Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
Sara M. SANABRIA
PSIKOLOGOA ETA DIZIPLINA POSITIBOAN ADITUA

«Zigor eta sariak alde batera utzi eta konponbideetan zentratzea da inportanteena»

Psikologo klinikoa, familiei laguntzen espezialista. 7 eta 4 urteko bi haurren ama eta ikaslea. Herriz herri dabil elkarte eta guraso taldeei tailerrak ematen.

Gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean eginen den Gipuzkoako Kabi Etxeen hezkuntza jardunaldiko hizlarietako bat da Sara M. Sanabria, psikologo eta hezitzaile arrasatearra. Diziplina positiboan formatu zen errespetuzko heziketa baten bila zebilelako. «Heziketa ikasketa prozesu bat da, bai umeentzat bai guretzat. Helduaroan arduratsuak izateko eta besteak errespetatzeko, haurtzaroan errespetuz tratatuak izan behar dute», hasi zaigu azaltzen.

Nolatan sortu zitzaizun diziplina positiboa ikasteko gogoa edo beharra?

Ama izan nintzenean sortu zitzaidan, baita harrera zentro batean adin txikikoekin egiten nuen lanean ere. Ez nengoen ados Aldunditik etortzen zitzaigun heziketa moduarekin, zigorrarekin lotzen zelako, eta gure egunerokotasunean gazteekin ikusten genuen horrek ez zuela balio. Zigorrak pilatzen joaten ziren, eurei ahazten zitzaien zer zigor zituzten, hezitzaileoi ere bai, eta jokabidea ez zen aldatzen. Justu ama izan nintzen, duela zortzi urte, eta diziplina positibora hurbildu nintzen. Honen arabera, autoritatea eta mugak beharrezkoak dira, baina parean daukazun pertsona kontuan hartu behar da. Jokabidearen azpian beharrak daude eta ez badituzu ulertzen oso zaila da jokabidea aldatzea. Gainera, ume edo gazteen jokabidea aldatzen saiatzen gara, baina hezitzaile edo gurasoona ez. Eta guk eredu izan behar dugu.

Zein alternatiba dituzte sari eta zigorrek?

Niretzat inportanteena zigor eta sariak alde batera uztea da, ez direlako beharrezkoak heziketarako, eta konponbideetan zentratzea. Jardunaldietan landuko den adin tartea 0-6 artekoa izango da gutxi gorabehera eta adin horretan ez dituzte zigorrak ulertzen. Umetxo bat zigortzeak postre bat edo telebista kenduz mina eragiten du bakarrik, ez du zentzurik. Inportanteena arazoa zein den ikustea da. Telebista itzaltzea nahi badugu, distantziara esaten diogu sarri eta hori akatsa da, edozein pantailara begira daudenean umeek ez digutelako entzuten. Umearengana gerturatu eta begietara begira esaten ahal diogu «orain telebista kendu behar dugu eta afaltzera joan». Umea haserretu liteke, baina gure helburua ez da haurrak edo gazteak ez haserretzea. Haserrea ahalik eta errespetu handienarekin bideratzen saiatu behar dugu eta hor garrantzitsua da adimen emozionalaren garapena gurasoengan. Hori izan liteke heziketan falta zaiguna. Denborarekin abisatu diezaiokegu. Umeak gure nahietara egokitzen saiatzen gara: «Hau egin behar dugu». Guk badakigu zer egin behar dugun baina askotan txikiak ez eta gure atzetik doaz. Informazioa eman diezaiekegu: «Orain telebista ikusi baina gero bost minutu lehenago abisatuko dizuet itzaltzeko eta afaltzera joango gara». Haurren eta gurasoen garunak oso ezberdin funtzionatzen dute eta guk helduon mundutik interpretatzen dugu dena. Sari batekin segituan egiten duzu, baina hori xantaia da. Txikitan txokolatea eskaintzeak balio dizu, baina 16 urterekin ez, eta xantaia horretan hezten badituzu, zein unetan aterako dituzu heziketa mota horretatik?

Gero eta gehiago eskatuko dute.

Eta gurasoak kexatu egiten gara: «Ez badiezu trukean zerbait eskaintzen ez duzu ezer lortzen». Baina gehienetan guk ohitu ditugu horretara. Asko kostatzen zaigu hori onartzea, baina oso inportantea da komunikazio mota horretan ez erortzea. Esfortzu eta pazientzia handiagoa eskatzen du. Baina heziketan luzera begiratu behar da: etorkizunean helduak izango dira.

Eskutik Hazihezibizi proiektuan zabiltza.

Eskutik Hazihezibizi orain hiru urte sortu zen, errespetuzko heziketan zentratzeko helburuarekin. Formakuntzak eskaintzen ditut: hitzaldiak, tailerrak, guraso eskolak... Astean behin bakarrik egiten dut lan orain kontsultan. Ikusten nuen familietan sarri egoten den arazoa dela komunikazio desegokia. Eta hori heziketa da. Guraso eskoletan edo tailerretan parte hartuta agian ez zirela arazo horretara helduko pentsatu nuen eta kontsultan lan egin beharrean prebentzioan aritzea erabaki nuen.

Zein behar ikusten dituzu?

Orain 30-40 urte heziketa estilo zehatz bat zegoen, askoz autoritarioagoa. Guraso moduan motxila hori dakarkigu. Baina gizartea asko aldatu da. Orduan, asko ez daude ados jaso duten heziketa estiloarekin, baina ez dakite nola egin eta errekurtso bila etortzen dira, harremantzeko beste modu bat ikastera. Asko etortzen zaizkit guraso eskoletatik.

Nolakoak dira zure tailerrak?

Praktikoak. Ariketa gehienen helburua kontzientzia hartzea izaten da: zein jokabide ditugun, seme-alabek nola jasotzen dituzten guk esanak... Gauzak esaten ikasten dugu. Askotan mehatxua erabiltzen dugu, baina ez da beharrezkoa. Ez da berdina esatea «ez bazara dutxatik ateratzen gero ez duzu telebista ikusiko», edo «orain dutxan asko luzatzen bazara gero ez duzu denborarik edukiko telebista ikusteko». Hor egoera azaltzen duzu. Oso gogor epaituta daude akatsak gure gizartean, baina denok sartzen dugu hanka. Lehenengo gauza onartzea da, eta zer egin nezakeen hobeto sentitzeko ikusi eta bestearekin hitz egitea. Akatsetatik ikasi behar dugu, ez epaitu, ez gure kasuan ez seme-alabenean. Askotan buklean sartzen gara gure haserrean eta ez dakigu nola heldu garen horretara ere, ez dakigulako gelditzen. Saia gaitezke atzera pauso bat ematen eta pentsatzen, “hurrengoan nola egingo dugu?”.