Virginia Enebral
Elkarrizketa
Budour Hassan
Jerusalemgo abokatua

«Israelgo okupazioak bizirik daudenengan ez ezik, hildakoengan ere eragina du»

JLAC Jerusalemgo Giza eta Lege Eskubideen Zentroan lan egiten duen Budour Hassan abokatuak hiri santu zatituan bizi diren palestinarren giza eta gizarte eskubideak defendatzen ditu.

Nahiz eta 29 urte eskas izan, Budour Hassanen azalpen argiek erresistentziaz jositako indarra dute. Laguntza legala eskaintzen duen eta giza eskubideak defendatzen dituen JLAC Jerusalemgo Giza eta Lege Eskubideen Zentroan egiten du lan. Etxeak eraisteko baimenak atzera botatzea, bertako estatusa baliogabetzearen kontra aritzea edota martir palestinarren gorpuen konfiskazioa saihestea dira bere zeregin nagusiak. Internet bidez ikasi zuen gaztelania eta ez du praktikatzeko aukera galtzen, batez ere, Jerusalem hiriaren historia kontatzeko bada. «1948an bitan zatitu zuten hiria. Ekialdea Jordaniako gobernuaren kontrolpean geratu zen, eta, mendebaldea, berriz, Israelen menpe. Halere, 1967tik aurrera okupazioa hedatuz joan zen; ondorioz, milaka palestinar euren etxeetatik bota zituzten. Gaur egun ere Israelek errepresio politikak ezartzen jarraitzen du».

Nolakoa da bizitza Jerusalemen bizi diren palestinarrentzat?

Azkenengo 52 urteotan Israelek kontrol sistema zorrotza ezarri du, bai palestinarren bizitzengan bai euren heriotzengan. Bortxakeriak, okupazioak eta errepresioak osaturiko arkitektura oso bat da, korapilatsua oso; askotan, gainera, ez da agerikoa. Batzuetan, indarkeria sinbolikoa fisikoa bera baino arriskutsuagoa eta indartsuagoa da; antzematen zaila da baina palestinarrengan duen eragina erabatekoa da. Jerusalemen bizi diren palestinarren bizitzen xehetasun guzti-guztiak daude Israelgo Estatuaren kontrolpean.

Zeintzuk dira Israelek erabiltzen dituen mekanismoak?

Horietako bat herritartasun estatusa, Jerusalemen bizitzeko eskubidea baliogabetzea da. Israelen arabera, Jerusalemen bizi diren palestinarrak ez dira bertakoak. Bestelako hitzetan esanda, 1967an Jerusalemera heldu ziren atzerritarrak bailiran hartzen ditu. Ondorioz, estatus hori edozein unetan baliogabetu dezake, ahula da oso. Pentsa, Barne Arazoetako Ministerioak 14.500 palestinarri kendu die jada.

Eta zein da horretarako ematen duen arrazoia?

Ohikoena Jerusalemetik at zazpi urte bizitzea da. Halere, badago arriskutsuagoa izan daitekeen beste bat, palestinarrak botatzeko aitzakia berria bihurtu dena. 1995etik aurrera, palestinar batek Jerusalemetik kanpo lan egiten badu, Ramallahn esaterako, edota beste herri batean bigarren etxe bat badu, estatusa baliogabetu diezaiokete. Hori frogatzeko Israelgo agintariak baimenik gabe zure etxean ager daitezke. Palestinar asko kanpoan lan egin edo etxe bat eraikitzearen beldur dira herritartasuna ez galtzeko.

Eta zer gertatzen zaie herri ezberdinetako bikoteei?

Familiak elkartzea oso zaila da. Jerusalemgo palestinar batek beste herri bateko pertsona bat ezagutzean, ohikoena Jerusalemen bizi nahi izatea da, baina 2003an hori debekatzen duen lege berri bat ezarri zuen Israelek. Hortaz, ez ditu Zisjordaniako edo Gazako bikotekideak onartzen. Larrialdi lege bat izan zen eta, beti bezala, segurtasuna izan zen berau onartzeko erabili zuten aitzakia. Israelen ustez, Zisjordania edo Gazako palestinarrak familia elkartzeez baliatuko dira Jerusalemera joan eta bertan erasoak egiteko; horrelako kasuak %1 baino gutxiago izan dira, baina berdin-berdin da.

