Ainara LERTXUNDI
MINAK, EZKUTUKO ETSAIA

«El fuego escondido» ikerlanak Saharako minen biktimen testigantza bildu du

Sahara da pertsonen kontrako mina gehien dauden lur eremua. Herrialdea banatzeko Marokok eraiki zuen harresiaren alde bat zein bestea minaz eta lehergailuz josita daude, bere kontrolpean duen eremuan Fronte Polisarioak dagoeneko 20.000 deuseztatu dituen arren. 1975etik, 4.000 biktima eragin dituzte, zauritu eta hildakoen artean.

Pertsonen kontrako mina gehien dauden lur eremua Sahara da. 100.000 kilometroko gunea minaz josita dago. Morokok eraiki zuen harresiaren inguruak dira bereziki arriskutsuak. Kontuan hartu behar da minak harresiaren eraikuntza lanak babesteko eta Fronte Polisarioari min egiteko jarri zituela Estatu marokoarrak. Edonon daude, minen arriskua areagotuz, ez baitago jakiterik non dauden. 2.700 kilometro inguru dituen harresiaren eraikuntzak ia zazpi urte iraun zituen; 1980ko abuztuan hasi eta 1987ko apirilean bukatu ziren lanak.

Ez dago zehatz-mehatz jakiterik minek eragindako biktimen kopurua. 2011n egindako kalkulu baten arabera, 1975etik 2011ra 2.500 egon ziren. Baina, beste iturri batzuen arabera, 4.000tik gora dira biktimak, zaurituak eta hildakoak kontuan hartuta.

Minen Biktimen Saharako Elkartea (ASAVIM) 2012an hasi zen datu base bat egiten. Urtero, Fronte Polisarioaren kontrolpeko zonaldean 20 eta 30 biktima artean gehiago daudela aditzera ematen du. Baina ez dago horrelako datu baserik okupatutako Saharari dagokionez. Pertsonen kontrako lehergailuen biktimak bi aldiz dira biktima; lehenik, eztandaren biktima, eta, ostean, isiltasunarena. Haien errealitatea jakitera emateko, Carlos Martin Beristain doktorearen gidaritzapean, “El fuego escondido. Las víctimas de minas en el Sahara Occidental” ikerketa lana argitaratu zuen Hegoa Institutuak. Argitalpena, Euskal Fondoak finantzatu eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan egindako ikerketa bilduma baten parte da.

Liburuak 154 testigantza jasotzen ditu, bai biktimenak beraienak bai senideenak eta lekukoenak ere. Elkarrizketa gehienak, %62,4, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan egin zituzten, eta, gainontzekoak, %37,6, okupatutako lurraldeetan. Batean eta bestean, alde izugarria topatu zuten txostenaren egileek. Kanpalekuetan elkarrizketak askatasunez eta arazorik gabe egin zituzten bitartean, okupatutako Saharan egoera bestelakoa izan zen lantaldearentzat. Lehena Aaiunetik kanporatu egin zuten. Ondorioz, elkarrizketak diskrezio osoz egin behar izan zituzten eta elkarrizketatu batzuek beraien izenak ezkutuan gordetzea eskatu zuten, errepresalien beldur.

Jatorriaren arabera sailkatuta, tankeen kontrako minek eragin dituzte eztanda gehien (%52). Ondoren, pertsonen kontrako minak (%18,3), barreiatze-bonbak (%11,7) eta gerra lehergailuak (%7,1) datoz. Biktimen %9,7k ez dute ezagutzen zein lehergailu motak eragin zizkion zauriak. Tankeen kontrako minak blindatutako ibilgailuak suntsitzeko pentsatuta daudenez, lehergai karga handiagoa dute eta pertsonen kontrako minez inguratuta egon ohi dira, horiek kentzea edo deuseztatzea zailtzeko. Desertu zabalean barreiatuta daudenez, ganaduarentzat ere mehatxu dira, beduinoen bizimodua eta tradizioak arriskuan jarriz.

Hamar kasuetatik zazpitan, leherketa mina oinez ibiltzerakoan edo autoarekin zapaltzean gertatu zen; eta hamarretik ia bitan, arreta deitutako objektu bat manipulatzean. Gainontzeko kasuetan, biktima beste pertsona edo ibilgailu batek eragindako leherketaren eremutik oso gertu zen. «Harresiaren inguruan, ez dago metro bat bera ere minarik gabe. Harresia eraikitzen ari zela, Marokok minak neurrigabe landatu zituen, irizpide militarrik jarraitu gabe», salatzen du ikerketa lanean Dahan Almani Mumenek.

