Ane Urkiri Ansola
Elkarrizketa
Maite Zugarrondo
Bera Berako atezaina

«Bizitza bat eraiki dut, amets bat bizitzen nengoen, eta, patuaren ondorioz, beste bide batzuk aukeratu ditut. Pozik nago»

Bera Beran eman ditu azken bost urteak. Aurten goi-mailako eskubaloia uzteko erabakia hartu du, bere bi iloben zainketan kontzentratzeko. Egonkortasun bila joango da Iruñera, baina Pasai Donibane guztiz utzi gabe. Ikur bilakatu da.

Maite Zugarrondo (Iruñea, 1989) kontent dago, ziur dago hartu duen erabakiarekin. 2017tik gaur arte goi-mailako eskubaloia eta bi iloben zainketa uztartu behar izan ditu «nola edo ahala», eta etapa bat ixteko unea iritsi dela uste du. Eskubaloia utziko du, ez du Bera Beraren atea gehiago defendatuko, baina zale handiena izango da. Ikusleek maitasunez gogoratuko dute. Azken bi urteetan kirol arloan itzalean egon da, perikarditis gaitza eta iloben zainketa tarteko, baina Bidebietan txalo zaparradak jasotzen jarraitu du azken egunera arte. «Pasai Donibane eta Donostiako maitasun guztia gordetzen dut. Ederra izan da. Ez dut sentitzen guztiz joango naizenik. Pasai Donibane eta Bera Bera umeen bizitzaren parte izatea nahi dut».

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Oso arraroa da guztia. Nik orain arte zuhurtziaz eraman dut gaia; ez dut behar jendeak jakitea edo honen inguruan drama bat egitea. Kluba arrazoi zehatz batzuengatik eskertzea zen nire asmoa. Ez izatea eskerrik asko huts bat, hori mila aldiz esan diet-eta. Klubari esker kontziliatu ahal izan dudala jakinaraztea nahi nuen.

Zure egoera publiko egitea pentsatuta zeneukan?

Bai, pentsatuta nuen arrazoia azalaraztea. Ez nekien nola, eta pentsatzen jartzen nintzen bakoitzean negar egiten nuen. Prentsaurrekoan ez nuen negar egin nahi, sekula ez nuelako azalpena bukatuko. Hunkitu egin nintzen momentuan, eta horregatik luzatu zen apur bat. Baina esateko beharrizana nuen, hemengo hedabideentzat bazen ere. Nire asmoa ez zen hedapen handia izatea, baina horrela atera da eta ondo dago.

Klubaren inplikazioa eskertu nahi zenuen, ezta?

Lehenengo momentutik ulertu naute. Hau guztia 2017ko udatik dator. Umeak jada egoera zail batean zeuden eta ni hori aztertzen nengoen, beraien ibilbidea ikusi eta beraiekin ea zer gertatzen ote zen galdetzen. Jakiteko. Umeak egoera kaltegarrian zeuden gurasoekin. Gizarte zerbitzuak zeuden tartean eta babesgabetasun egoera bat deklaratzera heldu ziren, gurasoak ez baitzeuden umeak zaindu eta hezteko moduan. Guraso ahalmena kendu zieten eta haurrak adin txikikoen zentro batean egon ziren bost hilabetez, Iruñean. Prozesu horretan, zentroa umeen kargu zen bitartean, gurasoen senitartekoen artean egokitasun balorazio bat egin zuten, umeak nork har zitzakeen aztertzeko.

Egokitasun analisia nahiko sakona izaten da eta erabaki zuten ni nintzela aproposena. 2017-2018 sasoiko denboraldi-aurrea hastear zegoela, gainera, perikarditis gaitza izan nuen eta hortik hilabetera umeak nirekin zeuden.

Umeen tutoretza nik jasoko nuela espero zenean, klubarekin hitz egin eta egoera azaldu nien, eta, jarraian, niri laguntzeko lanean hasi ziren. Etxe propio bat behar nuen, umeekin egoteko, eta esfortzu hori egin zuten hirurok ongi egon gintezen. Erraztasun guztiak jarri dizkidate.

