Iker Barandiaran

Ezagunak, lagunak eta bestelakoak

Gasteizen zenbaitzuek aspaldian esan ohi dute Post-Aiete garaian bizi garela. Luzaroan gure gizartean izan diren parametroak, onak eta txarrak, bidegabeak eta zentzuzkoak, gizalegekoak eta surrealistak, egunetik gauera erabat lausotu eta bat-batean guztia hankaz gora jarri da. Bai, gauza onak ere ekarri ditu, ziur baietz, baina funtsean dagoeneko ez dakigu ziur nor den nor, gurean zein nazioartean munstro berriak agertzen dira egunez egun, informazioa ere ez da lehen zena, oraingoa propaganda baita, dena da zirkua, dena da eskandalua eta edozein diziplinatan ezerk ez du neurririk. Garai zentzugabeak eta aurreikusi gabeak bizitzen ari gara. Inork ez daki bihar zer, norekin eta zerekin gosalduko dugun.

Era berean, hurbileneko alorrean, harremanetan ere ezer ez da lehen zena. Ez daukagu batere argi lagunik ba ote dugun, ezta benetan laguna izatea zer den ere. Gai gara ustezko normaltasun osoz inoiz hezur-haragiz aurrez aurre ikusi ez duguna laguntzat hartzeko; eta, aldiz, egunero ikusi edo hitz egiteko parada izaten dugun hori ezaguntzat hartzeko.

Horretan eragin erabatekoa dute sare sozial deritzoten horiek. Izan ere, noiz bihurtzen da ezagun bat lagun? Zeren arabera egiten du salto hori? Zure post-etan egiten dituen like edo birtxioen arabera, Whatsapp bidez elkarri bidalitako emotikonoen aukeraketaren arabera…? Zer harreman mota dira horiek?

Oroimena ere kolokan izango dugu laster

Pasa den astean, esaterako, politiko eta komunikatzaile sen handia izan duen Xabier Arzallus jeltzalea hil zen. Argitasun eta itzal handiko gizona, besteak beste, herri honen bilakaeran zeresan handia izan duten erabaki eta jukutria askoren atzean izan dena; nahiz eta azkenaldi luzean jarrera ireki eta kritikoagoak erakutsi izan zituen.

Gauzak horrela, eta edonor hiltzen denean egindakoak arintzeko orok dugun praktikatik harago, Aiete ondorengo garaiotan bestelakoa da beraz gogora ekartzen dena. Ahaztu al dugu beste guztia? Oroimena ere kolokan izango dugu laster, hain justu orain oroimena eta kontakizuna hain garrantzitsuak direnean. Atutxa daukat orain gogoan.

Bitxia da nola bihurtzen diren ezagunak lagun eta lagunak ezagun. Horra hor duela gutxi adineko lankide batek kontatutako pasartea. Aspaldi Madrilera asteburu pasa jo zuen eta han kalean urrunera herrikide euskaldun bat ikusi zuen. Oharkabean hurbilduta, «Polizia!» egin zion oihu atzetik. Mutilak susto handia hartu zuen eta nire lankidea gustura gelditu zen.

Lankide kabroia esango nuke nik, azaldu zidanean bere herrian berriro ikusi ez duen mutil gajoa laguna ez, ezagun soila zela. •