Klima etsaia denean

Muturreko baldintza klimatologikoek eta topografikoek minak kentzeko lanak izugarri zailtzen dituzte Saharan. Hondar ekaitzek, 50 gradutik gorako tenperaturek udan, uholde-urek eta dunen leku aldatzeek lanak moteltzen dituzte, askotan lehergailuak mugiarazi eta horien lokalizazioa oztopatuz. «Fronte Polisarioaren kontrolpeko zonaldeetan minen kokalekua zehazten duten mapa militarrak dauden arren, euriak minak barreiatzen ditu, markatutako lekuetatik oso urrun eramanez», azaltzen du Dahan Almani Mumenek.

Salem Omar Alik hanka bat galdu zuen eta berarekin autoan zihoan pertsona hil egin zen. «Haize boladek lehergailuak agerian uzten dituzte. Baina, euria egiten duenean, uholdeak egon ohi dira eta ur korronteek lehergailuak eramaten dituzte, eta, batzuetan, arean lurperatuta gelditzen dira. Meherisen, hegazkin batek misil oso handi bat jaurti zuen, baina ez zuen eztandarik egin erortzean. Bada, euriarekin hondar artean estalita gelditu zen. Edozein unetan auto do kamioi batek zapaldu dezake eta eztanda egin. Gobernuz kanpoko erakundeek ezin dute deus egin lurperatuta dagoelako eta ez dutelako baliabiderik zonalde arriskutsuak detektatzeko», nabarmentzen du lanean Mustafa Mohamed Ali Sidi El Bachirrek, Fronte Polisarioko Barne ministroak.

Horrela ba, arriskurik gabeko zonaldeak ere tranpa bihurtzen dira. Segurtasuna oso hauskorra eta aldakorra da, ziurgabetasuna hedatuz. Mohamed Ali Buzeid mina baten biktima izan zen, 1993an, ahuntz-taldearekin zihoala. Zonaldea minarik gabekoa zela uste zuen. Oraindik ere metraila zatiak ditu gorputzean eta infekzioak izaten ditu.

Okupatutako Saharan, Lansari Ali Ueld Abdelaziz Ueld Nayem mina baten biktima izan zen. Maiz zeharkatzen zuen bide batetik zihoan minak eztanda egin zuenean. Lekua ezagutzea ez zen segurtasun berme izan, kontrakoa baizik. «Ganadua bilatzen ari nintzen. Ahuntzak non zeuden jakiteko, burua autoko leihotik atera nuen, eta, halako batean, minak eztanda egin zuen. Leku beretik askotan pasatakoa nintzen arazo gabe», ekartzen du gogora Lansari Ali Ueld Abdelaziz Ueld Nayemek.

Mahfud Bata Mohamed Masuden anaia, 17 urtekoa, eskolako txango batean zela hil zen. Eztanda berean 12 urteko Halil Mohamed Nayum ere hil zen. «Okerrena minak leku guztietan daudela da. Pertsona bat zuhaitz baten azpian eseri daiteke itzal bila bertan mina bat egon daitekeenik jakin gabe. Eta norbait egur bila badoa, nola daki euriak ez duela minaren bat mugitu? Gerta daiteke lehen segurua zen gunea ondoren ez izatea», azaltzen du Mahfud Bata Mohamed Masudek.

Desertuari lotuta

Beduinoen bizimodua eta tradizioak desertuari lotuta daude. Artzaintza mehatxu bat bihurtu da beduinoentzat eta beraien bizimoduarentzat. Lala Alamin Mohamed-Embarek emakume independentea zen. Bere familiarekin batera nomada zen Tifaritin. 1992ko udan, mina batek eztanda egin zuen bere autoarekin artaldera hurbiltzen ari zenean. Paraplegiko gelditu eta ikusmen gehiena galdu zuen. Iloba batek zaintzen du egun. «Bagenekien arrisku hori bazegoela, baina ez genituen lehergailu motak ezagutzen. Ez genekien nolakoak ziren, ezta non egon zitezkeen ere. Arriskua zegoela bagenekien, bai, baina ez non. Gerra aurretik beduinoak askatasunez mugitzen ginen, arazorik gabe. Baina Marokok minak jarri zituen. Arriskutsuak izan daitezkeen leku batzuk ezagutzen ditugu, baina beste batzuk ez».

Takeiber Hussein Tifaritin bizi zen familiarekin. Egun batean, desertutik zihoala mina batek eztanda egin zuen bere autoaren azpian. Eguneroko lanak egiteko gaitasuna galdu zuen eta familia osoa Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara joan zen bizitzera.