Nola heltzen da horrelako egoera batera?

Nire anaia eta bere emazte ohiaren umeak ohikoa ez den egoera batean zeuden. Ezin dut gehiago zehaztu, baina ez zituzten betetzen behar bezala bizitzeko baldintza minimoak. Nafarroako Gobernuko adin txikikoen babes programaren barruan, ez dizute zainketa guztiz kentzen lehen aukeran. Hasieran, familian adostutako neurriak hartzen joaten dira, beharrezko gizarte zerbitzuak martxan jarriz. Hobekuntzarik ez badago, egoerak guztia gainditzen du. Erabakitzen dutenean gurasoak ezin direla umeen kargu egin, bilaketa prozesua hasten da: senitartekoren batek hartzen ditu edo adin txikikoen zentrora bidaltzen dituzte. Familian daukagun dramaren barnean, pentsatu zuten ni egokia nintzela.

Zalantzarik egin zenuen?

Ez. Hau egokitu aurretik ere umeak gaizki zeuden eta ni beraien atzetik nenbilen, noski. Formakuntzaz erizaina izateaz aparte, beraien izeba naiz eta beraien ongizatea nahi nuen. Ez nekien hautagaia izan nintekeenik, ez nintzen eskaini ere egin, ez nuelako pentsatzen egokia izan nintekeenik. Baina zer gertatzen zitzaien jakin nahi nuen, muturreko egoera batera heldu ez zitezen, ezer larria gertatu ez zedin umeei aurrera jarraitzeko aukera eman bitartean.

Zenbat urte dituzte?

Lau eta sei urte. Nik hartu nituenean bi eta bost urte zituzten. Pasai Donibanera etorri ziren, beren hiritik urrundu nituen, beraientzat ia berria zen hizkuntza bat ikastera, jende berriarekin, ni ere “berria” nintzen beraientzat... Izugarriak dira eta oso ondo egin dute. Prozesu honetan ezin izan dute beste inor ikusi guztia lasaitu arte, eta horrek suposatzen zuen nik ere ezin nituela senitartekoekin pasa Gabonak edo oporraldiak. Nirekin moldatu behar ziren. Gurasoekin bisitak dituzten arren, orain ni naiz beraiek zaintzen dituena.

Horrek guztiaren erdian, perikarditisa izan zenuen.

Bai, eta kasu honetan onerako izan zen [barre egiten du]. Kirolerako oso gaizki etorri zitzaidan, baina, bizitza berrirako, bikain. Hiru hilabete egon nintzen bajan eta nire egitekoa deskantsatzea zen. Horri esker, umeak zaindu eta hiruron artean bizitza berrira moldatzen jarri nintzen buru-belarri. Talde bat gara, talde indartsua. Talka sekretua eta dena daukagu [barrez].

Karga emozional handiarekin iritsi ziren, motxila handiarekin. Pixka bat basati zetozen, mugarik gabe, eta lana suposatu du. Baina orain begiratu eta ume normalak dira, beraien ikaskideekin jolasten dutenak, ikastolara doazenak, bertan erritmo onean arituz gainera. Sinpleak dira. Ez dute gehiago behar. Egoera zail batetik atera dira eta gainontzekoekin konparatuz gero ezberdintasunak dauden arren, maitagarriak dira.

Nola moldatu dira Pasai Donibanera?

Pasai Donibane ederra da. Eta Pasai Donibaneko alabak dira, guztiek maite dituzte. Maitagarriak dira beraiek ere. Guztiek eskaini didate laguntza, eta, alde horretatik, Pasai Donibane aukerarik onena izan da. Plazara doaz eta beren ikaskideekin elkartzen dira eta nik jada badaukat kuadrillatxoa gainontzeko amekin...

Taldekideekin kafe uneak elkarbanatzetik ikastolako amekin partekatzera.

Aldaketa handia da, bai. Entrenatu osteko garagardotik ikastola osteko kafera pasatu naiz! Orain inguruan taberna daukaten parkeetara joaten naiz. Azkar ikasi nuen, kafe edo infusio bat hartzen zauden bitartean umeak euren kabuz jolasten uzteko.

