Alberto Pradilla
MEXIKOKO INDIGENAK

Herri indigenak ez dira fio Lopez Obrador «zinikoak» egindako barkamen eskaerarekin

Mexikoko herri indigenak ez dira fio Andres Manuel Lopez Obradorrek egindako eskaerarekin: espainiar erregeak eta aita santuak duela 500 urteko konkistan izandako sarraskiengatik barkamena eskatzea. Indigenek argi dute: lehentasuna gaur egun azpiegitura erraldoien eta megaproiektuen bitartez indarrean jarraitzen duen kolonizazioa salatzea eta gelditzea da.

Mexikoko presidente Lopez Obradorrek konkistan giza eskubideak urratu izanagatik barkamena eskatzeko eskatu zien eskutitz bidez Felipe Borboikoa errege espainiarrari eta Francisco aita santuari. Aldiz, Mexikoko mugimendu indigena ez da fio.

Presidenteak barkamena jatorrizko herriei eskatu behar zietela esan zuen, eta ez garai hartan existitzen ez zen Mexikoko Estatuari. Hala ere, indigenen ordezkariek uste dute lehentasuna ez dela Espainiak edo Vatikanoak konkistatik bost mendera mea culpa adieraztea, egungo kolonizazio prozesuak geratzea baizik. Komunitate indigenak kolpatzen dituzten makroproiektuez ari dira, batzuk Lopez Obrador berak babestutakoak.

«Lopez Obrador ziniko hutsa da. Espainiari barkamena eskatzeko exijitzen dio, baina, aldiz, uneotan bertan kapital espainiarrak gure lurrak mehatxatzea onartzen du», salatu du Carlos Gonzalez Mexikoko Kontseilu Indigena Nazionaleko kideak. Bere iritziz, duela 500 urte espainiar konkistarekin egun Mexiko den lurraldeetan gertatutakoa salatu behar da, baina urrats bat gehiago eman behar da: uneotan bertan komunitateak zuzenki mehatxatzen dituzten planak gelditzea. Esaterako, Morelos Plan Integrala. Egitasmo horren baitan, Huexcan, Morelos estatuan, bi zentral termoelektriko eraikiko dituzte. Plan horren aurkako nekazarien buruzagi bat otsailean erail zuten, Lopez Obrador jada Gobernuan zela. Kontseilu Indigena Nazionaleko kideak gogor kritikatu du presidenteak azpiegitura horrekiko jarrera aldatu izana. «Hautatua izan baino lehen kontra zegoela adierazi zuen, baina orain, berriz, behin Presidentetza lortu duela, defendatu egiten du», salatu du Gonzalezek.

Tren Maia da herri indigenen haserrea sortzen duen beste egitasmoetako bat. Chiapas estatuko Palenque hiria Quintana Roorekin batuko duen azpiegitura da. Bertan Cancun edo Tulum daude, Mexikoko helmuga turistiko nagusienetariko bi. Lanok 6.000 eta 8.000 milioi dolar bitarteko kostua izango dutela aurreikusten da, eta Lopez Obradorren Gobernuak Mexikoko hegoalde pobreko ekonomia berpizteko planen artean kokatzen du egitasmoa. Zehazki, Erdialdeko Amerikako migrazioa jasoko duen industrialde bat sortzea da xedea, baina komunitate indigenen oposizioa aurkitu du. Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. hitzarmena ardatz, kontsulta bat egiteko exijitzen dute.

Hitzarmen horren arabera, jatorrizko herriek haien iritzia eman behar dute haien lurraldeetan proiektatzen diren egitasmoen gainean. «Gure nahia lapurreta buka dadila da, konkista gerra bertan behera geratzea eta Estatuak bere politika kolonialak aldatzea, enpresek gure lurretatik bota ez gaitzaten», azaldu du Gonzalezek.

Lopez Obrador eta mugimendu indigenaren arteko harremana ez da beti erraza izan. Gaur egungo presidenteak erraz irabazi zituen iazko uztailaren 1ko hauteskundeetan, Kontseilu Indigena Nazionalak bere hautagaia aurkeztu nahi izan zuen, Maria Jesus Patricio Martinez, Marichuy. Aldiz, indigenek ez zuten lortu hautagaitza aurkezteko beharrezko sinadura kopurua. Lopez Obradorrek Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduan sartzea eskaini zion, baina Marichuyk uko egin zion.

1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zen EZLN gerrillaren ustez ere «desengainua» izan da Lopez Obradorren hautagaitza. «Paradoxikoa da oso horrelako eskaerak egitea meatzaritza arloko korporazioak edota enpresa eoliko eta hidriko erraldoiak birkolonizazio prozesu betean ari diren bitartean. Paradoxikoa da barkamena eskatzea exijitzea duela 500 urteko botere inperial batek egindakoagatik egun sakontasun izugarriko birkolonizazio enpresariala ematen ari denean», nabarmendu du EZLN gerrilla zapatistaren aholkulari izandako Gilberto Lopez y Rivas antropologoak.

«Egun egitasmo estraktibista edo desarrollistek sortutako 500 gatazka baino gehiago daude. Herriak birkolonizazio prozesu horren aurka borrokan ari dira. Ate-joka den gerra berritua da. Herri antolatuak gero eta gehiago dira», gaineratu du Lopez y Rivasek.

Lopez Obradorrek espainiar monarkiak barkamena eskatzeko bere proposamena egin zuenetik, egoera bitxi bat ere ematen ari da Mexikon: indigenen eskaerak inoiz entzun ez dituzten komunikabideak haien iritziak zabaltzen ari dira Gobernuaren ekimena zalantzan jarri asmoz. Ikusteke dago, hori bai, presidentearen aurkako zarataren gainetik zer jarrera hartuko duten komunikabideok indigenak egitasmo desarrollistez, haien benetako kezkaz, aritzen direnean.