Desertua osasun iturria ere bada beduinoentzat. Osasun arazoak dituztenean, desertura joan ohi dira ongizate bila. «1992an, euria egin zuen kanpalekuetan. Nire ama oso zaharra zen. Desertura eraman nuen, giro horretara egokituta baitzegoen. Sahararrok gure nagusiak desertura eraman ohi ditugu larre garaian giroz alda dezaten, ez baitaude ohituta kutsadura dagoen lekuetara, ezta kanpalekuetan bizitzea ere», azaltzen du Amer Larosi Ali Salemek.

Arazo psikologikoak dituzten pertsonak ere desertura eramaten dituzte naturarekin harremanean hobera egingo dutela sinetsita. «Semea oso gaixorik zen. 90eko hamarkadaren hasiera zen. Garai horretan baliabide gutxi zeuden kanpalekuetan. Tratamendua jaso zezakeen leku bakarra 12 de Octubre ospitalea zen. Bi urte egon ginen bertan. Mutikoari pilula asko ematen zizkioten eta injekzio ugari jarri, baina ez zuen hobera egiten. Orduan semearekin desertura joatea erabaki nuen. Utzi ziguten ahuntz taldea hartu eta bizitza normala egiten hasi ginen. Mutikoa hobetzen hasi zen», gogoratzen du azterlanean Mohamed Salem Alik.

Desertua askatasun sinbolo da. Su-etena sinatu ondoren, beduino asko itzuli ziren desertura beraien bizimodua eta tradizioak berreskuratzeko. Okupatutako Saharan, desertura joatea okupazioaren kontrako erresistentzia ekintza da.

Zaintza lanak

Minen biktima direnen zaintza desafio hutsa da. Leherketak desertuan, komunikaziorik gabeko guneetan, gertatu ohi direnez, askotan orduak eta orduak igarotzen dira laguntza medikoa jaso arte. 19 urteko Fatma Laaziza Baddahi aita besoen artean hil zitzaion, nolabaiteko laguntza itxoiten zuen bitartean. Sei ordu igaro ziren ibilgailuen kontrako mina batek eztanda egin zienetik laguntza iritsi zen arte, Edcheran, okupatutako Saharan.

Biktimak batzuk, bakarrik, beraien kabuz joaten dira laguntza bila, oinez edo arrastaka. Beste batzuek lekuan itxoitea erabakitzen dute, norbait azalduko den itxaropenarekin. Ausartenek, beraien kabuz, eskura dituzten baliabide eskasekin, zauritutako hanka edo besoa anputatzen dute.

«Gamelua hil egin zen. Ez nuen konortea galdu. Hanka zintzilik zegoela ikusi nuen. Haragia eta tendoiak besterik ez zeuden. Beduinook beti labanaren bat daramagu soinean. Poltsikotik atera eta zintzilikatuta zegoen hanka zatia moztu nuen. Buruko zapiaren oihal zati bat puskatu nuen, erre egin nuen eta odol-jarioa eten nuen. Beduinook badakizkigu horrelako zainketa lanak egiten. Beste turbante zatiarekin zauria estali eta arrastaka joan nintzen». Brahim Mahamud Mohamed Hamadi bakar-bakarrik zegoen ganaduarekin 2013ko urtarrilean, Garet Ennasen, harresitik oso gertu.

Erreskate lanak ez dira errazak izaten. Askotan, zaurituak berak erreskatatzaileei esan behar die nola iritsi, inguruan dauden lurperatutako minak zapaldu ez ditzaten.

Batez besteko itxaronaldia 8 ordu eta 42 minutukoa da. Okupatutako Saharan, handiagoa da, hamar ordukoa. Gertatu izan da polizia edo soldadu marokoarrek jaramonik egin gabe pasatzea edo, norbaitek laguntza eskatzean, ordu luzeko galdeketa egitea, Polisarioarekin nolabaiteko harremana duen aitzakiarekin.

Ezbeharra harresiaren alde batean zein bestean gertatu, funtsezkoa da ibilgailuren bat eskura izatea, zauritua lehenbailehen ospitalera eraman ahal izateko. Kontuan hartu behar da errepideak seinaleztatu daudela eta basamortutik herrietarainoko distantzia handia dela. Beduinoek orientatzeko gaitasuna duten arren, batzuetan, argitasun eta seinalizazio falta dela-eta galdu egiten dira, orduak eta orduak noraezean ibiliz.

Familiek beren gain hartu behar dituzte zaurituen zaintza lanak. Gehienetan ezin dute leherketa aurretik zuten bizimodua berreskuratu. Min kronikoari, min psikologikoa batzen zaio, pertsona autonomoa izatetik besteen laguntza behar izatera igarotzeak dakarren mina.

Minak hor dauden bitartean, mehatxuak bere horretan jarraituko du eta sahararren bizitza arriskupean egongo da.