Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Testuingururik gabe

Aurrekoan eman zuten ETBn Gladys del Estalen hilketaren urteurrenaren harira eginiko saioa. Lagunen eta militantzia kideen, lekukoen, testigantzak. Garai hartako poliziaren jarrerari kritika. Piano musika melankolikoa. Borroka ekologistaren aldarri naive bat. Baina hori guztia, gertaeren testuinguru orokorretik urrun. 1979ko ekaina zen eta urte hura mugarri izan zen Euskal Herrian. Aipatu telebista saioan, egun berean beste ekitaldi bat, ez hain erradikala, omen zegoela dio Milagros Rubiok, Tuteran EMK alderdiko zinegotzia zenak. Baina telebista publikoko kazetariek ez dute uste hari horri tiratzea esanguratsua denik ikuslearentzat.

1979ko udaberrian giro optimista zegoen Euskal Herriko militantzia konprometituaren artean. Apirileko hauteskundeetan, Herri Batasuna bigarren indarra bihurtu zen, eta beste alderdi iraultzaileekin batera adostutako herri hautagaitzek ere emaitza bikainak izan zituzten. Aste batzuk baino ez ziren igaroak Konstituzioaren erreferendumetik. Askorentzat mezua argia zen: Euskal Herriak ez zuen Espainiako monarkiaren Konstituzioa onartu. Frankismoarekin apurketa lortzeko, bide berri bat irekitzeko aukera zegoen Euskal Herrian. Herri Batasunak bere hautetsiekin eta mugimendu herritarrekin batera, estatutu proposamen herrikoi bat eratzeko asmoa adierazi zuen. ETA militarra inoiz baino indartsuago ageri zen, gobernua negoziatzera laster eseraraziko zuela erabat sinetsirik.

Eskuinekoen artean beldurra hedatu zen. Tuteran inperialismoaren eta energia nuklearraren erabileraren aurka milaka lagun bildu ziren egun berean, Mendizorrotzako futbol zelaia ere mukuru bete zen. Gasteizera deitu zuten PNVk, PSEk eta Euskadiko Ezkerrak eta alderdi horietako hautetsi guztiak bertaratu ziren. Helburua, 1977an aukeratutako parlamentariek idatzitako estatutu proposamena bultzatzea eta herri mugimenduei eta alderdi iraultzaileei ekinbidea moztea. 1979ko ekainaren 3an bi mundu ikuskera zeuden aurrez aurre. Gasteizen bildutakoek politika gorbataz jantzitako gizonen esku utzi behar zela defendatzen zuten. Tuterara hurbildutakoek bestelako mundu bat exijitzen zuten, herritarren beharren arabera egituratutakoa eta elitearen interes berekoiak geldiaraziko zituena.

Horixe bera zen ekidin beharrekoa. Horixe bera zen gobernuak jomugan zuena. Horixe bera, beldurtu eta desaktibatu behar zena. Horretara joan zen polizia Tuterara. Nafarrei erakutsi behar zitzaien zer zekarren gobernuaren aurka egoteak: heriotza. Hori zuen basko matxinatuekin elkartzeak. Polizia, borrokak eta tiroak. Gladysen heriotzatik egun gutxira, Carlos Garaikoetxea nafarra aukeratu zuten Euskal Kontseilu Orokorreko (CGV) presidente. Berak negoziatu zuen, Moncloako jauregian eta herritarren begietatik urrun, autonomia estatutuaren azken bertsioa. Aldi berean, gobernuak Herri Batasunaren ekitaldi publikoak debekatu zituen uda hartan, Espainiaren batasunaren aurka zeudelako. Zenbait aste beranduago, Nafarroa estatututik kanpo mantentzearen aldeko jarrera adierazi zuten PSEko nafar buruzagiek eta Garaikoetxea lehendakari bihurtu zen. Bere lehen gobernuan, enpresa garrantzitsuetako goi-kargudunak. Energia nuklearraren aldeko jarrera argiarekin, euskal gobernu autonomikoa eratu zen Gladysen heriotzatik urtebete baino gutxiagora. Eta Alianza Popular-ek eta UCDk publikoki txalotu zuten. Baina ETBn nahiago dute horretaz guztiaz ez akordatu... •