Joana Garmendia

Hitzen ondoeza

Esan izan da hizkuntza dela gizakiok animaliengandik bereizten gaituena. Ez dakit egi-egia den. Komunikatu, behintzat, badirudi beste espezie batzuk ere komunikatzen direla, nahiz eta ez duten gure hizkuntza bezain garatua den biderik horretarako. Hizkuntza zeri esaten diogun, hor egongo da gakoa. Egia dena da, nik uste, hitz egitearekin lotzen dugula gure gizatasuna neurri handian. Eta ez soilik gainerako animalia-espezieetatik bereizterako orduan.

Haurrak pixkanaka hasten dira hizkuntzaz jabetzen. Kuriosoa da ikustea nola hasten diren hitzak erabiltzen, pixkanaka hitz horiek josten, esaldiak luzatzen eta, oharkabean, gramatikaren arauak barneratu eta hizkuntzarekin jolasean. Esapide eginak ikasten dituzte gero, eta metafora, eta ironia. Gezurretan ere ikasten dute, bai. Hitz egiteko eta, bidenabar, komunikatzeko gaitasuna lortzen duten heinean jokatzen dute haurrek ere gizakiago, arrazionalago, harremanetan iaioago.

Zahartzean, ostera, asko dira hitz egiteko ahalmena galarazten diguten gaitzak. Beste gaitasun batzuk galtzen ditugulako galduko dugu, akaso, hizkuntzaren dominioa ere. Arrazoitzeari, errealitatea hautemateari, oroitzapenak kudeatzeari eta gisako gogo-ahalmenak egoki erabiltzeari uzten diogulako, esan nahi dut. Baina, iruditzen zait, hitz egiteko ezintasunak azaleratzen dituela ondoen galera horiek guztiak. Komunikatzeari uzten diogunean galtzen dugula neurri handian, nola esan, gizatasuna.

Gure aitak sei urte eman zituen garuneko gaitzak jota, pixkanaka itzaliz. Pixkanaka, gaitasunak banan-banan galduz. Hizkuntza erabiltzeko orduan egin zituen aldeek erakusten zuten, argien, bilakaera hori.

Hizkuntza izan zuen langai bizi osoan aitak. Hizkuntza ez zuen, bada, komunikatzeko tresna hutsa –aztergai ere bazuen–. Horrexegatik, akaso, zen oso nabarmena bere gaitzaren arrastoa: hizkuntzaren gaineko ezagutza galdu aurretik galdu zuen, neurri batean behintzat, hizkuntza erabiltzeko gaitasuna.

Hitzak nahasten hasi zen aurrena. Jatekoari gatza falta zitzaiola esan nahi, eta hotza zegoela esaten zuen. Musika baxuegi zegoela adierazi nahi, eta urruti zegoela esan. Nahastu egiten zituen hitzak, bai, baina ez edonola: bi kontrako pare nahasten zituen, baina gaziari ez zion inolaz ere hotz esango; baxuegi zegoenaz ez zuen gertu zegoela esango. Bazuen zentzua, bere neurrian. Galdu ere arauren baten arabera galtzen ditugu hitzak, dirudienez.

Galera arraroagoa etorri zitzaion gero: zekizkien hizkuntzetatik bakarra gogoratuz esnatzen zen egun batzuetan. Jaikiko zen goiz batean eta frantsesez hitz egingo zigun; ez zigun ulertuko euskaraz erantzunez gero. Berdin, beste egunen batean, gaztelaniarekin, edo italierarekin. Gure aitarekin sekula erdaraz izan ditugun elkarrizketa bakarrak izango ziren horiek, seguru.

Gramatikaren arauak ez, horiek ez zitzaizkion inoiz kamustu. Oso amaieran ere, ia hitzik egiten ez zigunean, zuzendu egiten gintuen, zerbait oker esan genuela entzuten bazigun. Hura ezagutu zuena ez du gehiegi harrituko horrek, hori ere hala da.

Hizkuntzaren arau orokorragoak ere nekez galdu zituen amaierara arte. Denborak ziren ez gintuela etxekoak ezagutzen, baina mahaiaren bueltan jarrita hika egiten zion anaiari, zuka niri. Beti egin zigun bezala.

Ixildu zen arte. •