Eta orain, Iruñera buelta.

Bai, etxera itzultzen gara. Egoera egonkortu da. Orain arte behin-behineko zainketa zen. Bien bitartean, umeak errekuperatzeko plan bat aurkezten zaie gurasoei. Epe bat dute eta ezartzen zaien programako baldintza guztiak betez gero, zaintza errekuperatu dezakete. Bi urte horiek bete aurretik, ordea, behin betiko zaintza eskaini zidaten, eta, horregatik, irtenbide batean pentsatzen hasi nintzen.

Nik ere txipa aldatu dut, ama izango naizen ideia barneratu dut. Iruñea gure etxea da. Bertan ditut lagunak, bertan dago nire ama eta errazagoa izango da dena uztartzea. Bestela beti nago laguntza eske eta ez zait gustatzen, nahiz eta badakidan jendeak modu desinteresatuan egiten duela.

Hori esanda, Karmele Etxarri nabarmendu nahiko nuke. Bera izan da gehien lagundu digun pertsona, berak zaintzen ditu umeak eta egin duen lana ordainezina da. Ordaintzen nion baina egin du taldearen parte sentitzen delako; Karmele talde indartsukoa da [barrezka]. Izugarria da, eta umeentzako figura bat bilakatu da. Horregatik, hain zuzen, pena ematen dit figura horretatik aldentzea. Badakit hor edukiko dudala bizitza osorako, baina orain ezberdina izango da.

Lan arrazoiengatik itzultzen zara Iruñera?

Talde bezala hazteko Iruñea da egokiena. Aukera gehiago ditut lan egiteko. Erizaina naiz, baina horrekin zerikusirik ez duen lan bat aurkitu dut bertan. Ekonomikoki ez da onena, baina eroso izatea bermatzen dit eta ordutegi aldetik onena da.

Bidebietako azken neurketan, bukaerarako bi minuturen faltan, hunkitu egin zinen. Zer bururatu zitzaizun? Edo Donostiako martxa entzuteagatik izan zen?

Ikusleekin izan dudan konexioak egin zuen unea berezi, zeren denboraldi honetan jokoan eman dudana... Neurketa egokia zen guztiok jokatzeko. Taldearen aurkezpenean jada asko txalotu ninduten.

Beti txalotzen zaituzte asko.

Bai, maitasun asko dago. Hor dago konexioa, Bera Bera nire etxea da. Kosta zitzaidan ez hunkitzea. Eutsi egin nuen jokoan sartu eta geldiketaren bat egin arte, guztiok ospatzeko. Azken unean buruari bueltaka hasi nintzen eta, hain justu ere, Donostiako martxa abesten hasi ziren. Ezin izan nion negarrari eutsi.

Ondoren, ospatu egin zenuten. Zer ospatu zenuten?

Denboraldi luzea izan dela ospatu genuen. Ni fisikoki ondo nago, ez dut asko jokatu kanpoko neurketetara ez joateko aukera sortu zitzaidalako. Hiru atezain geunden eta lehiakortasun handia dago. Merche [Castellanos] eta Renata [Arruda] oso atezain onak dira eta jokatzea oso zaila izan da. Jokatu ditudan minutuetan ondo aritu naiz [Euskal Kopan jokalari onena izendatu zuten], eta entrenatzaileak konfiantza zuen nigan, baina erabakiak hartu behar dira.

Gau asko dira etxetik at eta asko kezkatzen ninduen horrek. Une batzuetan abandonatuak sentitu diren umeak berriro horrela sentiaraztea... Dena da psikologikoa. Beheraldi asko eduki ditut. Nahiz eta emakume alaia izan, izan ditzaket horrelako uneak, ezta? Bizitza bat eraiki dut, amets bat bizitzen nengoen, eta, patuaren ondorioz, beste bide batzuk aukeratu ditut. Eta ni pozik nago. Jokoan ez dut asko eman, baina hala ere taldeak kontratua luzatu nahi zidan. Are gehiago, Iruñean ezer ez banuen edo gauzak txartuz gero, jarraitzeko aukera dudala ere esan dit Tati Garmendiak. Eta hori ez da beti gertatzen.

