Joxean Agirre

Logofobia

Ingurukoei gehiegitan kontatu diet gaztetan hitz egiten ez zuen neska bat ezagutu nuela, Zarauzko malekoiari buelta osoa eman arren, bizpahiru “bai” eta “ez” bakarrik esaten zituena. Ezintasun sentimendua eragiten zidan egoerak orduan, baina gerora askotan egiten nuen amets neska horrekin.

Lanean hiru aldiz sentitu naiz gaizki elkarrizketa baten erdian eta hiruretan gehiegi hitz egiten zuen jendearekin izan da. Kolpetik gaixotzen hasten nintzen, izerdi larria ateratzen zitzaidan eta, berriro erredakziora itzultzen nintzelarik, lankideek ea zer gertatzen zitzaidan galdetzen zidaten erabat zurbil nengoelako.

Iaz edo orain urte bi euskarazko eleberri bat atera zen pertsonaiak etengabe hizketan zituena. Igande arratsalde batez irakurtzen erdi parean nintzela gaixotzen hasi nintzen eta bainugelara joan behar izan nuen ispiluan ea zurbiltzen ari ote nintzen ikustera.

Euskal Telebistan bertan luma pixka bat edo asko duen mutil horietako bat hitz eta pitz agertzen den bakoitzean, katez aldatzen dut, ez lumadunen kontra ezer dudalako, arnasa hartzen ez didatelako uzten baizik. Irratian ere hitz-jario porrokatu bat egokitzen bazait, “Ufa! Kita, kita!” esan, itzali eta neure pentsamendu bakanetara itzultzen naiz.

Oraindik orain hogeita bost urtean ikusi ez nuen lankide batekin gelditu nintzen bazkaltzeko. Etxera itzuli eta nire lagunarekin zer moduz galdetu zidatenean, «gaizki» erantzun nien, hiru bat ordu eman baikenituen isildu gabe. Elkarri mirespen puntu bat diogu eta hogeita bost urtetako gorabehera guziak kontatu nahi izan genituen. Zertarako?

Esan gutxi eta asko egiten zuten militanteak miresten nituen lehen. Politikari hitz-totelak gehiago gustatzen zaizkit orain.

Gehiegi hitz egiten duen jendea gaizki erortzen zait. Norbaitek aurpegitik hurbilegi hitz egiten badit gorrotatzera iritsi naiteke. Hitza ez da existituko baina logofobia dudala uste dut. Psikologoren bati interesatzen bazaio, kontatzen dut. Baina ez dut terapiarik nahi. Eskerrik asko. Eta bukatzera noa. Gehiegi hitz egiten ari naiz. •