Ainara Lertxundi
Elkarrizketa
Camila Cienfuegos
FARC-eko gerrillari ohia

«Artisautza proiektu honek landa eremua eta hiria uztartu, gerturatu ditu»

FARCeko gerrillarien gizarteratze prozesuaren baitan, haiek ekoiztutako produktuak –hala nola, panpinak, lepokoak, kafea...– saltzeko denda zabaldu berri dute.

Popayanen, Caucan, gerrillari ohiek egindako artisau lanekin denda zabaldu berri dute. Gizarteratzea helburu duen proiektu horri buruz mintzatu da GAUR8 Camila Cienfuegos gerrillari ohiarekin.

Zer-nolako proiektuak dituzue esku artean?

Kultur aniztasun handia dago Cauca, Valle eta Nariño departamenduek osatutako Kolonbiako hego-mendebaldean. Afrikar jatorriko ohiturak, kultura indigena eta nekazaritza tradizioak batzen dira, beraz, aberastasun handia dago. Gerrillarien gizarteratze prozesua ez da batere erraza izan, zailtasun handiak izan ditugu erakundeen borondate eskasa dela eta, baita segurtasun arazoengatik ere. Gerrillari ohiak eta haien senideak talde armatuen mehatxupean bizi dira. 70tik gora gerrillari ohi hil dituzten arren, heriotza horiei buruz argibide gutxi daude. Egungo testuingurua zaila da, hala ere, nabarmengarriak diren aurrerapenak ere egon dira, esaterako, gutako askok batxilergoa bukatu ahal izan dugu, beste batzuk Unibertsitate Nazionalean eta Javerianoan diplomatu dira. Bi unibertsitate horiek asko lagundu gaituzte formakuntzan. Emakumeari eta generoari dagokion atalean, berriz, tamalez, erakundeek ez dute oraindik ere proiekturik bultzatu edo proposatu. Egon diren ekimenak eta dinamikak generoa lantzen duten kolektiboek sustatutakoak izan dira, adibidez, Maria Cano kolektiboak antolatu zuen eskola; Nazio Batuen eta Norvegiak Kolonbian duen enbaxadaren laguntzarekin, hamar eguneko eskola antolatu zuen. Caucako 31 gerrillari ohi eta komunitateetako liderrak diren emakumeek esku hartu zuten.

Abenduaren 11n, Arte Fariano denda zabaldu genuen Popayanen, Caucan. Dekorazio guztia eskuz egindakoa da. Baliabide gutxirekin, egurrezko eskorga bat egin genuen La Elvirako Gaikuntza eta Gizarteratzeko Eremuan gerrillari ohiek ekoiztutako La Esperanza kafea salgai jartzeko. Apalategietan, eskuz egindako lepokoak eta apaingarriak jarri ditugu, baita kamisetak, txapelak, koadroak, argazkiak jartzeko markoak eta bakearen aldeko panpinak ere. Den-dena eskuz egindako gauzak dira. Dendaren inauguraziora Nazio Batuetako Emakumeak erakundeko ordezkari bat, artistak eta Popayaneko hedabideak joan ziren. Egun handia izan zen.

Nola bizi izan zenuen eguna?

Dendaren helburua, gizarteratze prozesua indartzea da, baita FARC talde politikoa izanik komunitatearekin eta gizarte eragileekin dituen harremanak estutzea ere, elkarren arteko kolaborazioa sendotzea. Emakume farianoek berradiskidetzearen aldeko pausoa eman dugu; artearen eta lan bakoitzean ipini dugun maitasunaren bidez, bakea eraikitzeko dugun borondatea erakutsi nahi izan dugu. Lau hamarkadatik gora daramatzagu bakea eraikitzearen aldeko borrokan eta hau beste urrats bat da.

Non eta zein egunetan egongo da zabalik denda?

Dendaren kokapenak pozez betetzen gaitu. Gizarte mugimenduek duten etxean zabaldu dugu, eta horrek harrotasunez betetzen gaitu. Benetan pozgarria eta txalogarria da eremu hori guri utzi izana. Esan bezala, horrelako ekimenek gizarte eragileekin eta bereziki emakumeekin ditugun harremanak estutzea ahalbidetzen digute. Proiektuan esku hartu dugun emakumeon agenda politikoaren arabera irekiko ditugu ateak.

Zer-nolako jarrera du gizarteak zuekin?

Gizarteratzea prozesu integrala da. Estatuak ez du bere hitza bete eta horrek gizartearengan eragiten du. Gerrillari ohiak ezagutzen gaituztenok, gu ezagutzeko asmoarekin guregana hurbildu direnek, prozesuak aurrera egitea nahi dute. Gaikuntza eta Gizarteratze lur eremuetara joan dira, guri esku bat botatzeko. Zoritxarrez, gizartearen beste zati batek hedabideek urte luzez gure kontra esan zituzten gezur borobilak sinisten ditu oraindik. Eta ez du barneratu bake prozesuak duen garrantzia. Aurrera egin ahal izateko, gerrillan egon ginenok gizartearen baitan egon behar dugu, eskubide zibil eta politiko guztiekin, beste edozein herritar bezala. Oraindik gure gizarteratzearen kontra dagoen sektore hori hortaz jabetu beharko litzateke. Guztion artean jokoan dagoen bakea eraiki behar dugu, hori ezinbestekoa da.

Nola bizi dute gerrillari ohiek gizarteratze prozesua? Zer-nolako eragina du haiengan?

