Nekane Zinkunegi Barandiaran

Greba deialdiko irakaspenak

Enplegu, zaintza eta hezkuntza arloetako emakume*-ok eta pentsiodunak greba egitera deituta geunden aurtengo Martxoaren 8an. Izartxo eta guztiko rol horretan beren burua ikusten ez zuten bati baino gehiagori azalpenak eman behar izan dizkiogu. Inguruan, izartxo barruan ustez eroso sentitzen garenon artean ere izan ditugu eztabaidak.

Etxez etxeko zaintza zerbitzuko edo eguneko zentroko langileek greba egiterik izan ez dutelako, haien zaintzapeko adinekoak beste emakumeren baten kargupean utzi beharrak sortzen zien kontraesanagatik. Haurrei bularra ematea zerbitzu minimotzat hartu duten amen erabakiaz ere aritu gara. Greba deialdia nahi bezala ulertu eta, arratseko mobilizazioan parte hartu arren, afaltzera tabernara joandako emakume talderen batek ere eragin du zeresana.

Akaso, ordea, grebaren arrakastaren araberako balorazioen ordez, grebari esker izandako eztabaiden araberako balorazioak egin beharko genituzke, tokian toki. Gurean, hainbat belaunalditako emakumeak mural feminista margotzera zein biharamuneko afarira batzeko balio izan du. Grebaren zergatiaz hitz egiteko, emakumeok lan egiteari utziz gero, mundua geratzen dela ohartzeko.

Egitekoak ere utzi ditu hurrengo baterako. Greba deialdia gizarteratzen lan gehiago egin beharko genukeela ulertu dugu. Lan prekarioegiak dituztelako egun bateko soldata galdu ezin duten kideengatik ere greba egiteko ardura dugula ikasi dugu. Mobilizazioa eta ospakizuna batzen asmatu behar dugula, eta zerbait antolatzeko zain dauden horiek antolaketara aktibatzeko erronka ezarri diogu geure buruari. •