Izaga, Xabier
IKUSMIRA

ZORU ETIKOA ETA ZORU ZITALA

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzako zorua zapaltzen ari dira. Herritar guztiena den edo beharko lukeen zoru hori benetan etikoa izan dadin nahi dute. Aldi berean, Txus Martin basauriarra Basurtuko Ospitalean da, bihotzeko ebakuntza egin berritan. Ospitaleetakoa da hamazazpi urtean inoiz edo behin zapaldu duen zoru etiko bakarra. Bilboko ordezkaritzan direnek erakunde horren teilatuaren itzala denen babes izan dadila dute aldarri, baita zoru zitalean izan ohi direnena, etengabeko erasoa den teilatupean izan ohi direnena ere. Ospitalean da Txus Martin, herritar guztiena omen den erakunde horrek bidalitako «babesa» gelan duela, zoru etikoa zapaltzeko botatzarrak jantzita, armak aldean. Eta Bilbon elkarretaratutakoek hor segitzen dute, zoru etikoa zapaltzeko bihotzeko ebakuntza edo eskizofrenia paranoidea behar dutenek ospitalean horrelako «babesik» izan ez dezaten. Bihotzeko gaixotasuna edo eskizofrenia paranoidea dutenek zoru zitalik zapaldu behar izan ez dezaten. Xabier Izaga Gonzalez