Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

VENEZUELA, ESTRAPERLOA ETA «GIZA LAGUNTZAREN» INGURUAN JOKO ANKERRA

Tienditas-eko zubiaren irudia da, Venezuela eta Kolonbiaren arteko mugan, eta Juan Guaidok irudikatzen duen oposizioak eta AEBek Nicolas Maduro Venezuelako agintariaren ankerkeriaren froga gisa aurkeztu dute, giza laguntza mugaz bestaldera iristeko errepidea itxi omen duela eta. Kontua da zubiak, eraikitzeko lanak 2016an amaitu zituztenetik, itxita jarraitzen duela. Argazkian ageri diren kontainerrak bai, egun hauetan jarri ditu Venezuelako Gobernuak, baina zubia sekula ez da zabalik egon. Baina zergatik segitzen du horrelako errepide batek itxita amaitu zenetik? Estraperloan dago horren arrazoia, bai gasolina (Venezuelan 4X4 bat betetzeak 50 zentimo euro balio du) bai jakien eta egunero erosketen merkatu beltzean. Venezuelan egoera ekonomikoa txarra dela zalantzarik ez dago, eta egoera horren erantzukizuna nork duen aztertzea ezin interesgarriagoa da. Baina, hori bai, jendearen egoneza politikoki era ankerrean erabiltzea ez da inola ere bidezkoa. Ez hemen ez han. Dabid Lazkanoiturburu