2019/03/09

Erreportajea
GIPUZKOAKO KABI ETXEAK
Txikiei etxeko goxotasuna eta konfiantza ematen dien hezkuntza eskaintza
Gipuzkoan zortzi kabi etxe daude, Donostia, Errenteria, Andoain, Asteasu eta Irunen. Hezitzaileak dira denak eta 0 eta 3 urte bitarteko lau haur hartzen ditu bakoitzak etxean. Giro goxo, lasai eta segurua sortzen saiatzen dira, etxekoa. 2015ean jaio ziren eta gero eta familia gehiago hartzen dituzte. Eskaintza erregularizatzeko lanean ari dira.
Maider Iantzi Goienetxe
Marianbernal

Amaia Fernandez Kulunka Errenteriako kabi etxeko hezitzailea da; Idoia Bernat, aldiz, Donostiako Amarako Bihotzez-ekoa. Gipuzkoako kabi etxeek familia eta profesionalei zuzendutako hezkuntza jardunaldia eginen dute gaur Andoainen. Bi helburu dituzte: alde batetik, beraiei laguntzea eta aukerak eskaintzea; bestetik, kabi etxeak ezagutaraztea.

«Hezitzaileak gara denak eta gure etxean hartzen ditugu 0-3 urte arteko lau haur gehienez. Espazio ireki eta argiekin, giro goxo, lasai eta segurua sortzen saiatzen gara», azaldu digute. Hainbat metodo pedagogiko jarraitzen dituzte: atxikimenduaren teoria, Montessori, Waldorf, Pikler...

Pikler, adibidez, mugimendu librean oinarritzen da. «Horrek esan nahi du umeak nonbaitera igo nahi badu bakarrik egitea gustatzen zaigula, berak segurtasuna izateko. Jostailuak beren altueran izaten ditugu, bakoitzak nahi duena egiteko, beraiek zuzentzeko ikasketa». Ez diete eskua ematen ibiltzeko; prest daudenean beraiek egiten dute. «Autonomia oso garrantzitsua da guretzat».

Haurren ratioa txikia izanik, bakoitzari behar duena eskain diezaiokete. Familientzat ere badira abantailak: hurbiltasuna, konfiantza, kontziliaziorako erraztasunak... «Gaixotasun gutxiago ere egoten dira, ratioa kontuan izanda probabilitatea txikiagoa delako. Umeak giro lasaian daude eta hala sistema immunitarioak hobeto funtzionatzen du».

Hezitzaileak hezkuntza arlo ezberdinetan formatuak daude eta etengabeko ikasketarekin jarraitzen dute. Hilabetero biltzen dira hainbat gai lantzeko. Bakoitzak bere interesen araberako bidea jarraitzen du eta gero elkarbanatu egiten dute. Gipuzkoan zortzi kabi etxe daude, Donostia, Errenteria, Andoain, Asteasu eta Irunen. Elkarte batean bilduak daude, baina bakoitzak bere lan egiteko modua du.

Errespetuzko hezkuntza

Batez ere umeak errespetatzen ahalegintzen dira, bakoitzaren erritmoa errespetatzen eta behaketaren bidez behar duena eskaintzen. «Etxe baten modukoak dira kabi etxeak eta horrek segurtasuna eta konfiantza ematen dio haurrari. Badakigu horrek garrantzi handia izango duela etorkizuneko harremanetan».

Errutinak antzekoak izaten dira. «Gurasoak etortzen direnean txikiari buruzko informazioa ematen digute. Ongietorria egiten diegu eta jolas librean ibiltzen dira behatzen ditugun bitartean. Hamaiketako txiki bat egin eta kalera joaten gara. Bueltan batzuek siesta egiten dute eta esnatzean bazkaltzeko prestatzen gara. Hasieratik hasten dira bakarrik jaten. Gurasoak bila datozenean hartu-emana dago eurekin berriro».

Eskaintza hau erregulatua dago Nafarroan; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez, ordea, eta lanean ari dira hori lortzeko. Legea sortzen den arte Nafarroakoari segitzen diote. Autonomoak dira, erantzukizun zibileko asegurua dute, elikagai manipulatzaile agiria, lehen sorospenekoa, eta familiekin kontratua sinatzen dute. 2015ean sortu zen elkartea. Urtez urte familia gehiago hartzen dituzte, denetarikoak, eta kabi etxe gehiago irekitzen ari dira. «Orokorrean, familia horiek zerbait ezberdina bilatzen dute, hezteko beste modu bat. Ume nagusia ekarri dutenak txikiarekin ere etortzen dira». Seinale ona da hori.