Legeok palestinarrak Jerusalemetik kanporatzea dute helburu?

Noski. Beti segurtasuna erabiltzen dute aitzakiatzat, baina xedea Jerusalemen bizi diren palestinarren kopurua murriztea da. Egun, herritarren %37 dira palestinarrak; gainerakoak, israeldarrak dira. Israeldarren asmoa palestinarrak %30tik behera izatea da. Eta horretarako, herritartasun estatusa baliogabetzen diete, familiei elkartzeko aukera ukatzen diete, palestinarren etxeak suntsitzen dituzte... Palestinarron bizitza jasanezin bihurtu nahi dute. Joatera bultzatzeko politikak dira. Kontrol sistema horrek familia asko zatitu ditu, elkarrekin bizitzea ezinezkoa egiten zaielako. Gainera, umeengan ere eragina du. Gurasoetariko bat Zisjordaniakoa bada eta bestea Jerusalemen jaiotakoa, seme-alabak ezin daitezke bertakoak balira bezala erroldatu. Ondorioz, ezin dute ikasi eta ez dute osasun eskubiderik. Egoera erabat larria da. Azken finean, nortaz maiteminduko diren aurreikusi behar dute...

Halere, ez dira Israelek ezarri dituen arau bakarrak....

Ez, noski... Etxeen eraikuntzan ere badu zer esanik Israelgo Estatuak. Jerusalemen palestinarrok ezin dugu ezer eraiki, erabat mugatuta dugu aukera hori. Milaka palestinar etxeak baimenik gabe eraikitzera bultzatzen dituzte. Legeak haustea gogoko ez dugula esatea soberan dago. Gainera, Israelek hainbat eremu babesgunetzat hartzen ditu eta horietan eraikitzea debekatuta dago. Palestinarren sailak dira, baina Israelek konfiskatu egin ditu. Berdegunetzat jo ondoren, gainera, legez kanpoko kokalekuak eraiki dituzte, hau da, palestinarrek ezin dute ezer eraiki; israeldarrek, ordea, bai.

Plangintza erabat diskriminatzailea da. Horrelako egoerak Jerusalemgo Ekialdean ere ematen dira. 80.000 palestinar baino gehiago baimenik gabeko etxeetan bizi dira; beraz, kanporatzeko edo etxeak lurrera botatzeko arriskupean bizi dira. Bizi guztian zehar luzatzen den arriskua da. Eta horrek familia asko hondatu ditu. Etxe bat errausteak ametsak erraustea esan nahi du, oroimenak, umeen haurtzaroa... Palestinarren bizitza bete-betean birrintzen du. Eta hori da, hain zuzen ere, sistemaren helburua: palestinarrak Jerusalemetik botatzea.

Okupazioak hil ondoren ere baditu ondorioak, ezta?

Bai, horixe! Israelgo okupazioak bizirik daudenengan ez ezik, hildakoengan ere badu eragina! Pentsa, palestinarron gorpuak ere “okupatzen” dituzte! Senideak lurperatu ahal izatea debekatzea gizatasunik gabeko neurri zapaltzailea da. 1967an hasi zen eta hasieran ez zen ofiziala. Borrokalari palestinarrak hobi komunetan edota zenbakiak baino ez dituzten hilerrietan ehorzten dituzte. Martiri bakoitzari zenbaki bat ematen zaio, izenik gabe. 300 palestinar baino gehiago daude agiri edota erregistro gabe lurperatuta. Gorpuzkiak berreskuratzeko DNA proba egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzen dute senideek. Hildakoak duintasunez eta bakean ehorztea da eskatzen duten bakarra.

Neurri hori gaur egun ere mantentzen al da?