Zergatik izango da?

[Pausaldia] Ez dakit. Nire etapa oso polita izan da, baina aurtengo sasoia oso luzea izan da. Justu-justu uztartu ahal izan ditut bi urtez goi-mailako eskubaloia eta egoera familiarra.

Ezinezkoa da?

Oso zaila da, baina ez da ordutegi kontua. Bera Berak denbora eta konpromiso handiena eskatzen dizkizu; eta egun, nire kasuan, umeak zaintzeari eskaini nahi dizkiot nire denbora eta konpromisoa. Behin-betiko zaintza eman zidatenean hartu nuen erabakia, baina, batez ere, etxeko gauzak lanera eramatean. Lehen etxean asteburuko partidarako prestatzen nintzen. Lehentasunak aldatzen doazen heinean erabaki bat hartu beharra duzu.

Une gogorretan umeak hauspo izan dira?

Mundu guztiak babestu nau, baina umeak bai izan dira ezkortasuna ezabatzeko baliagarriena. Eta ezkortasuna alde batera utzi behar da, bestela zapuztu egiten zara. Beraiek helarazten duten alaitasun eta energia oso positiboa da. Talde bat gara. Beraiek ni babesten naute, eta, nik, beraiek.

Patuak eraman zaitu egoera honetara. Beste erretiro bat gustatuko litzaizuke?

Ez dakit zer esan. Erabaki bat hartzen dudanean, ondorio guztiekin hartzen dut. Hau da erabakia, ez dago beste aukerarik. Bi ume izateak ere zaildu egiten dizu beste talde batera joatea. Umeak hemen –Donostian edo Pasai Donibanen– edo Iruñean egon behar dute, ezin dira atzerrira joan. Ez dut horretan pentsatu ere egin. Beste zerbait gustatuko litzaidakeela? Hau dago eta kito!

Azken neurketa Alcobendasen jokatu duzu. Bi urtez jokatu zenuen bertan.

Bi urte intentsu izan ziren eta hainbeste lagunen babesarekin agur esatea... Bideoa sare sozialetan zabaldu zenetik mezu guztiei ezin erantzunda nabil. Iritsiko naiz guztiei erantzutera! Maitasun horrekin guztiarekin geratzen naiz. Garaikurrak gustuko ditut, baina ez dut uste porrot egin dudanik; hainbeste babes ikusita, ate nagusitik irtenda noa.

Orain Bera Beraren zaletu amorratuena izango zara.

Bai. Ezin izango naiz neurketa guztietara hurbildu, noski, baina ederra izango da eskubaloia beste era batera bizitzea. Pixka bat aldenduta, distantziatik. Eguna pasatzera etorriko gara Gipuzkoara. Pasai Donibane bisitatuko dugu, bazkaltzera joango gara, ondoren kamiseta urdina jantzi eta Bidebietara. Kezkarik gabe. Gogoz animatuko dugu, eta, itzulerako bidaian, umeek kotxean lo hartuko dute [barrez].

A ze plana! Horrela kontatuta zergatik ez duzu erabakia lehenago hartu?

Egia [barrezka]. Partidak kezkarik gabe ikustea izango da onena. Oso gogorra da aulkitik egitea. Orain, disfrutatzera!

Irabazten denean, dena beti da errazagoa. Nola bizi izan zenituen Granollers eta Valladolideko porrotak?

Irabazten duzunean, hori egin behar zenuen, eta, galtzen duzunean, guztien ahotan zaude. Horrelakoa da talde irabazle batean jokatzea. %200ean jokatu behar duzu beti eta zaila da intentsitate horri denboraldi osoan eustea. Eta huts egiten baduzu, aukera guztiak galtzen dituzu. Gal dezakezu, baina, era berean, ezin duzu.

Guztia irabazi duzu. EHF Kopa irabazi zenuen Itxakorekin eta Txapeldunen Kopako txapeldunorde izan zinen.

