Juantxo EGAÑA

Jesuitak, 1932an Errepublikak kanporatuta

1932ko urtarrilaren 23an, Azaña buru zuen Gobernu errepublikano espainiarrak Jesusen Lagundia desegiteko dekretua sinatu zuen. Haren ondasunak Estatuaren jabetza bihurtu ziren. “La Voz de Guipúzcoa” egunkari errepublikanoak honako lerroburu hau atera zuen bere lehen orrialdean: “Bart gauean dekretu bikaina sinatu zuten”, eta dekretu haren xehetasunak azaltzen zituen. “El Pueblo Vasco” eta beste egunkari batzuek «dekretu mingarri baten» garrantziaz hitz egin zuten. Besteak beste Jose Ariztimuño Aitzol apaiz abertzale ezagunak sortutako “El Día” egunkaria desegite dekretuaz mintzatu zen bere lehen orrialdean, euskal estatutuaren aldeko kanpainaren gaineko izenburuen parean. Egunkari horrek otsailaren 3an berriro agertu zituen estatutuaren aldeko izenburua eta jesuitak kanporatzearen aurkakoa; besteak beste, honakoa zioten: «Badoaz Loiolako semeak, badoaz gure bihotzeko anaiak, baina Inazioren espirituak gugan dirau, Euskadiko mendiak bezain sendo, indartsu; gure Aberriaren ibarrak bezain lasai, bare…». Dekretuak 3.000 lekaide ingururi eragin zien. Pascual Marinek 1932ko otsail hasieran egin zuen irudi honetan, jesuita talde bat ageri da Irungo mugaren inguruan, beren gauzak dauzkan kamioi bat deskargatzeko zain.