Eragina bi eremutan aztertu behar dugu. Batetik, klandestinitate egoeratik atera izanak gure senideekin, seme-alabekin berriro elkartzea ahalbidetu digu. Gerran egon ginen bitartean, ezin izan genituen ikusi, haien eta gure segurtasunagatik. Batzuek urte luzeak eman zituzten, genituen, gure senideak besarkatu gabe, eta gizarteratzeak haiekin berriro elkartu ahal izatea ahalbidetu digu. Klandestinitatea atzean utzi dugu. Legearen barnean jokatzeak ahalbidetu digu herriarekin, bakean lagundu gaituen herri xehearekin, beste modu batean lotzea eta ondorengo belaunaldien etorkizunean pentsatuz beste gizarte baten eraikuntzan esku hartzea. Gizarte hobeago bat utzi nahi diegu gure seme-alabei, guk izan ez genituen aukerak izan ditzaten nahi dugu.

Bestetik, prozesua zaila izan da; bake akordioak itxaropen eta esperantza handiak piztu zituen gerrillarien artean eta errealitatea ez dago itxaropen horien mailan. Aukera falta bistakoa da arlo guztietan; hezkuntzan, lurraren jabetzan, lanpostuetan… Oraindik ere jazarpena pairatzen dugu eta estigmatizatzen gaituzte. Ezin ditugu ahaztu espetxeetan oraindik dauden presoak, Ameriketako Estatu Batuetan segurtasun handiko kartzela batean preso duten Simon Trinidad edo gure kide eta negoziatzaile Jesus Santrich.

Zein da sozietate kooperatibo hauen balore erantsia?

Partidua kohesionatzeko baliogarriak izan dira. Dinamika ekonomiko horiei esker gerrillari ohiek gizarteratzeko baliabideak aurkitu dituzte. Horrez gain, gizartean txertatzen diren dinamikak dira, herritarrek esku hartu dezakete horietan. Kolonbia osatzen duten komunitate desberdinek parte hartu dezakete, eta aniztasun horrek aberastu egiten gaitu. Elkarrekin, Habanan hitzartutakoa errealitate bihurtu nahi dugu. Herrien, nekazarien, indigenen egoera errotik aldatzea zen bake akordioaren helburua, Estatua urte luzez iritsi ez den zonalde horien bizi-kalitatea hobetzea. Erreformak behar-beharrezkoak dira, eta, bide horretan, gerrillari izan ginenok komunitatearekin bat lan egin behar dugu.

Gerrillaria izateaz gain, zu negoziatzailea izan zinen Habanan. Genero azpibatzordean egon zinen eta FARCek nazioarteko komunikabideekin zituen harremanak zure kargu egon ziren. Orain, Arte Fariano dendaren sustatzailea izan zara. Nola bizi izan dituzu etapa horiek?

Gerrillan egondako urteak izango dira gehien gogoratuko ditudanak, dudarik gabe. Historikoki gizonek agindu duten gizarte batean hezi nintzen; kolonbiarra oso gizarte patriarkala da. Gerrillan ahaldundu nintzen emakume gisa. Estruktura politiko-militarra izanik, eskubide berak genituen emakume eta gizonek. Ardura eta eskubide berak genituen bai militarren kontra borrokatu behar genuenean bai barne antolakuntzari dagokionez. Emakume eta gizonek berdin kozinatzen genuen, ariketa fisiko berak egiten genituen, formakuntza bera jasotzen genuen, trintxerak egiten genituen, zaintza lanak... Ez zegoen desberdintasunik, eskubideak eta betebeharrak guztiontzat berdinak ziren. Emakume asko buruzagi izan ginen, ni neu komandante izan nintzen; ardura politikoak eta militarrak izan genituen. Horrek erakusten dizu emakume farianoek izan genuen protagonismoa, indarra eta gaitasuna.

Habanako prozesua beste agertoki zeharo desberdina izan zen. Emakumearen papera mahaigaineratu ahal izan genuen, aurreiritziak alde batera utzita. Oihanean bezala, emakume ahaldundu gisa aurkeztu genuen gure burua, esperantzaz beterik eta zabaltzen ari ginen etapa berri horretan erabat sinetsita. Habanan egoteak gizarte eta emakume mugimenduak ezagutzea ahalbidetu zigun. Haien esperientziaz ikasi genuen, gure arteko zubiak eraikiz. Habanan etsaiarekin aurrez aurre eseri ginen, bost hamarkada luzez haiekin borrokatu ostean arlo militarrean eta politikoan. Ez genituen garaitu, baina haiek gu ere ez. Espero dugu han eztabaidatu eta sinatu genuena betetzea.

Azkenik, artisautza proiektu honek landa eremua eta hiria uztartu, elkartu, gerturatu ditu. Esan ohi da erabat desberdinak diren bi Kolonbia daudela, landa eremukoa eta hirietakoa. Gerran gure kabuz ikasi genituen gauzei esker, esaterako josten, eta komunitateetako emakumeen ekarpenekin, martxan ipini dugu artisautza kooperatiba hau. Emakume gisa errespetatu gaitzaten exijitzen dugu eta artisau lanaren bidez bakea eta bestelako bizimodu bat aldarrikatzen ditugu. Tokian tokiko kulturak eta ohiturak ere errekuperatu eta bultzatu nahi ditugu proiektu honekin.

Laguntzarik izan duzue?

Ba, egia esateko, kooperatiben eta enpresaren mundua oso urruti gelditzen zitzaigun hasieran. Zaila izan da ikastea nola garatzen den proiektu ekonomiko bat, ez genekien nondik hasi, erabat galduta geunden eta erakundeek ez dute borondaterik guri formakuntza emateko. Ikasi duguna guregana boluntario gisa gerturatu diren norbanakoei eta gizarte eragileei esker izan da. Ez dugu laguntza ekonomikorik jaso Estatuaren aldetik. Guretzat garrantzitsuena gizarte sareen berreraikuntza da, eta familien eta norbanakoen bizitzak hobetzeko lurra eta baliabideak behar ditugu.