Bai, beno, tira. Itxakon nengoela, Silvia Navarro zen gehien jokatzen zuen atezaina. Ondoren atzerritar bat zegoen, baina denbora asko eman zuen min hartuta, eta hor nengoen ni, etxeko atezain gisa. Taldeko kidea nintzen, baina ez nuen kalitatezko minuturik jokatu. Eta Bera Berarekin Estatu espainoleko txapelketa guztiak irabazi ditut, bai. Baina ez naiz hasi garaikurrak zenbatzen.

Ba al zara lortu duzun guztiaren kontziente?

Ez. Uzten dudanean jabetuko naiz. Orain artekoa egin beharreko gauza bat zen. Ospatzen duzu, bai, baina irabazteko bizi zara. Talde irabazle batean sentitzen zara eta ondo dago, une batez, norbaitek gelditzeko esan eta irabazi duzunaz ohartaraztea. Ez kirolean bakarrik, baita bizitzan ere.

Irabazteko bizi izan zarela diozu. Orain, zer?

Hori da galdera. Lehiatu, lehiatu eta lehiatzen jarraitzearen alde hori da eskubaloia eta bizitza pertsonala uztartzea zailtzen duena. Eta nekagarria da. Nire kasuan, %200ean entrenatu behar nintzen eta beti ondo egin minuturen bat jokatu ahal izateko. Ondo egote horrek suposatzen du bizitza familiarra ezin duzula eraman entrenatzera eta neke handiegia da. Amaiera behar du.

Eta iritsi da amaiera.

Bai. Presio handiegia da eta psikologikoki ondo egon behar duzu. Ez bazaude ondo, bikoitza da sufrimendua. Zure errendimendua ez delako ona, ez zaude gustura zure buruarekin, eta, gainera, familia egoerari aurre egin behar diozu.

Baduzue psikologorik?

Iaz bageneukan, baina ez ditu esparru guztiak hartzen. Kirol-psikologoa zen eta ondo dago. Erreminta asko eskaintzen dizkizu. Baina aurten ez dugu izan. Aurrekontua mugatua da eta hautatu egin behar duzu: edo 18 jokalariko talde lehiakor bat osatzen duzu guztiagatik borrokatzeko edo psikologoa izatea hautatzen duzu.

Tristea da talde arrakastatsu batean ez izatea nahikoa baliabide erreminta guztiak edukitzeko. Aurrera goaz?

Aurrera joaten saiatzen gara. Bagoaz zerbait lortzen, baina poliki, bide asko dago egiteko. Bera Bera talde profesionala da, jokalari guztiek dute lan hitzarmena eta guztiek nahi dute hona etorri. Bera Beraren baldintzak ez ditu beste inork.

Guztiek ospatzen dituzte zuen arrakastak. Baina zergatik jarraitzen duzue aurrekontu mugatuarekin?

Guztiok galdetzen dugu zergatia. Ikusgarritasun mediatikoa hor dago, handitzen doa, baina sortzen duenak irabazten du. Eta nor arduratzen da edukia sortzeaz? Zer jarraipen dugu hedabideetan? Gauza asko irabazi behar dituzu zure minutua izateko. Ikusgarritasun gehiago behar dugu, baina, ondoren, eroso bizi ahal izateko are gehiago falta da.

Zu ezagun bihurtu zara bat-batean. Zertarako balio dizu?

Notizia izaten ari naiz, kontziente naiz. Orain arte ez nintzen jabetu erreferente izan nintekeenik kontziliazioaren aferan; edo, agian, gai berezia dela da. Publiko egin eta balioa emateko balio du, baina ez du egoera hobetuko. Zerbait mugitzen gabiltza eta oso garrantzitsua da.

Nola laburbilduko zenuke zure Bera Berako ibilbidea?

Atezain umil gisa iritsi nintzen. Kirol arloan hiru urte on izan ditut eta azken bietan ez naiz izan hain erabakigarria. Hamar urte pasa izan balira bezala hazi naiz bost urteotan. Talde baten parte izatetik harago dagoen hazkuntzarekin geratzen naiz. Estatu espainoleko talderik onenean egon naiz eta pribilegiatu bat naiz.