Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Transexualitatea, gizartearen eta eskolaren trantsizioa

Transexualitateari buruz inoiz baino gehiago hitz egiten da, hala ere, fenomeno ezezaguna izaten jarraitzen du, baita hezkuntza komunitatean ere. Ondorioz, ikasle transexualak geletan daudenean, batzuetan aurrera eramaten diren esku hartzeak kaskarrak izaten dira. Azken batean, formakuntza espezifikorik jaso ez duten hezkuntzako profesionalen esku gelditzen baita egoera eta bizipen pertsonalon kudeaketa. Hau da, sexu hezkuntza jasotzea eskubide bat da, baina, derrigorrezkoa ez denez, irakasleen borondate eta gaitasunen arabera modu batean edo bestean gestionatzen da. Hala nola, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak horrelako kasuak bideratzeko protokolo bat izan, ikastetxe askotan ez dakite nola jokatu.

Transexualitatea ez da hirugarren sexu edo kategoria bat, pertsona transexualak neskak eta mutilak baitira horrela sentitzen direlako. Mutilak aluarekin eta neskak zakilarekin jaiotzea, neskak aluarekin edo mutilak zakilarekin jaiotzea bezain naturala da, nahiz eta errealitate hori gutxiago eman. Baina, egun, medikuak izendatzen digun sexuarekin identifikatzen ez bagara, transexualaren etiketa jartzen digute eta medikuaren akatsaren morroi bihurtzen gara.

Ekografian zutik dagoen zakila antzemanez gero mutila izango dela eta ez egonez gero neska izango dela erabakitzen da. Beraz, alde batetik, neskok zakilaren absentzia izaten jarraitzen dugu, eta, bestetik, medikuek maiz huts egiten dute. Jakin badakigu pertsona baten sexua ez dutela genitalek determinatzen eta sexu identitatearen eta sexuazio prozesu zerebralaren artean erlazio zuzena dagoela.

Osasun zientzietan ezagupen sexologikoa ez da ikasten, horregatik, ez da ulertzen, ezagutzen, transmititzen ezta praktika klinikoan kontutan hartzen ere. Horrekin batera, sexu identitatea norbanako bakoitzak deskubritu eta adierazi beharrean, medikuek erabakitzen jarraitzen dute. Sexu identitatea ez da inolaz ere erabaki bat; are gutxiago hirugarren pertsona batek hartzen duen erabaki bat norberaren sentipenaren inguruan. Gainera, medikuen praktika horrek ez dauka oinarri zientifikorik. Osasun zientziek, Mendebaldeko medikuntzaren eraginez, ezjakintasun sexualaren hutsune teorikoa moral sexualarekin bete dute. Hortaz, ideologiak zientziak eta balioek baino pisu gehiago hartu du. Hots, osasungintzan jarduten duten profesionalek transexualitatea sexu aniztasunaren ondorio naturala dela ulertu eta transmititu beharrean, disforia de género diagnostikoa ematen dute. Horrez gain, arazo sozial batekin lotu beharrean, osasun arazo batekin, eta, zehazki, sexu identitatearen arazo pertsonal batekin erlazionatzen dute.

Transexualitatea gizarteak gauzatu beharreko trantsizio soziala da. Onartuko bagenu alua duten mutilak eta zakila duten neskak jaiotzen direla, pertsona transexualek ez lukete inolako trantsiziorik egingo. Beraien gorputza onartu eta maitatuko lukete den bezala. Baina, arazo pertsonala kontsideratzen denez, baliabide guztiak pertsona transexualei zuzenduta daude eta benetako lanketa ingurukoekin egin behar da. Neska eta mutil transexualen ongizatea geletan bermatzeko, sexu hezkuntza bidelagun, trantsizioa hezkuntza komunitateak egin behar du. •