Maider Iantzi Goienetxe

Inozentziaz, inozentea izan gabe

Inozentziaz idatzi nahiko nuke inozentea izan gabe. Martxoaren 8aren giro honetan nire puska bat erakutsi, aportatu, gehiegi biluzi gabe. Inozentziaren biolaziotik, engainuak sortzen duen min sakonetik askatasunerako eta askitasunerako bideaz zerbait kontatuko dut. Bertzearen begietatik existitzeaz eta, gehienetan, ez existitzeaz. Urruneko aginteaz eta honen pause botoiaren krudelkeriaz. Bertzeak zapaltzen du, nahi duenean, nahi duen arte. Bitartean bere bizia egiten du eta norbera zain gelditzen da, pelikula bat gelditzen dugunean aktoreak egoten diren bezain izoztuta. Berdin du zertan ari garen, zer behar ditugun.

Norbere agintea berreskuratzeko prozesua goraipatu nahi dut, eta mandoa eta norbere giltzak inoiz ez uzteko aldarria egin. Muturreko maskulinitatea oroitu nahi dut: Hamlet. Bere aitaren heriotza mendekatzearekin obsesionatua, “izan ala ez izan?” galdetzen du. Ofeliak, aldiz, berarekin seko maiteminduta, “maite nau ala ez nau maite?” jakin nahi du loreei petaloak kenduz. Hamletek bertze bat hiltzen du gizon izateko; Ofeliak, bere buruaz bertze egiten du, maiteminez. Beldurgarria da, baina zabaltzen ari den ahizpatasunari erreparatu nahi diot. Norbere osotasunaz jabetzeko prozesuari. Gureak ez diren norietatik jaitsi eta haserretzeko eta haserrea agertzeko eskubidea emanez gure buruari. ‘Honaino’ erranez. Norbere burua ongi maitatzeko eta askatasun eta askitasunaren bide horretako euforia uneak biziz. Inozentea izan banaiz, gehiegi biluzi banaiz, berdin zait. Jada berdin zait. Ze arraio, gustura gelditu naiz! •