Dabid LAZKANOITURBURU
HAIZEA, EURIA, HERIOTZA

Afrikako ekialdea zeharkatu duen «Idai» zikloiak eragin latza izan du Mozambiken

Afrikak pairatu duen ezbeharrik larrienetarikoa, eskualdeak orain arte ezagutu gabeko hondamendia... Hitzak motz geratzen dira «Idai» zikloiak Afrikako ekialdean, eta batez ere Mozambiken, utzi duen heriotza arrastoa deskribatzeko. Lehen kolera kasuak azaldu dira dagoeneko eta, gainera, uztarik gabe geratu dira herrialdearen erdialdeko biztanleak.

Afrikak historian ezagutu duen hondamendi meteorologikorik larrienetarikoa jasan berri du. Martxoaren erdialdean Malawi, Mozambike eta Zimbabwe zeharkatu zuen “Idai” zikloiak izugarrizko triskantza eragin du.

Malawira iritsi zenean ekaitz tropikala zen oraindik “Idai”. 59 hildako eragin zituen bertan. Desegin Zimbabwen desegin zen, 172 biktima eragin ostean hori bai. Baina, dudarik gabe, Mozambike izan da gogorren kolpatutako herrialdea. Dagoeneko 447 hildako zenbatu dituzte bertan. Satelite bidez lortutako irudiek agerian utzi dutenez, “Idai” zikloiak Mozambikeren erdian «barne itsaso bat» eratu zuen, 125 kilometroko luzera eta 25 kilometroko zabalera hartu zuen “itsasoa”. Herrialdeko bigarren hiri handiena, Beira, ia guztiz suntsitu dute zikloiak eragindako haizete eta euriteek. 35.000 etxebizitza eta 3.100 eskola urpean edota hondakinen artean desagertu dira.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) herrialdeko ordezkari nagusiak ohartarazi duenez, «oraindik zenbat gunetara iristerik izan ez dugun arren, guztiz suntsituta ez ote dauden beldur gara». Saviano Abreu NBEren Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoaren bozeramaileak azaldu duenez, «oraindik urpen daude hainbat zonalde, baina lortu dugu jada Nhamatanda moduko barrutietara iristea». Eskualde horretan urgentziazko laguntza heldu zain egon dira hainbat egunez 240.000 pertsona. «Hasiera-hasieratik bota genizkien gailetak eta elikagaiak, baina denbora behar izaten da bertara heltzeko. Nekazaritza eremuak dira eta oso zaila da bertaratzea».

Zikloiak hiru milioi kaltetu eragin ditu guztira, horietatik 300.000 Malawin eta Zimbabwen. Egoera izugarria da Mozambiken.

 

Lehen kolera kasuak

NBEk emandako datuen arabera, ia bi miloi pertsona daude urgentziazko laguntza beharrean. «Imajinatu nolakoa izan den hondamendia biztanleen %100 badaude babes, jaki, botika eta arropa premian. Kolera kasuei aurre hartzeko hidratatzaileak eta ura garbitzeko produktuak ere behar-beharrezkoa dira».

Mozambikeko Gobernuak lehen kolera kasuak artatu dituztela onartu du. «Dagoeneko bost kasu eman direla baiezta dezaket, guztiak Beira hirian», azaldu du Mozambikeko Osasun Ministerioko zuzendariorde Maria Benigna Matsinhek.

Ura pozoitu izanak eta edateko ura ez izateak eragin du kolera azaltzea, horrelako larrialdi egoeratan askotan gertatzen dena. Are gehiagotan ura garbitzeko produktuak ere faltan direnean.

Mugarik Gabeko Medikuek herrialdean duten koordinatzaile nagusi Caroline Rosek argi du egoera ez dela berehalakoan konponduko: «Laguntza eskualde guztietara heltzeko hilabeteak beharko dira eta urtebete pasa beharko da jendea aurreko ‘normaltasun’ egoerara itzultzeko». Adituak ohartarazi duenez, osasunaren arloan «behar izugarriak» daude, zikloiak hainbat osasun zentro eta anbulatorio erabat suntsitu dituelako.

«Kolera ez da kezkatzen gaituen gaitz bakarra. Malaria eta arnasarekin zerikusia duten kasuak agertuko ote diren beldur ere bagara, jende asko kale gorrian geratu delako». Rosen esanetan, orain ezinbestekoa izango da gobernuz kanpoko erakundeen eta agentzien lana koordinatzea.

Miloi bat haur beharrean

International Plan gobernuz kanpoko erakundea ere Mozambiken da eta milioi bat haur urgentziazko beharrean daudela ohartarazi du, asko eta asko familiatik urrunduta eta traumatizatuta. «Badakigu milioi bat neskato eta mutiko larrialdi egoeran daudela eta jakiak, ura, botikak, babesa eta hezkuntza eman behar zaizkie ahalik eta azkarren.

«Hornikuntza katea hautsi egin da eta horrek jakien, edateko uraren eta zaintza medikoaren falta eragin du», ohartarazi du Mugarik Gabeko Medikuen Larrialdietarako koordinatzaile Gert Verdonckek. «Jendeak pozoitutako putzuetako ura edatea beste aukerarik ez du, edo bide bazterreko ur geldoa edatea. Beherako kasuak izugarri ugaldu dira».

Mugarik Gabeko Medikuek ehunka eri artatu dituzte egunotan, baina kezka nagusia kolera zabalduko ote den da. Beirako hiru osasun zentrotan gaitza izan dezaketen 200 paziente artatzen ari dira. Osasunaren Mundu Erakundeak koleraren aurkako 900.000 txerto-dosi bidali ditu dagoeneko Mozambikera eta datozen egunetan gutxienez 100.000 pertsona txertatzea espero dute.

Uzta osoa galduta

Zikloiaren eraginez, uzta jasotako prest zeuden 500.000 hektarea laborantza lur urpean geratu dira. Hondamendi izugarria.

Mozambike erdialdeko Begaja herrixkan, Ruca Matana nekazaria artaburuak bilatu nahian ari da “Idai” zikloiak guztiz suntsitutako hondakinen artean. Bere etxera daraman bidearen bi aldeetan arto landareak ikusten dira nonahi, erabat lokaztuta. «Zikloiak landareak okertu egin zituen lehenik. Gero euriteak iritsi eta bizirik zeudenak guztiz suntsitu zituen», azaldu kezkatuta 50 urteko nekazariak. Azukre kanaberekin berdina gertatu zen.

Elikagaien Mundu Programako eleduna den Geraldi Bourkek azaldu bezala, ezbeharra nekazariak uzta jasotzear zirenean heldu da. «Egoera benetan zaila da desnutrizio tasa oso altua duen herrialdean. Haurren %42 gaizki elikatuta daude».

Ernesto Roberto Matsinhe Begajako nekazaria lur jota dago. «Hemen urtean uzta bakarra dugu, beraz, datorren urtera arte itxaron beharko dugu».

NBEren ustez, ezbeharra aldaketa klimatikoaren arriskuen seinale argia da. Klima aldaketak gertatutakoan eragin zuzena izan edo ez, Bourkek argi du ezbeharra jasan duten herrialdeetan «baldintza klimatikoak muturrekoak» izango direla aurrerantzean. Ondorioz, «elikagairik nagusienetarikoa den artoa ezin izango da landatu hemendik 10-15 urtera» .

Gaitzetik gaitzera.