GAUR8
PALEONTOLOGIA BIRTUALA

Abian da aztarnategi paleontologikoen lehen katalogo digitala

Aztarnategi paleontologikoetan zehar ibilbide birtualak egitea edonoren eskura dago. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Errioxako Unibertsitateko zenbait ikertzailek Errioxako Aztarnategi Paleontologikoen Katalogo Digitala abiatu dute. Urte eta erdi barru ikusgai eta eskuragai egongo da aztarnategi horien informazio guztia.

Edonoren eskura egongo da aurki aztarnategi paleontologiko batean zehar ibilaldi birtuala egitea. Oraindik orain prestatutako protokolo batek errazten du aztarnategi paleontologikoen geolokalizazioaren berri jakitea, aipamen bibliografikoak eskuratzea, aztarnategi horrek zer lege babes duen ezagutzea, planoak eta argazkiak ikustea, eta ikatz-ziriz egindako dinosauroen aztarnen zirriborroak eta 3Dn egindako ereduak deskargatzea.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen Dokumentazio Geometrikoaren Laborategiko eta Errioxako Unibertsitateko Paleontologiako Katedrako ikertzaileak Errioxako Aztarnategi Paleontologikoen Katalogo Digitala sortzen ari dira, eremu paleontologiko bateko aztarnategien lehen online inbentarioa. Errioxako Gobernuaren babesa duen ekimen horren arduradun nagusiak Angelica Torices Paleontologiako Katedrako zuzendaria eta Alvaro Rodriguez Miranda eta Jose M. Valle Melon UPV/EHUko ikertzaileak dira.

Ondarea zaintzeko eta ezagutarazteko proiektu aitzindaria da, lehenengoz formatu digitalean jasota egongo baita eremu paleontologiko bateko aztarnategiei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia. Katalogo horretarako Internet bidezko sarbidea guztiz askea denez, haren erabilerak xede zientifikoa zein dibulgatzailea izan dezake. Izan ere, Angelica Toricesek dioenez, gaur egun aztarnategiei buruzko informazioa oso sakabanatuta dago; «kasu askotan, ikertzaileen artxibo pertsonaletan dago, formatu analogikoetan (papera, diapositibak, ikatzezko kopiak, eta abar), digitalki dibulgazio estandarretara egokitu gabe; informazio hori guztia galtzeko arriskuan dago, gainera». Katalogoak datu horiek bildu, teknologia berrien bidez eskuratutako beste material batzuk gehitu eta dagokien testuinguru espazialean kokatuko ditu. Beraz, eskualdeko aztarnategi paleontologikoen gaineko informazio oparoa jarriko dute interesa duten guztien eskura.

Lagin bat erabilgai

Lana urte eta erdi barru amaitzea espero dute; edonola ere, dagoeneko Enciso udalerriko (Errioxa) Valdecevillo aztarnategiari buruzko materiala eskuragarri dago Errioxako Gobernuaren IDERioja web plataforman, komunitate zientifikoarentzat ez ezik, nahi duen ororentzat ere bai.

Prestatu duten protokoloa “Palaeontologia Electronica” aldizkarian argitaratu dute. Jose M. Vallek eta bere kolaboratzaileek idatzitako artikuluan proposatu duten protokoloak horrelako katalogo digitalak egiteko balio du, edozein aztarnategiri buruz dagoen informazioa modu estandarizatuan gorde, eguneratu eta partekatzeko. Halaber, artikuluan Valdecevilloko aztarnategiaren kasuan protokoloak izan duen aplikazioa erakusten dute: azken 30 urteetan aztarnategi horretaz sortu den informazio guztia (argazkiak, diapositibak, planoak, marrazkiak, artikuluak, zirriborroak, eta abar) berrikusi eta sailkatu egin dute, baita ostean hautaketa egin eta digitalizatu ere.

Materialok guztiok teknologia berriei esker lortutako datu gehiagorekin osatu dituzte, lan ugari egitea eskatzen zuen eskaneatze prozesu luze baten bidez. Aztarnategia garbitu dute, erreferentziazko topografia ezarriz geolokalizatu dute, kamera digitalen bidez, droneen bidez eta zehaztasun milimetrikoa ematen duten argi egituratuko eskanerren bidez argazkiak atera dituzte, eta laborategian fotogrametria egin eta hiru dimentsioko ereduak egin dituzte.