2019/06/15

Erreportajea
«EMAKUME FABRIKA»
Indarkeria matxistaren eta kontsumoaren arteko lotura ikusarazi eta salatzeko ekimena

Indarkeria matxistaren eta ohiko kontsumoaren arteko loturaren gaineko hausnarketak «Indarkeria kontsumitzen dugu?» izeneko ikerketa egitera bultzatu zuen Setem Hego Haizea. Ikerketaren ondorioak ikustarazteko, dokumental bat egin zuten, eta oraindik orain dokumental horren web interaktiboa abiatu dute, salaketak eta proposamenak egiteko gunea, alegia.

Xabier Izaga Gonzalez
0615_setem1

Iragan martxoan “Fabricando mujeres” dokumentalaren web plataforma abiatu zuen Setem Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundeak. Dokumentala iragan azaroan estreinatu zuten, eta haren segida da parte hartzeko gune hori. Biak ere indarkeria matxistaren eta ohiko kontsumoaren arteko loturaren eta horren aurrean egon daitezkeen alternatiben gaineko hausnarketaren ondorio dira, eta Setem Hego Haizearen egitasmo beraren parte. Haren gaineko informazio bila, Jon Narvaezengana jo dugu.

Setem Hego Haizea erakundeko kideak dioenez, lehendabizi “Indarkeria kontsumitzen dugu?” ikerketa egin zuten, eta haren ondorioa zinez esanguratsua iruditu zitzaien. Izan ere, ikerketaren arabera, zaila da kontsumoan presente dauden indarkeria matxistak detektatzea, naturalizatuta, barneratuta daudelako, nork bere gain hartzen dituelako, gure gizartean ohikoak direlako, alegia.

Ikerketa hura oinarri zutela, dokumental bat egitea erabaki zuten jarraian, indarkeria horiek zeintzuk diren argitaratzeko eta emakumezkoen bizitzetan dituzten ondorioak ikustarazteko. Baina modu originalean egitea bururatu zitzaien, sarritan ikerketak ez baitira erakargarriak, Narvaezek dioenez. Hartara, Al Borde Films ekoiztetxearekin harremanetan jarri eta «bi mundu» asmatu zituzten, Emakumeen Fabrika eta Maiteren Lantegia. “Fabricando mujeres” dokumentala Zinebi Festibalean aurkeztu eta ondoren aurkezpen bira bat egin zuten.

Filmak ikerketaren hainbat ondorio agerian uzten ditu, baina, esan bezala, ezohiko moduan.

Dokumentala

Emakume Fabrika irakurtzen den atea antzinako lantegi bateko muntaketa-kate baterako sarrera da. Uhal garraiatzaile batean lo egiteko pastillak, takoiak, silikona litro bat, Barbie panpina, txupetea, kristalak garbitzeko produktu bat eta beste hainbat gauza ageri dira.

Fabrika bitxia da, dokumentalak salatu nahi duen egoera oso ondo irudikatzen duena: «Hona hemen Emakume Fabrika. Bertan ekoizten dira urtero ‘emakume idealaren’ milioika ale. Ekoizpena aurrera eramateko erabiltzen den eredua egungo eredu sozial nagusira ongien egokitzen dena da, AKHk (Aliantza Kapitalista Heteropatriarkala) agindutakoa, hain zuzen», irakurgai dago «ongietorri» mezuan. Eta jarraitzen du: «Fabrikatik diseinatutako metodoa dela bide, sistema mantentzea ahalbidetzen duen engranajeari ezin hobeki egokitzen zaizkio emakumeak, gehienbat lanaldi hirukoitzari esker: lanekoa, familiakoa eta pertsonala. Lorpen handienetako bat izan da produktu emakumeak berak izatea estereotipoen azken kontsumitzaileak, hain naturalizatuak, sortuak izatearen kontzientzia ere ez baitute!».

Estereotipo horiek kontsumitzeak eta integratzeak bigarren mailako ondoriok eragin ditzakeela ohartarazten du: «Aukera dago zuk indarkeria senti dezazun kontsumoaren bidez. Publizitatearen eta beste zabalkunde-kanal sotilago eta sofistikatuago batzuen laguntzaz, naturalizatu eta barneratu ahalko duzu».

Maiteren Lantegian, berriz, filmeko protagonista Maite ageri da, Itziar Aizpuru aktoreak antzeztua. Lantegiko hondarrak batzen ditu eta indarkeria matxistarik gabeko kontsumoa sustatzen duten asmakizun eta proposamen eraldatzaileak egiten ditu. Maitek bideo kanal bat sortu du, «nire sorkuntza-lan artistikoenak eta saltseroenak igotzeko», helburu berarekin.

Filmak, halaber, hainbat lagunekiko elkarrizketak eskaintzen ditu.

Web interaktiboa

Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundien, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gariza Films-en eta Emakunderen finantzazioa izan duen proiektu honen azken pausoa web interaktiboa izan da. Dokumentalean bezala, webean ere bi gune edo «bi mundu» daude, Fabrika eta Maiteren Lantegia. Lehenean sistema kapitalista irudikatzen da, eta bertan ekoizten dituen ereduak agertzen dira. Gune horretan salaketak egiteko atal bat dago, Erreklamazio Arloa, Twitter bidez #nos fabrican traolarekin salaketak jasotzen dituena: eguneroko kontsumoan detektatzen diren indarkeria matxisten salaketa bilduma. Bigarren gunean, Maiteren Lantegian, Alternatiben Laborategia dago, eta hor ere parte hartzeko toki bat dago, bideo, artikulu zein audio bidez alternatibak proposatzeko. Edonork bidali ahal ditu indarkeria matxistarik gabeko kontsumo bide bat eraikitzeko ekarpenak.

Atal horretan bideo-joko prototipoak, bideo-collageak nahiz askotariko asmakizunak daude, sorkuntzarako material gisa erabilgarri, indarkeria matxisten eta kontsumoen arteko harremanaren inguruan gogoeta egiteko. «Dena umore-ukituarekin; umore absurdoa, nik gustuko dudana», dio Maitek.

Liburutegi bat ere badago eskuragarri, Maiteren «irakurgai kutunenak» partekatzeko: “Indarkeria kontsumitzen dugu?” ikerketa eta beste hainbat eskuliburu, testu nahiz infografia ikusgai daude, kontsumo-eredu kapitalista indarkeria matxistak erabiltzeko tresna bilakatzen duten elementuen inguruan gogoeta egiten laguntzen dutenak.

Orain ikerketa luzatzen ari dira. Izan ere, lehen partean hiru esparru aztertu zituzten: etxeko produktuak, kosmetika eta produktu pertsonalak, eta gune publikoa. Orain esparru gehiago prestatzen ari dira. Luze gabe plazaratuko dute ikerketaren bigarren parte hori. «Ez dugu eperik, baina baliteke urte bukaerarako aurkeztea», dio Narvaezek.

Webgunean jende askok parte hartzen duen galdetu diogu Narvaezi. Kostatzen dela dio; hala ere, alternatiben gunean nabari dela parte hartze hori, badaudela proposamenak. Edonola ere, parte hartzea areagotu egin nahi dute.

Bitxia da Emakume Fabrika, baina dokumentalak salatu nahi duen egoera oso ondo irudikatzen du: «Bertan ekoizten dira urtero ‘emakume idealaren’ milioika ale»

Maiteren Lantegian bideo, artikulu zein audio bidez alternatibak proposatzeko aukera dago. Edonork bidal ditzake indarkeria matxistarik gabeko kontsumo bidea eraikitzeko ekarpenak