Ganibeten Intifadan zehar, Israelek bi xede zituen disuasio-sistema gauzatu zuen. Alde batetik, hil zituzten palestinarren gorpuzkiak atxiki zituzten, atxilotuen ordez trukatzeko. Negoziazio bat aurrera eramateko hildakoak erabiltzea, kolonizazio eta okupazio neurria izateaz gain, herri palestinarrari gizatasuna kentzeko era bat da ere bada, gure bizitza eta heriotza kontrolatzeko bidea. 2015etik 34 palestinar daude Israelgo gorputegi edota hilerrietan. 2017an neurri hori legez kanpokoa zela erabaki zuen Israelgo Justizia Auzitegi Nagusiak, baina ez immorala zelako, baizik eta jarduketok nola egin xedatzen zuen lege bat falta zelako! Legea egiteko sei hilabete eman zion Israeleko Gobernuari. Azkenean legea garatzen duenean, Israelek nahi duena egingo du. Oraintxe bertan, behin betiko epaiaren zain gaude, baina ez dugu inolako itxaropenik. Jakin badakigu Israelgo justizia ez dela palestinarrentzat bidezkoa.

Zer-nolako eragina du politika horrek senideengan?

Batzuek hiru hamarkada daramatzate gorpuak berreskuratzeko borrokan. 80 urte dauzkan emakume bat 1975ean hil zuten semearen gorputza errekuperatu zain dago: nahi duen bakarra semeari hilerrian lur ematea eta loreak eramatea da. Daukan beldurrik handiena hori gertatu baino lehen hiltzea da. Beste batzuek gorputza ikusi arte ez dute semea hilda dagoela sinetsiko. Sentitzen duten mina egundokoa da. Martirien gorpuak errekuperatu arte, ezingo ditugu zauriak itxi.

Zein da aipatu duzun neurrion bigarren xedea?

Herri palestinarrari oroimen kolektiboa ukatzea. Disuasio-neurri bat ez ezik, zigor kolektibo bat ere bada.

Zeintzuk dira egoerari aurre egiteko dituzuen estrategiak?

Egia esan, ez naiz batere baikorra, gizarte israeldarrak agintarien iritzi bera duelako eta hori aldatzea oso zaila delako. Hildakoen kasuan, borroka ez da auzitegietan emango, kaleetan baizik. Hortaz, nazioarteko laguntza lortu behar dugu eta horretarako mobilizazioak behar ditugu kaleetan. Kanpaina bat jarri genuen abian horregatik. Alde batetik, palestinarrei gertatzen ari dena jakinaraztea genuen helburu, askok ez baitzekiten ezer. Bestetik, arazoa ez dela senideena bakarrik ulertarazi nahi dugu. Palestinar guztien martiriak dira hildakoak, herriarenak, Palestinagatik hil baitira. Erresistentzia herri osoari dagokio eta gorputzak duintasunez hobiratzea guztion betebeharra da.

Azkenik, nazioarteko babesa lortu nahi dugu. Palestinarekiko elkartasuna erakusten duten askok ez dakite-eta ezer honi buruz. Ondorioz, gertatzen ari dena ahalik eta gehienek jakitea nahi dugu.

Nola jaso duzue Donald Trumpek Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartzea?

1967an Israelek Jerusalem okupatu eta bereganatu zuen, mendebaldea ez ezik, ekialdea ere bai. Agintari palestinarrek ez dute hemen inolako botererik; Bigarren Intifadaren ostean beren bulegoak itxi zituzten eta ordutik horrela daude. Israelek zerbitzu asko ukatzen dizkigu: bizi garen tokietan azpiegiturak kaskarrak dira, eskola gutxi daude, langabezia altua da... Hori kontuan izanda, Trumpen erabakiak ez ditu gauzak asko aldatuko. Hala ere, egia da Israelen posizioa indartu egiten duela.

Nola irauten da bizirik Palestinan?

Aurrera eginez: kontrol, errepresio eta indarkeria neurrien aurrean, herri palestinarrak ez du amore emango, borrokak eta erresistentziak iraun egingo dute. Eguneroko bortxakeriari, ikusezina den indarkeriari, zorizko atxiloketei... eustea zaila dela egia da, hemen bizitzea eguneroko gatazka baita: familia bat osatzeko borrokatu egin behar da, amets egiteko borrokatu egin behar da... Baina Palestinak erresistentzia ez-bortitzaren alde egin du eta horrela jarraituko du.