornea errefusatua izateko aukera txikiagoa, ebakuntza osteko botikak gutxitzen dira...

Korneak, beraz, geruza desberdinak dauzka.

Korneak, gutxi gorabehera, milimetro erdiko lodiera dauka. Hartara, geruzaka egin nahi baldin badugu, mikro-mikro kirurgiari buruz ari gara. Gainera, eskuzko teknikak erabiltzen dira. Laserrak eta bestelako erreminta teknologiko batzuk ezin dira erabili era honetako ebakuntzetan.

Horregatik, gaur egun erabiltzen diren teknikak oso-oso zehatzak dira, doitasun zorrotzekoak. Eta derrigorrez ikasketa prozesu bat eskatzen dute aurretik. Alegia, ondo maneiatzen ikasi behar du profesionalak. Pentsa, kornearen atzeko geruza transplantatu behar badugu, 20 mikrako tamainari buruz ari gara, oso-oso fina den zelofan paper baten pareko tamaina. Eta, gainera, ezin dugu ukitu, oso sentikorrak diren eta erraz kaltetzen diren zelulak dituelako. Teknika konplexuak erabili behar dira.

Eskuzko teknikak erabili behar dira, beraz. Azken urteotan horiek ere garatuko ziren, noski.

Zalantzarik gabe, asko hobetu dira teknikak. Ikerlari askoren lana dago horren atzean. Bada oftalmologo gazte bat, Gerrit Melles holandarra, egun erabiltzen diren teknika horiek guztiak diseinatu dituena. Zalantzarik gabe kornea transplanteen mundua irauli du oftalmologo horrek. Gero berak diseinatutako teknikak hobetu eta findu dituzte beste batzuek, baina bera da bultzatzailea.

Historiari begira, transplanteetan zaharrenetakoa da kornearena, ezta?

Bai. Dokumentatuta dagoenez, lehen kornea transplantea Vienan egin zen, 1905. urte inguruan, duela mende bat baino gehiago. Pentsatzekoa da hasierako transplante horiek basati samarrak zirela.

Baina egia da aspalditik egiten direla kornea transplanteak. Izan ere, korneak badu abantaila bat: egoera normalean –batzuetan bestelako eritasunak gerta daitezke–, odolik ez da iristen korneara eta, ondorioz, errefusatze indizeak beste organo batzuenak baino txikiagoak dira. Horregatik, ez dira beharrezkoak izaten errefusatzeen kontrako botikak eta horrelakoak.

Transplantea kirurgia anbulatorioaren bidez egiten da.

Bai, kornea transplantea anestesia lokalarekin egiten da. Pazienteak atseden erlatiboa hartu behar du egun batzuetan eta begia tapatuta izan behar du 24 orduan bakarrik. Ebakuntza azkarra da. Batzuetan, hain azkar egiten denez, meritua kentzen zaio, berez dena baino errazagoa dirudi. Kirurgia delikatua da, zorrotza profesionalarentzat, baina ebakuntza ondorengo azkarra eta nahiko arina daukana. Ez garai batean bezain astuna, behintzat.

Nola dago emaileen kopurua?

Europan oro har eta EAEn, bereziki, egun ez dago itxaron zerrendarik kornea transplanteei dagokionez. Normalean, dagoen eskariari erantzuteko beste emaile izaten dira. Eta hori pozik egoteko modukoa da. EAEn, urtean hirurehun kornea transplantetik gora egiten dira.

Gehien-gehienak arrakastatsuak?

Hori kasurik kasu aldatu daiteke. Kerotokonoaren kasuan edo adinagatik kaltetutako zelulen kasuan, arrakasta oso handia izaten da. Aldiz, badira tratatzen zailxeagoak diren kasuak; begietako herpesa edo traumatismo konplexuak, adibidez. Horregatik, arrakasta kasuz kasu neurtu behar da.

Pentsatzekoa da arrakasta gertatzen denean gauza handia dela pazientearentzat.

Zalantzarik gabe. Kornea transplanteek jende askoren bizi kalitatea hobetu dute. Gainera, gaur egungo teknikekin errekuperazioa askoz azkarragoa eta hobea da. Pentsa, lehen akaso urtebete egon behar zuen pazienteak puntuekin. Orain, dena askoz azkarragoa eta arinagoa da.

Ba al da prebentzioa egiteko modurik? Egun pantailei begira ematen ditugu orduak eta orduak, horrek kaltetzen al ditu gure begiak?

Iruditzen zait gaur egun jendeak baduela begiak zaintzaren kontzientzia. Azterketa medikoak egiten dira eta orokorrean begiak zaintzen ditugula uste dut.

Pantailei dagokionez, nagusiki lehortasuna eta nekea eragiten dute. Ez dute patologia larririk sortzen, baina bai beste horiek. Pantailaren aurrean gaudenean ez ditugu begiak hain maiz kliskatzen eta horregatik lehortu eta nekatu egiten dira. Gaur egun gehien erabiltzen den kolirioa negar-tanta artifizialak dira. Jende guztiak, neurri batean edo bestean, begietako lehortasuna izaten du, bizi dugun garai honen ezaugarri.

Bizitza itxaropena luzatzeak ere ekarriko zituen begietako gaitzak, ezta?

Bai, horrela da. Gaur egun patologia ohikoenak adinari lotutako makulako endekapena eta korneako zelulen endekapena dira. Gero eta urte gehiago bizi, horrelako patologiak gero eta maizago ikusten dira. Gainera, adineko pertsonek gero eta bizitza kalitate handiagoa exijitzen dute; gidatzen segitu nahi dute, telebista ikusten, ordenagailua erabiltzen... eta horregatik ditugu eskaera gehiago.

Edonor izan daiteke kornea emailea?

Printzipioz, bai. Badira salbuespen gutxi batzuk; tumore klase zenbait, gaixotasun infekzioso batzuk, minbizi mota zenbait... Baina hori guztia oso ondo zehaztuta dago. Hil ondoren kornea emaileak izan daitezkeen pertsonen portzentajea oso altua da.